Nire beldur naiz

Nire beldur naiz Nola izan naiteke matxista ezkerreko ideologia politikoa badut! Izoztuta gertatu nintzen. Nik beti jokatu dut modu egokian emakumeekin, ez naiz inoiz matxirulo bat izan eta gutxiago misogino bat. Orduan zergatik esan zidan hark jarrera sexistak ditudala? Nik gizarte hobeago batean sinisten dut, beti zapalduen alde egon naiz. Zapaltzaileak kapitalistak dira, ezta? Beraiek dira injustizietatik onurak ateratzen dituztenak, ez ni. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nire-beldur-naiz/@@download/image/matxismoa3.tif
2019/12/23

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Nola izan naiteke matxista ezkerreko ideologia politikoa badut! Izoztuta gertatu nintzen. Nik beti jokatu dut modu egokian emakumeekin, ez naiz inoiz matxirulo bat izan eta gutxiago misogino bat. Orduan zergatik esan zidan hark jarrera sexistak ditudala? Nik gizarte hobeago batean sinisten dut, beti zapalduen alde egon naiz. Zapaltzaileak kapitalistak dira, ezta? Beraiek dira injustizietatik onurak ateratzen dituztenak, ez ni.
Nire beldur naiz

Jone, nire lankidea, esplikatzen saiatu zen: “Besterik gabe esaten dizut jarrera sexistak dituzula. Askotan matxismoa ez da begi bistakoa izaten baina hor dago, detaile txikietan. Askotan hasten zara nire gainetik hizketan jakinik ni nabilela berban, eta gizonezkoen lagun taldearekin zaudenean, arreta gehiago jartzen duzu horietako batek esaten duenari, emakumezko batek dionari baino. Denbora luzaz pentsatu nuen arazoa nirea zela, ez nuela ezer interesgarririk esateko. Pentsatzen nuen esajeratzen ari nintzela eta guztia nire buruan zegoela. Baina konturatu nintzen taldeko beste emakumeei ere berdina gertatzen zitzaiela. Ezin zuen kasualitatea izan.”

Elkarrizketa honek nire bizitza aldatu zuen. Horregatik artikulu hau ez doa esku-liburuetako matxistentzat, baizik eta ezker ideologia duten klase ertaineko gizonezko zurientzat. Ezbaian jarri nahi dut gai hauek duten dimentsio pertsonala, ez dudalako berriz jarrera sexistetan erori nahi. Generoagatiko pribilegioek gizontasuna ematen digutelakoan gizatasuna kentzen digute, merezi al du bada horrekin jarraitzea? Ulermen emozionalak ere lanketa bat behar du, batez ere gizonezkooi emozioak adieraztea, eta ia sentitzea bera ukatu izan zaigun gizarte honetan. Askok, mugimendu feministaren indartzeari esker baitakigu patriarkatua existitzen dela, pribilegio jakin batzuk ditugula emakumezko, transexual edota queer-ek ez dituztenak. Honen aurrean feminismoa argia da: Gizonezkook zerbait egin behar dugu, honetaz hitz egin behar dugu eta ideiak argitzen saiatu. Halere, gizonezko askok errazago atzematen dute gizarte matxista euren jokabide sexistak baino. Erraza da ondoko herriko jaietako eraso sexuala salatzea sare sozialetan, baina are errazagoa aldi berean mezu pribatuen bidez erakargarria egiten zaizun neska horri mezu lizunak bidaltzea, emakumeak berak eskatu ere egin gabe. Oso erosoa da, baietz? Harria bota eta eskua ezkutatu. Ziur ez duzula pentsatu ere egiten emakume hori zeinen deseroso sentitu daitekeen horrelako mezuak jasotzean. Hitzak besterik ez dira eta! Ez da horrenbesterako! Feminismoa zerbait egin aurretik bestearen lekuan jartzea ere bada ordea, “nola sentituko litzateke bestea nik komentario hau egingo banio?” galdetzea. Eman al dit tonu horretako mezuak bidaltzeko bezalako konfiantzarik? Behin egindakoan ez du balio barkamenak, atera aurretik kontuak. Emakumeek ez dute zertan une txar bat pasatu gizonezkoongatik, eta gutxiago dudak eduki argazkiren bat sare sozialetara igotzerakoan gizonezkooi beharbada ideia okerra igorriko digulakoan. Zer argazki hartan gona motzegia badu? Zer biluzik atera nahi badu ere?

Aitzakiak
Emakumezkoek horrelakoak azaltzen saiatzen direnean gizonoi berehala azaltzen zaigu prestatuak izan ohi ditugun aitzakien errepertorioa: ez da eta horrenbesterako, gaizki ulertu bat izan da, komentario bat besterik ez da izan, hitz politak izan dira, zeinen esker txarrekoa, ez zen hori egin nahi nuena, ez nuen zu horrela sentitzerik nahi, ez nuke inoiz ezer egingo zu mintzeko... Horrelakoak esaten gabiltzan bitartean sinisten ditugu, baina gero jokabide hauek aldatzea zailagoa suertatzen zaigu.

Niri ere, lanketa bat eginagatik askotan ateratzen zaizkit horrelako aitzakiak. Nire barruan badakit “beste horien” askoz ere antzekoagoa naizela, onartzea gustatuko litzaidakeena baino gehiago. Feminismoak nire buruarekiko nuen irudia ezbaian jarri du. Errazena ukatzea izango zatekeen, hasiera batean ezeroso sentitu bainintzen horretaz ohartzean, nor naiz ni bada? Orain konturatzen naiz ordea, nire hazkuntza pertsonalerako ezinbestekoa izaten ari dela.

Honetaz ohartzean Jonek niri azaldu zidan gauza berbera taldeko beste gizonezkoei azaldu nien kuadrillako beste nesken aurrean, eta denak aurretiaz aipatutako aitzakiak banan banan zerrendatzen hasi ziren bat bera ere ahaztu gabe. Apurka ordea, bazirudien ulertzen hasi zirela. Marka da gero, alabaina, gizonezko batek esan behar izatea hainbatetan emakumezkoek esandakoa entzuten bederen has zitezen! Orduan ohartu nintzen norainoko larria den egoera. Gaizki sentitu nintzen gizonezko bezala protagonismoa hartzeaz, nola gertatu da hau? Zergatik egin didate niri kasu gehiago? Ondoren beldur izan nintzen ahoa irekitzeko. Erabat galduta sentitzen nintzen eta ez nekien nola jarraitu.

Eta bat-batean leku guztietan hasi naiz mikromatxismoak ikusten. Nire ondoko bizilagunak eskolara daramatza bere seme-alabak. Semea urdinez jantzita, alaba arrosez. Trenean sartu eta bi emakumezko, 40 urte ingurukoak bata besteari: “zer zortea zure senarrak etxean laguntzen dizula”. Lagundu?! Guk ez dugu etxean “lagundu” behar, etxe horretan bizi garenez, besteak bezalaxe dugu bertako egitekoen ardura! Halere, nire buruari ez asaldatzeko esan nion, pentsatu gabe esaten diren komentario hutsalak dira, ezta?

Mikromatxismoak nonahi
Lasaitzeko nire neska lagunari kanpora jatera joan nahi ote duen proposatu diot. Gure etxe azpian itxura ona duen jatetxe japoniar bat ireki dute. Zerbitzaria hurbiltzean nire bikotekideak garagardoa eskatzen du, ni ondoren lanera noanez ur botila bat. Beste zerbitzari ezberdin batek ekartzen dizkigu edariak eta galdetu ere egin gabe, zuzenean niri ematen dit garagardoa, dudaren aurrean gizonezkoarentzat edari alkoholduna ala? Baina tira, kasualitatea izan liteke, besterik gabe. Behin sabela beteta kontua eskatu dugu eta oraingoan bai, inongo duda izpirik gabe zuzenean niri eman dit tiketa, gizonezkoa naizelako, ezta?

Lanetik bueltan neska lagunak deitu dit esanez autoa ez doala ongi eta bihar goizean tailerrera lagunduko ote diodan: “zuri kasu gehiago egiten dizute, ni ergeltzat hartzen naute eta deserosoa egiten zait.” Nolatan hori? Ni baino hobeto gidatzen du eta gainera nik ez ditut autoak kontrolatzen, baina egia da tailerreko langileak beti niri bakarrik ematen dizkidala azalpen guztiak, nire bikoteari inongo momentutan begiratu ere egin gabe.

Baina tira, asteburua iritsi da, lasaitu eta horrelako kontuak atzean utzita gozatzeko prestatzen da nire burua. Argi dago ordea matxismoak ez duela opor egunik. Kuadrillako batzuekin elkartu gara eta lagunetako bat aita izan berria da. Umearekin azaldu da ezagutu dezagun eta aipatu digu bere emaztea etxean gelditu dela atseden hartzen.

Batek berehala egiten du komentarioa: “A zer nolako aita bikaina zaren!” Nire bikoteak berehala esan dio: “Zergatik? Amak ez al du ba meriturik? Amak ama besterik ez al dira? Bikaina bezalako adjektiborik ez zaie normalean jartzen.” Nik ere sartu nahi izan dut elkarrizketara: “Aipatu gabe euren karrera profesionala eta amatasuna uztartzeko dituzten zailtasunak.” Berriz ere aitzakia zaparrada kuadrillakoen aldetik, esajeratu batzuk omen gara. Azkenik arrazoia eman digute eta arratsalde atsegina pasa dugu denok ere umetxoaren inguruan.

Gizonezkoen WhatsApp taldeak
Haatik, konturatu naiz etxera iritsi eta mugikorreko pantaila behatzean gizonezkoen WhatsApp taldeak eduki matxisten eta homofoboen babesleku direla, baita kanpora begira oso jarrera feminista dutela dirudien horiena ere. Etengabe biralizatzen dira emakumeen titi eta ipurdiak, eta oro har, kutsu sexista edo homofobikoa duten gif eta txisteak. Irudien tonuarekin bat egiten dute gainera taldekoen komentarioek, kaleko lagun feminista sutsua munstro adurti bihurturik. Munduak oraindik ere nola funtzionatzen duen erakusten duen isla fidela dira mugikorretako pantaila modernoak. Esaera zaharra egokitu behar litzateke: Kalean feminista, etxean matxista.

Zoritxarrez ez baitira nire kuadrillako taldera mugatzen diren anekdota puntualak, nire laneko gizonezkoekin dudan taldean ere gertatzen da, baita garaiko unibertsitateko lagunekin dudanekoan ere... guztietan aurkitu daitezke, ziurrenik gizon hauen smartphonetan inoiz atera nahi zan ez duten emakumeak, euren intimitatea erakusten. Gainera eduki hauek inguruko komentarioak taldean dauden gizonezkoen jarduera sexualen edo ezaugarri fisikoei buruzkoekin amaitzen dira, zer nolako gizon garen letra larriz aldarrikatzeko. Maiz gainera, irudi pornografikoak dira, baina ez edozein porno, emakumea egoera iraingarrian erretratatzen duen porno zikina baizik. Horrelakoak bi aldiz pentsatu gabe partekatzen dira, modu naturalean, eta pentsatu ere egin gabe honek eragin dezakeen minean. Eta hala ere, nire taldeko inork ez luke esango feminista ez denik. Gainera, euren bizitza pribatuko gauzak dira, ezta? Egunerokotasunean errespetuz tratatzen badituzte emakumezkoak zer axola du?

Hori baita arazo handiena, WhatsApp-ek eskaintzen duen pribatutasunezko ingurugiroa, pantailen atzean eraikitako konfiantza estu bat, talde oso bat konplize bihurtuz. Nolabait, beste egoera batean jokatuko ez genukeen bezala jokatzera eramaten gaitu, edo behintzat beste egoeraren batean edukiko genukeen arreta edo ardurarik gabe. Zergatik ez da biralizatzen sare sozialetan bi aldiz pentsatzearen joera? Talde hauetan garrantzitsuagoa da ahalik eta graziosoena izatea, horretarako beste norbaiti errespetua faltatu behar bazaio ere. Talde hauetan ez dago eztabaidarako eta hausnarketarako lekurik... emakumea gure gizonezkoen artean sozializatzeko tresna besterik ez da bilakatzen, beste meme bat gehiago. Askotan hitz egin dut Mikel, nire lagun onenarekin honen inguruan, askotan aitortu dit ezeroso sentitzen dela horrelako edukiak jasotzen dituenean, eta galdetzen dit nola egin liezaiokeen aurre honi. Nik erantzuten diot eduki desegoki bakoitza arbuiatzea ezinbesteko lehen pausoa dela. Gizonezkooi tokatzen zaigu behingoagatik ausartak izatea, gure lagunei irakatsiz horrelako edukiak zabaltzea ez dela modernoa, ezta aurrerakoia ere, gutxiago barregarria, besterik gabe matxista dela. Isiltzeak konplize egiten gaitu eta betikotu egiten du emakumearen aurkako makineria, emakumearen aurkako biolentzia legitimatuz.

Diskurtso hau errepikatzen nabil enegarrenez kuadrillako beste bati, eta bat-batean soinutxo bat mugikorretik. Whatsappa ireki eta titi pare bat aurrez-aurre... irribarre mozoloa azaltzen zait nahi gabe aurpegian... eta nire buruaren beldur naiz tanpez.