Nire autoaz harro nago

Nire autoaz harro nago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nire-autoaz-harro-nago/@@download/image/45p30-1.jpg
2004/10/01
erreportajea
Alex Caballero
Nire autoaz harro nago
Bigarren eskuko autoak ez dira, oro har, izugarrizko autoak izaten, baina tira, karneta atera eta gero, leku batetik bestera mugitzeko balio duen edozein gauza da balekoa. Zeri erreparatu behar diogu erosteko orduan?           

Autoa erosteko garaian, gazteok prezioa aztertzen dugu gehienbat, kalitateari eta ibilgailuaren indarrari erreparatu beharrean. Hori diote, behintzat, saltzaileek. "Zenbat balio du traste zahar horrek", eta horrelakoak esaten omen ditugu, lotsa barik. Izan ere, gehienetan, badakigu traste zaharraren alboko auto berri eta dotorea eskuraezina dela.

Iruñeko Torregrosa auto dendan esan digutenez, 2.400 eta 3.000 euro bitarteko autoa eskatzen dute gazte gehienek, baina batzuk 6.000 euro gastatzeko prest daude.

Gehienetan bakarrik joaten dira dendara, gurasoekin joaten denik ere bada, ordea. Horrelakoetan kalitateari gehiago erreparatzen diote, askotan gurasoek erosketarako dirua jartzen baitute. "Gurasoekin etortzen direnean ibilgailu indartsuagoak aukeratzen dituzte", esan digute Torregrosan.

Bermea, garrantzitsua

Salneurri merkea izateaz gain, bermea eskatzen dizkiogu gazteok auto bati. Izan ere, badakigu bigarren eskuko ibilgailuek matxurak izan ditzaketela, eta hasierako prezioa, gero, bikoiztu egin daitekeela. Gainera, ez dakigu ordura arte autoa nork eta nora erabili duen, eta, beraz, nolabaiteko bermea ezinbestekoa da.

Autoa zaharra bada, urtebeteko bermea eskaini ohi dute dendetan, eta berriagoa bada, bi edo hiru urtekoa ere izan daiteke. Nolanahi ere, Torregrosako dendarien ustez, autoa zaharra izateak ez du esan nahi kalitate txarrekoa denik: "Salmentan jarri aurretik beharrezko konponketak egiten dizkiogu, egoki ibil dadin".

Gazte askok dendetara jo beharrean, norbanakoen arteko salmentara jotzen dute, bitartekaririk gabe, merkeago eros dezaketelakoan. Dena den, argi ibili horrelakoetan; autoa egoera txarrean egotea eta matxuraz matxura ibiltzea gerta daiteke-eta.

Txikia eta markakoa

Auto txikia, diesela eta markakoa. Horixe da joera. Dieselek, indar gutxiago izaten duten arren, erregai gutxiago kontsumitzen dute eta gainera, gasoleoa gasolina baino merkeagoa da.

Gehienek Peugeot, Citroen eta Ford marka ezagunenetara jotzen dute; baina, dudarik gabe, Seat da gehien eskatutakoa. Batez ere Seat Ibiza.

Tamainari dagokionez, normalean, auto txikiak aukeratzen ditugu, eta ez gure kaleetan aparkatzeko leku falta dagoelako; aurreztutako diru apurrarekin beste erremediorik ez dugulako baizik. "Oro har, gazteek ondo ezagutzen dute autoen merkatua, badakite zein den modako autoa, zeinek duen indar gehien. Hortaz, askok gero erositakoan aldaketak egiten dituzte, ibilgailu itxurosoa lortze aldera", esan digute Torregrosan. Ez da harritzekoa, batzuentzat autoa bigarren etxea bezalakoa da eta.

Nolako izaera, halako autoa


Ibon Zurutuza 27 urteko berriztarra da. Lehen autoa 20 urterekin erosi zuen, aitak emandako 30.000 pezetekin. Geroago konponketetan 100.000 pezeta inguru gastatu behar izan zuen arren, Citroen Dyane 6 haren oroitzapen onak ditu. Harekin egiten zuen unibertsitaterako bidaia.

Zazpi urte joan dira lehen autoa erosi zuenetik, eta geroztik, beste Citroen bi izan ditu. Bata, C15 eta bestea, egun dabilen Berlingo urdina. "Autonomia eta funtzionaltasuna eskatzen dizkiot auto bati", dio. Asko zaintzen du ibilgailua, eta nekez sartuko da bertan  ondo ezagutzen ez duen norbait. Autoa bere gotorlekua da. Bera bai bere autoaz harro!