Noiz arte dira erabilgarriak tuperrak?

Noiz arte dira erabilgarriak tuperrak? Erabileraz erabilera, zahartu egiten dira... ba al dakizu noiz erretiratu behar dituzun? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/noiz-arte-dira-erabilgarriak-tuperrak/@@download/image/portada-wp-tupper.jpg
2019/09/19

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Erabileraz erabilera, zahartu egiten dira... ba al dakizu noiz erretiratu behar dituzun?
Noiz arte dira erabilgarriak tuperrak?

Bazenekiten tuperrak Earl Tupper kimikari estatubatuarrak 1948an asmatu zituela? Hortik dator janaria gorde eta edozein lekutara eramateko balio duten plastiko, metal edota kristalezko edukiontzien izena. Etxetik kanpo bazkaldu ala afaltzen dutenentzat, ezinbesteko tresna dira tuperrak, baina... hilezkorrak ote dira?

Batez ere, plastikoz egindako edukiontziek dudak pizten dituzte, eta ez da harritzekoa; hain zuzen, tuper gehienak polipropilenoz eginda daude (beroari aurre egiteko gai den material gogorra eta egonkorra da) baina edukiontzi guztiek ez dute kalitate oneko plastikorik. Dudak badituzue, jakin Europako legedia betetzen dutenek sardeska baten eta kopa baten logoa eramaten dutela. 

Hala, logo hori duten plastikozko tuperrak erabat seguruak direla esan daiteke, baina kontuz; mikrouhin labean sartu aurretik, horretarako balio dutela ziurtatzea komeni da. Hala bada, ez da arriskutsua tuperrak mikrouhin labean sartzea. Dena den, argi izan tuperrak ez direla betierekoak; iraungitze data dute, eta horren seinaleak argi ikusi daitezke. 

Plastikozkoak badira, erabileraren poderioz janari orbanak gehitzen joango dira; horrekin batera, mikrohuin labean behin eta berriro sartzeak edukiontzia deformatzen amaitu dezake, beroaren poderioz. Gaizki itxi daiteke, usain arraroak pilatu... tuperrari agur esateko unea iritsi den seinale!