Historiako memerik garestienak

Sareetako memeak gure bizitzaren parte bilakatu dira eta jada ez dugu gogoan halakorik ez zen garaia. Gure komunikazioaren parte dira eta umorerako erabiltzen ditugu gehienbat. Azken urteotan Interneteko memeak eta kriptodirua uztartu dituzte eta oso garesti saltzen ari dira oso ezagunak diren meme batzuk. Jakin nahi al duzu zeintzuk diren diru gehien bildu duten memeak?
1. Txanodun txakurra
2019 aldera arrakasta dezente lortu zuen meme honek eta azkenaldian berriz zabaldu da sareetan. Bere jabe korearrak ateratako argazki arrunt bat besterik ez da, baina oihartzun handia izan du. Iaz saldu zen 4.3 milioi dolarren truke, eta inoizko salmentarik garestiena izan da. Ukaezina da samurtasun handia sortzen duela argazkiak, ezta?
2. Doge edo Kabosu txakurra
Atsuko Sato japoniar irakasleak Shiba Inu Kabosu txakurrari ateratako argazkia da. 2021ean 4.2 milioi dolarretan saldu zen. Eragin handia izan du meme honek eta Dogecoinen sorrera ere ekarri zuen, kriptomoneten munduko lehen meme txanpona.
3. Pepe igela
Matt Furiek 2006an sortutako komikiaren eta pertsonaiaren irudia da. 2021ean saldu zen 3.5 milioi dolarren truke. Igel berde honek ospe handia lortu zuen Interneten eta kripto munduan ere sartu zen, Pepecoin memearen bitartez.
4. "Charliek hatza hozkatu dit"
Youtubeko lehen bideo biraletako bat da Charlie haurtxoak anaia zaharragoari hatzean hozka egiten diona. Gurasoek Dubaiko bildumazale bati saldu zioten 2021ean, 761.000 dolarren truke, bi mutilen unibertsitateko gastuei aurre egiteko dirua izate aldera. Bideoa ikusgai dago oraindik Youtuben.
5. Nyan Cat edo Nyan katua
Chris Torresek sortutako animazio pixelatua da eta 2021ean NFT bihurtu eta enkantean atera zuen. 590.00O dolarretan saldu zuen eta ordutik meme sortzaile askok bere bidea jarraitu dute, euren obren aitortza gauzatu, jabetza eskubideak izan eta diru-sarrerak izateko.
6. Hondamendiaren neska
Behin baino gehiagotan ikusiko zenuen erretzen ari den etxe baten aurrean irribarre maltzurrarekin agertzen den neskatoaren memea. Neskak Zoe Roth du izena eta bost urte zituen argazkia atera zen garaian. Kontatu dutenez, 2005ean, telebista ikusten ari zen etxean anaiarekin batera, eta suhiltzaileen sirena hotsak entzun zituzten. Kalera atera zen familia osoa, eta etxe bat sutan zegoela ikusi zuten, baina antza denez, suhiltzaileen sute-simulazioa zen eta kontrolpean zeukaten guztia. Neskatoaren aita argazkizalea izanik, kamerarekin irudiak ateratzen aritu zen, tartean hau. 2021ean, Rothek argazkia saldu zuen 430.000 dolar ingururen truke. Hala, ikasketatako zorrak ordaindu zituen, familiakoen artean banatu zuen eta baita dohaintzan eman ere.
7. Neska-lagun "melenga"
2012an Youtuben publikatutako bideo hau oso ezaguna egin zen. Lina Morris eduki sortzaileak Justin Bieber abeslariak martxan jarritako lehiaketa baterako sortutako pertsonaia da. Mutil-lagunarekin gehiegizko lotura edo mendekotasuna duen neska bat antzeztu zuen. 2021ean saldu zuen 411.000 dolarretan.
8. Katu "petrala"
Estatu Batuetako kateme hau famatu bihurtu zen umore txarreko aurpegia erakusteagatik, eta hainbat meme sortu ziren bere irudiarekin. Antza denez, nanismoa zuen eta horregatik izaten zuen aurpegiera hori. 100.000 dolarren truke saldu zuten, 2021ean.