Noa Martinez, Leire Garcia de Vicuña, Nahia Iturbe eta Iraide Mitxelena izan dira Azkue Literatura Sariko irabazleak

2022ko Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak banatu zituzten joan den ostiralean. Euskaltzaindiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dute sariketa, idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz.
Narrazioa eta poesia izaten dira eta genero bakoitzak bi maila izaten ditu, adinaren arabera: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
A mailan Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni aritu dira epaimahai lanetan, eta B mailan, berriz, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta. Epaileen iritziz, maila handiko lanak aurkeztu dira eta "idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna" azpimarratu dute.
A mailan narrazioaren alorrean, Aguraingo Noa Martínezek jaso du lehen saria, Hotza lanarengatik. Epaileen hitzetan, "sentimendu eta sentipen kontrajarriak tartekatuz doaz istorioak aurrera egin ahala. Dena hitzez esan gabe ere dena ulertzen da kontakizun bizi-bizi honetan". Bigarren saria Oiartzungo Lur Martinek eskuratu du, Martinen istorioak narrazioarengatik. Hirugarrena, berriz, Oiartzungo Lorea Arruabarrenak jaso du, Munduari begira idazlanarekin.
Olerkiari dagokionez, Aguraingo Leire García de Vicuña izendatu dute garaile, Bera da lanarengatik. Epaileen iritziz, "denborak gidatzen du gure bizitza, berak eragiten dio erritmoari, eta berak eramaten gaitu arin. Azkar doa, eskuartetik ihes egiten digu, eta guk ezin dugu ezer egin. Hori guztia, antitesia eta alborakuntza modu original eta txukunean baliatuta”. Oiartzungo Manex Arabolaza izan da bigarren, Zergatik? lanarekin. Hirugarren postua Iraia Arabolazarentzat izan da, Hildakoak lanarekin.
B mailan, narrazioan, Tolosako Nahia Iturbek irabazi du, Haitzuloaren ale gorria idazlanarengatik. Epaileek adierazi dutenez, “narrazio oso-oso heldua, irudien eta hiztegiaren konbinazio aproposa erakusten duena, eta narrazio ohikoaren eta poetikoaren arteko oreka bikain mantentzen duena”). Bigarren saria, Urretxuko Eneko Garciarentzat izan da, Erorketa askean lanarengatik. Hirugarrena Beasaingo Unai Mendizabalentzat izan da, Ohiko goiz bat narrazioarengatik. Aipamen berezia ere eman diote Berako Kattin Madariagari, (Min) Malko lanagatik.
Olerkiaren alorrean, Pasai Donibaneko Iraide Mitxelena izan da irabazle, Denboraren txotxongilo omen gara poemarekin. Epaileek poemaren heldutasuna azpimarratu dute, "irudi ederrak sortzeko gaitasuna erakusten duena. Hainbat poeta helduk gustura sinatuko lukete”. Baionako Beñat Mateos izan da bigarren, Glurp, glurp lanarekin, eta Loiuko Aiala Garabieta hirugarren, Ura eta kalima lanarekin.
Aurten ere, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.