NIZURI TAZUNERI: "Euskaldunak izanda askatasunez garatu nahi dugu geure identitatea eta gure egunerokotasuna".

NIZURI TAZUNERI: "Euskaldunak izanda askatasunez garatu nahi dugu geure identitatea eta gure egunerokotasuna". Covid-19 pandemia garaian estudioan sartu eta 'Anubis' grabatu zuen Nizuri Tazuneri taldeak, urtebete geroago argia ikusi duen lana. Egun, Norzzone eta Fani abeslariek osatzen dute proiektua, Kevin Valiente 'Kriminesku' ekoizlearekin batera. Disko berriaren ingurukoak kontatu dizkigute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nizuri-tazuneri-euskaldunak-izanda-askatasunez-garatu-nahi-dugu-geure-identitatea-eta-gure-egunerokotasuna/@@download/image/nizuri tazuneri.jpg
2021/07/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Covid-19 pandemia garaian estudioan sartu eta 'Anubis' grabatu zuen Nizuri Tazuneri taldeak, urtebete geroago argia ikusi duen lana. Egun, Norzzone eta Fani abeslariek osatzen dute proiektua, Kevin Valiente 'Kriminesku' ekoizlearekin batera. Disko berriaren ingurukoak kontatu dizkigute.
NIZURI TAZUNERI: "Euskaldunak izanda askatasunez garatu nahi dugu geure identitatea eta gure egunerokotasuna".

Anubis du izenburu disko berriak. Antzinako Egiptoko mitologian hildakoen hiriaren jainkoa zen, hilobiak zaindu eta hildakoen espirituak beste mundura gidatzeko ardura zuena. Zer dela aukeratu duzue izenburua?
Gure inguruan oso estimatua zen gazte batek bere buruaz beste egin zuen 2019 urtean. Puntu horretatik abiatuta, Anubisen irudia sinbolikoki erabili dugu bere memoria zaintzeko.

Diskoa gure artean ez daudenentzako omenaldi xumea dela adierazi duzue, hemen jarraitzen dugunontzat.
Bai, hala da. 

Zuen helburua euskararen taupada, arbasoen oihartzuna eta abangoardia soinuak uztartzea izaten da. Hala da disko honetan ere, ezta?
Ez, esperantoaren taupada, ezagutzen ez dugun jendearen oihartzuna eta Charleston soinuak uztartzea da geure helburua -kar,kar, kar-. Ba bai, betiko gauzak aldarrikatzen ditugu. Ez ditugu aldatu taldearen helburuak; euskara eta euskerdara, arbasoak eta aurrera begira, beti.

Zer aurkituko dugu diskoan?
Gure errealitate, iritzi ta ikuspuntuak, soinu ilun ta freskoen gainean. Trap, Drill, Afro beat musika, rap egiturak medio. Gaur egungo musika.

Bide berriak urratzea eta kritika soziala egitea gustatzen zaizuela nabaria da.
Bai, nabaria da. Ez gara panfleto bat baina egin ditugun letretan kritika soziala sartzen dugu ia beti,  baita autokritika erabiliz ere.

Edonola kantuaren bideoklipa deigarria da: Gernika koadroa, bonbardaketa eta zizareen irudiak, Michael Jackson dantzan..
Abestiaren letra entzuten duenak ulertuko du bideoaren zentzua.

Irauten kantuan Eusko Gudariak kantuaren leloarekin egiten duzuen jokoa ere adierazgarria da: “Eusko sortzaileak gara/Euskadi astintzeko/gerturik daukagu floua/ bere aldez emateko”.
Sarkasmo hutsa. Hogeita batgarren mendean aurrerapauso bat eman behar dugu. Euskaldunak izanda askatasunez garatu nahi dugu geure identitatea eta gure egunerokotasuna. Ez dugu arketipo edo estereotipo zaharkitu bat izan nahi. Orokorrean autokritika sakona falta dela uste dugu.

Ostabere abestia, berriz, Berri Txarrak taldearen Ikasten kantuaren doinuekin hasten da, eta bideoan naziak eta erlijio ikurrak ageri dira.
Ostabere keinu konplize  bat da, bueno, bi keinu. Alde batetik, Arriguri kolektiboari egindako maitasun eta esker keinua. Beste aldetik, Berri Txarrak taldeak gurekiko izandako eskuzabaltasun eta emandako babesari esker keinu bat.
Bideoari dagokionez, 'ostabere' hitzak Bizkaian 'berriro' esan nahi du, Arriguritarren bideogintzetan entzuten den hitz nagusia. Ildo horri jarraiki, 'ostabere' pairatzen hasiak gara faxismoaren pizkundea.

Non entzun eta eros daiteke diskoa?
Spotifyn sareratuta
dago. Seguraski, irailetik aurrera, binilioak salgai aterako dira Taupaka sortzaile elkartearen webgunean.

Zuzenekoetarako asmorik baduzue?
Bai, baina emanaldiak askatasunez egiteko aukera dagoenean.