Nik sinisten dizut: (Talde) bortxaketen erradiografia

Nik sinisten dizut: (Talde) bortxaketen erradiografia 2016ko San Ferminetan “La Manada” ezizenez ezagutzen diren bost gizonezkok gazte bat bortxatu zutenetik, talde bortxaketen albisteak geroz eta ohikoagoak dira komunikabideetan. Hala ere, biolentzia mota honen inguruan ez dago datu ofizialik. Zer ezkutatzen da horrelako erasotzaile baten atzean? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nik-sinisten-dizut-talde-bortxaketen-erradiografia/@@download/image/erradiografia_05.jpg
2019/07/10
erreportajea

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

2016ko San Ferminetan “La Manada” ezizenez ezagutzen diren bost gizonezkok gazte bat bortxatu zutenetik, talde bortxaketen albisteak geroz eta ohikoagoak dira komunikabideetan. Hala ere, biolentzia mota honen inguruan ez dago datu ofizialik. Zer ezkutatzen da horrelako erasotzaile baten atzean?
Nik sinisten  dizut: (Talde) bortxaketen erradiografia

Maizegi esaten ditu telebistako aurkezleak “Manada berri bat azaldu da”, “beste manada bat Bartzelonan” edota “Alacanteko Manada” bezalakoak. Kezkagarria da komunikabideetan, titularrak okupatuz, zenbat hazi diren talde bortxaketei buruzko albisteak. 2016ko San Ferminetan bost gizonezkok gauzatutako talde bortxaketaren ostean biolentzia sexualaren inguruan zegoen isiltasuna puskatu egin dela dirudi, eta azalera aterarazi taldean burututako eraso zein bortxaketak.

Gizartean La Manada auziak izandako oihartzunaren ondoren, sentsibilizazio handiago dagoen arren, paraleloki Estatu Espainiarrean hazi egin dira taldean burutzen diren bortxaketa erasoak. Komunikabideetan agertu diren kasuak biltzen baditugu 2016an 15 kasu atera ziren argitara, 2017an 14 eta 2018an 54. Ikusten denez kopuruak gora egin du 2018an, preseski, La Manada auziaren sententzia ezagutarazi zen urtean. Badirudi, horren aurka antolatutako mobilizazio ugari eta jendetsuek ez dutela kontzientziatzeko balio izan, eta aldiz, La Manada-rekin hain bigun jokatu zuen sententziak eragin negatiboa izan duela, kasuen igokundea behatzen badugu bederen.

Zer dakigu ordea talde bortxaketei buruz? Zehazki zenbat jazotzen dira urtean? Zenbat gelditzen dira isilean? Zaila da dagoen informazio eskasiagatik biolentzia mota honen dimentsio osoa ezagutzea. Espainiar Estatuan lau bortxaketa erregistratzen dira egunean eta Frantziako Estatuan, berriz 40 minuturo bat. Zergatik Frantzian gehiago? Arriskutsuagoa delako ala gizartea kontzientziatuagoa dagoelako gaiarekin, eta horregatik salaketa gehiago jartzen direlako? Arrazoia edozein dela ere, kopururik txikiena asaldagarria da eta ezin da inondik inora onartu.

ORAIN ARTE EZKUTUAN EGON DEN BIOLENTZIA

Bortxaketek oro har, 2015az geroztik goranzko bidean jarraitzen dutela badakigu, nahiz eta zaila den horietatik talde bortxaketak zenbat diren zehaztea. Ezinezkoa da ziurtasun osoz egun talde bortxaketa gehiago gauzatzen direla baieztatzea, baina argi dago 2016ko uztaila geroztik hiritarrak askoz kontzientziatuagoak daudela biolentzia mota honekiko. Alta, biolentzia sexuala da gehien isiltzen den delitua eta horregatik, ezkutuan hainbat eta hainbat kasu geratzen dira, jartzen diren salaketen kopurua jazotzen diren erasoen aldean oso murritza baita. Haatik, orain arte ezkutuan zegoen biolentziaz mintzatzen hastea positiboa da, hori baita irtenbide bat bilatzen hasteko bidea. Kontzientziazioa igo denez, egun salaketak jartzera emakume gehiago animatzen dira. Alabaina, La Manada-ren biktimak jasan zuen jazarpen mediatikoak beste biktimei salaketa jartzerakoan dudak sortzea ere eragin diezaieke.

Espainiar Estatuan lau bortxaketa erregistratzen dira egunean eta Frantziako Estatuan, berriz 40 minuturo bat. Zergatik Frantzian gehiago? Arriskutsuagoa delako ala gizartea kontzientziatuagoa dagoelako gaiarekin, eta horregatik salaketa gehiago jartzen direlako?

Hori dela eta, datu ofizialen arabera, biolentzia sexuala ardatz duten delituak urtean %0,5 soilik lirateke. Biktimizazio inkesten arabera ordea, badakigu horrelako delituak jasaten dituztenen %70 ez dituztela erasoak salatzen eta beraz, ezin jakin genezake benetako zifra beldurgarria.

ERASOTZAILE SEXUALA

Erasotzailearen figura ordea, ezagutzen diren kasuetan oinarrituz, oso aztertua izan da. Biolentzia sexualaren barruan erasotzaileak tipologia ezberdinetan sailkatu daitezke dauden irizpide ezberdinak jarraituz. Tipologiarik klasikoenek bortxatzaileak adingabeko erasotzaileetatik banatzen dituzte edota familia barneko eta kanpoko abusatzaileak ezberdindu. Talde bortxaketei dagokionez, normalean erasotzaileek ez dute biktima aurretiaz ezagutzen eta horixe da beste bortxaketa motetatik ezberdintzen dituen ezaugarri nagusiena. Hain zuzen, horrek zailtzen du eraso mota hauek azalaraztea, biktimarekin aurretiaz harremanik ez duten erasotzaileak baitira, identifikatzeko zailenak eta beharbada, horregatik mantendu dira kasu hauek hain isilean. Talde bortxaketak dira krimena argitzeko aukera urriena duten delitu sexualak.

ERASOTZAILEAREN EZAUGARRIAK

Nolakoak dira erasotzaile hauek bada? Talde bortxaketetako erasotzaileak biktimentzat ezezagunak direla esaten da erasotzaileak eta biktima ez direnean inoiz aurretik elkar ikusi, erasotzaileak eta biktima ez direlako elkar ezagutzen nahiz eta biktimak erasotzaileren bat bistaz ezagutu dezakeen, edota erasotzaileek eta biktimak 24 ordu baino gutxiago pasatzen dituztenean elkarrekin.

Talde bortxaketei dagokionez, normalean erasotzaileek ez dute biktima aurretiaz ezagutzen eta horixe da beste bortxaketa motetatik ezberdintzen dituen ezaugarri nagusiena. Hain zuzen, horrek zailtzen du eraso mota hauek azalaraztea, biktimarekin aurretiaz harremanik ez duten erasotzaileak baitira.

Erasotzailearen ezaugarriei dagokionez batez-besteko adina 35,5 urtetakoa da, baina adinik ohikoena 28 urte da. Nagusitzen den adin tartea 18tik 35era bitartekoa da, erasotzaile guztien %57 osatzen baitu. Bigarren adin tarte ohikoena 36-55 bitartekoa da, kasuen %34 direlarik. Eraso sexual mota eta krimena gauzatzeko modua adinaren arabera aldatzen doaz eta ezberdintasun nabariak atzeman daitezke. Erasotzaile gazteenek penetrazioarekin agresio sexual gehiago burutzen dituzte. 36 urtetik aurrera aldiz, penetraziorik gabeko eraso sexualak ohikoagoak izaten dira.

BIKTIMAREN EZAUGARRIAK

Adin guztietako biktimak dauden arren –ezagutzen den zaharrena 87 urtekoa da–, biktimek ezaugarri jakin batzuk bete ohi dituzte. Biktimizazio handienaren adina 19 urtetakoa da eta biktimen bataz-bestekoaren adina aldiz 28. Biktimarik gehienak (%60,5) 18tik 35 urte bitarteko adin tartean kontzentratzen dira, eta ondorengoak 36-55 urte bitartean (%20,5).

MODUA

Normalean gauez erasotzen dute. Ezagutzen diren erasoen %46,1 gaueko 10etatik goizeko 4etako tartean gauzatzen dira, ia argirik gabeko guneetan. Goizean egiten diren erasoak oso goiz gauzatzen dira, oraindik argia urria denean, ilun dagoenean gertatzen baitira erasoen %61. Uste denaren aurka eraso gehienak astean zehar egiten dira, astelehen eta ostiralak direlarik maiztasun gehien dutenak. Talde bortxaketei dagokionez ordea, asteburuetan gertatu ohi dira (%32) eta biktima, zein erasotzailearen gaueko aisiarekin lotuta egon ohi dira. Beraz, %55 inguru asteburuan gauzatu ohi dira erasotzaileek alkohola edota beste zenbait droga kontsumitu ondoren. Sasoiari dagokionez, udan eraso gehiago izan ohi dira urte guztian zehar baino, nahiz eta ezberdintasuna ez den esanguratsua.

Eraso sexual mota eta krimena gauzatzeko modua adinaren arabera aldatzen doaz eta ezberdintasun nabariak atzeman daitezke. Erasotzaile gazteenek penetrazioarekin agresio sexual gehiago burutzen dituzte”.

Erasotzeko erabiltzen dituzten bideak normalean biolentzia eta larderia izan ohi dira. Horretarako armak %28 erabiltzen dituzte eta ibilgailuak, drogak eta objektu arriskutsuak portzentaia  berdinean erabiltzen dira (%2-3).

ERASOTZEKO LEKUAK

Deliturako aukeratutako tokiari dagokionez %41,9 leku publikoetan burutzen dira. Beste guztiak bizilekuetan, bizilekuko gune komunetan eta espazio irekietan jazo ohi dira. Behin erasoa gauzatuta erasotzaileen %94 biktima erasotutako leku berdinean abandonatzen du. Egindako ikerketen arabera, oro har, erasotzaileek distantzia motzak ibiltzen dituzte eta ezaguna zaien espazioetan mugitzen dira. Horrela, erasotzaileen %75,9 gehienez 2,5 kilometro ibiltzen dira, bataz-bestekoa 3,4 kilometro izanik.

ERRONKA MEDIATIKOA

Bortxaketen, talde erasoen eta erasotzaile hauek sortzearen zergatiak aztertzen baditugu, datu eta jasotako albisteetan oinarrituz, esan daiteke ez direla kasu isolatuak, bortxaketaren kulturaren zati baizik. Eraso mota honek bortxatzaileek horrenbeste desiratzen duten kontrol soziala indartzen du eta emakumeen askatasuna mugatu. Horraino argi, baina orain datoz galderak: Zergatik batzuk taldekoak eta beste batzuk ez? Automatikoki informatu behar al dira horrelako kasuak?

Orain fokua talde bortxaketetan dagoela dirudi. Informazio gehiegikeriak ordea, gizartea intsentsibilizatu dezake eta bestelako erasoak ezkutuan gelditzeko arriskuan utzi. Gakoa ez da emakumeek pairatzen duten biolentzia ez erakustea, baizik eta oso ongi aukeratzea zer kontatu behar den, zer ez eta zer modutara. Kazetaritza digitalaren aroan klik azkarra bilatzen da lehiakortasuna gehituz; zenbat eta azkarrago hobeto. Gai hauetan ordea beharrezkoa da gelditu eta pentsatzea: Jada argitaratu behar al da? Ez al du ikerketa bat merezi? Gizartea kontzientziatzen ari al gara ala intsentsibilizatzen? Askotan ez gara ohartzen hitzek duten garrantziaz, sendatzeko balio duten bezain beste balio dute norbait ondoratzeko. Beraz noski, hitz egin dezagun honetaz, isilik geldituz kaltea mingarriagoa baita, baina hitz egin dezagun biktimarekiko errespetua galdu gabe, zuzen eta zuzentasunez.

Orain fokua talde bortxaketetan dagoela dirudi. Informazio gehiegikeriak ordea, gizartea intsentsibilizatu dezake eta bestelako erasoak ezkutuan gelditzeko arriskuan utzi.  Gakoa ez da emakumeek pairatzen duten biolentzia ez erakustea, baizik eta oso ongi aukeratzea zer kontatu behar den.

Bortxaketen eta agresio sexualen inguruko bost sineste faltsu:

1. Sexu-eraso gehienak ezezagun batek eginak izan ohi dira: Telebistako albistegietan ohikoak dira kaletik doan emakume bati egindako erasoak, kasurik gehienetan ordea, etxean bertan gauzatzen dira eta biktimaren zirkulu hurbilekoa izan ohi da erasotzailea.

2. Sexu-eraso bat pairatu duten biktimek ia berehala salatzen dute erasoa: Hiru eraso sexualetik bi ez dira salatzen. Uste denaren aurka biktima askok ez dute salatzen ez dutelako nahi erasotzailea kartzelara joan dadin, hain zuen, erasotzailea biktimaren hurbileko norbait izaten delako.

3. Erasoa berehala informatzen bada erraza da kasua ikertzea eta karguak aurkeztea: Nahiz eta aukera gehiago dagoen, horrek ez du esan nahi ehuneko ehunean erasotzailea topatuko denik. Askotan gainera, biktimak berak botatzen du atzera salaketa egun batzuen buruan.

4. “Benetan ez bazenuen nahi aurka egingo zenion”: Ohikoa da paralisi fisikoa gertatzea horrelako mehatxu baten aurrean. Biktima gogortuta gelditzen da egoera traumatikoa ahalik eta azkarren pasa dadin nahi duelako.

5. “Agian gertatu zena nahasten ari zara”: Gertaera traumatikoak irauten duen bitartean gure gorputza estresaren hormonez betetzen da, horregatik bortxatuak izan diren pertsona askok maiz diote oroitzapen oso biziak dituztela erasoaren zenbait gauzez (irudiak, soinuak, usainak) erasoa aspaldi gertatu bazen ere. Halere, ordua, eguna edota non zegoen bezalako galderak erantzuterakoan zailtasunak izaten dituzte eta kontraesanetan erori ohi dira; trauma baten aurrean gure garunak ezberdin erregistratzen baititu oroitzapenak. Zoritxarrez polizia eta epaileek ez dute hori kontuan izaten, zenbait kasutan biktima bera gogor epaitzeraino iritsiz.