Noan, Udaz eta Ayvee arituko dira Eibarren, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren baitan

Noan, Udaz eta Ayvee arituko dira Eibarren, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren baitan Leire Dallasek dantza masterclassa emango du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/noan-udaz-eta-ayvee-arituko-dira-eibarren-gipuzkoan-gazte-tour-ekimenaren-baitan/@@download/image/leire dallas.png
2024/10/25
Leire Dallasek dantza masterclassa emango du.
Noan, Udaz eta Ayvee arituko dira Eibarren, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren baitan

Gipuzkoan Gazte Tour 2024 ekimenak musika eta arte eszenikoak ditu ardatz, eta baita tokiko talentua hauspotzea eta gazteen gustuko kultura-esperientziak eskaintzea ere. 

Larunbatean Eibarren izango da hitzordua. Leire Dallasek masterclassa emango du 11:30etik aurrera, Ipurua kiroldegian. Leire Urquijo, Leire Dallas izen artistikoa duena, Errenterian jaio zen eta gaur egun Madrilen bizi da. Esperientzia handia du dantzan eta irakaslea eta koreografoa da. Koreografia-lanetan aritzen da Arima izeneko taldean, eta baita Natalia Lacunzarekin ere. Dantzaria da, besteak beste, Bad Gyal, Nicki Nicole, Rels B, Aleesha eta Vicco artisten biretan. 

Arratsaldean, kontzertuak izango dira, Coliseo antzokian, 19:00etan hasita. Ayvee, Andrea Vitoria, arituko da aurkezle lanetan. Umetatik aritu da koreografiak sortzen, abesten, eta antzerkia egiten. 2020ko irailean Amaitu da izeneko lehen kanta atera zuen, eta bigarren diskoa kaleratu du, Medusa izenekoa. Disko honetan berari gertatutakoa salatzen du.

Udaz arituko da kontzertua ematen. Umetatik musikarekin lotura izan eta solfeo-ikasketak amaitu ondoren, 2022an, bere kantak konposatzen eta sortzen hasi zen. Urte berean, Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu zen, Hosto Gorria izenarekin. Aurtengo urtarrilean bere lehen kanta kaleratu zuen, Don't let me go, 14 urterekin sortu eta Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu zuena. Gerora, Udaz izen artistikoa hartu zuen, eta, gaur egun, abestiak konposatzen eta sortzen jarraitzen du.

Azkenik, Noan musikaria izango da. Zarautzen jaio eta Asturiasen bizi den abeslari eta konpositorea da Noan. Bere kanta batzuek arrakasta handia izan dute, esaterako Me mata edo Superpoder. Lan horiei esker Espainiako Spotify playlist-aren 50 biralenak izeneko zerrendan sartu zen.