Ninja Tune: itsasoko baretasuna astintzen

Ninja Tune: itsasoko baretasuna astintzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ninja-tune-itsasoko-baretasuna-astintzen/@@download/image/1p11-1.jpg
2000/10/06
erreportajea
Sound System
Musika elektronikoak bizi duen abiadura ikusita, ez da erraza disketxe batek hamar urte betetzea. Inglaterrako Ninja Tune zigiluak lortu du, eta musika elektronikoaren jarraitzaleen artean ezinbesteko erreferentzia bilakatu da.

1990. urtea hamarkada itxaropentsu baten hasiera izateaz gain, musika munduan, iraultza ekarriko zuten erritmo berrien sorrera izan zen. Jungle eta drun & bass-a Londoneko auzo txiroetan forma hartzen hasiko den garai honetan sortuko da Ninja Tune zigilua. Musika munduan hip-hop doinuak elektronikarekin uztartzeagaitik ezagunak ziren Coldcut proiektuko Matt Black eta Jonathan More, Pete Quicke-kin batera elkartu eta b-boy guztien eskema musikalak apurtuko zituen zigilua sortu zuen. "Hasieratik oso garbi izan genuen hip-hop berria, desberdina egin nahi genuela. Gansta rap zikinaren garaia zen eta guk kontrako norabidea jarraitu nahi genuen. Hip-hop berezia, jazz eta techno ukituekin egin nahi genuen, guztia nahastuta. Gaur egun kaleratzen ditugun diskoak eta disketxea sortu zenean kaleratzen genituenak oso desberdinak dira. Erabilitako osagaiak berak izan arren, elementu horiek nahasteko modua aldatu da". Pete Quicke-ren hitzak dira horiek eta arrazoi du. "Zalantzarik gabe Ninja Tune asko aldatu da, baina hori izan behar du disketxe baten funtzioa. Disketxeko musikariak aldatzen eta eboluzionatzen duten moduan aldatu behar duzu zuk ere, ezin zara geldirik geratu. Funki Porcini edo Herbalizer-ek beraien musika aldatu dute eta guk ere aldaketa horiekin bat egin behar dugu. Inoiz ez dugu estilo itxi baten barruan mantendu nahi izan".

Bete berri dituen urteak ospatzeko opari ederra egin digu jarraitzaile guztiei eta Ninja Tune disketxeak 10 urte hauetan kaleratutako altxorren bilduma eskeini digute KD bikoitz batean. Era berean konpakto hirukoitza kaleratuko dute, edizio mugatuan, aurreko bi diskoez gain kantu ezezagunak, argitaratu gabeak eta bitxikeriak jasotzen dituen hirugarren batekin. On egin eta zorionak.