No means no hardcore postmodernoa

No means no hardcore postmodernoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/no-means-no-hardcore-postmodernoa/@@download/image/8p9-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Bocos
No means no hardcore postmodernoa
"No Means No" bortxaketaren aurkako leloa da, Vancouverreko hormetan duela hamarkada pare bat idatzitakoa.

No Means No 70eko hamarkada bukaeran sortu zen Kanadan. Jon eta Rob Wright anaiak D.O.A herkide mitikoen zuzenekora joan ziren, eta zur eta lur geratu ziren beraien indarrarekin. 1982an hirukote gisa jotzen hasi ziren, baxua, ahotsa eta bateria besterik gabe. Beti hardcore taldetzat izan dute euren burua, musika emozio eta indar handiz egin baitute, baina hala ere, izugarrizko abiadura eta oihura iristea lortu gabe. Geroago, gitarrajolea sartu zuten taldean. Dena den, hasieran, inork ez zien kasurik egin, ezta bertako hardcorezaleek ere. Arraroegiak ziren, ezberdinegiak, eklektikoegiak...
No Means No adimenaren ikurra da, ondo aztertutako ironiarena. Musika grinatsu eta bortitza egiten dute, askotan uniformegia den HC-punk munduaren barne. Musikari ezinhobeak dira eta beraien kontzertuak benetako harribitxiak dira zale porrokatuentzat. Estiloren batean sailkatzea ezinezkoa da, eta funky uneekin, metal erasoekin edo jazzean barrena egindako ibilaldiekin zaleak harritzen dituzte. Maiz beraien letrak oso korapilatsuak dira, hala nahi dutelako, baina betiere interesgarriak eta berriak. No Means No-ren musika ibilbidea Kaliforniako Alternative Tentacles disketxeari lotuta egon da. Alternative Tentacles Dead Kennedys, Victim's Family, Alice Donut, Lard eta bestelako hamaika talde handiren sorlekua izan da.
Bederatzigarren lana aurkeztuko dute oraingo honetan Euskal Herrian. Lan berria estudioan egina da eta "No One" izena du. Indar handiko zortzi kantu dira eta teklatuak eta baita kongak ere topatuko dituzu haietan. Gogaitasunaren aurkako 63 minutu, Ramonesen "Beat On The Brat" kantuaren eta Miles Davisen "Bitches Brew" klasikoaren bertsio bana eta guzti.
Duela zenbait urte Zaragozan edo Oñatiko Gaztelekuan ikusi ez bazenituen, eta betiko irrati formulazalea ez bazara, hurbil zaitez datorren maiatzaren 24an, beldurrik gabe, Irungo Tunk! aretora.

ezinbestekoak


• "Wrong"  (Alternative Tentacles, 1989)
• "0+1=2"  (Alternative Tentacles, 1991)
• "The Worldhood of the World  (As Such)"  (Alternative Tentacles, 1995)