Ni-ren 'Agur' abestiaren estreinaldia GAZTEZULOn

Ni-ren 'Agur' abestiaren estreinaldia GAZTEZULOn 'Hemen ez dago zorionik' diskoko laugarren kantua aurkezten dizuegu esklusiban. Negu giroan barneratuko zarete Xabi Agirrek sortutako abestiaren bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ni-ren-abestiaren-estreinaldia-gaztezulon/@@download/image/ni kontzertua.jpg
2021/06/10

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Hemen ez dago zorionik' diskoko laugarren kantua aurkezten dizuegu esklusiban. Negu giroan barneratuko zarete Xabi Agirrek sortutako abestiaren bidez.
Ni-ren 'Agur' abestiaren estreinaldia GAZTEZULOn

Xabi Agirre mungiarraren proiektua da Ni, eta bere azken diskoko Agur abestia esklusiban estreinatu dugu GAZTEZULOn. Bake sentipena sortzen duen txori-kantua entzuten da abestiaren hasieran, eta gitarra-doinuz eta ahots urratuz jantzia datorkigu. Letraren bidez neguko giroa ekarri digu, eta etxe barruan manta azpian eta kafearekin egon arren, hotza eta mina dira gailentzen diren elementuak. 

Musikariak  adierazi duenez, "diskoko abestirik argitsuena da. Neure barrura egindako begirada zintzoa eta objektiboa da. Urtean zehar gertatutakoaren balantzea egiten dugun momentu eta data bereziak izaten dira".  Abestian Jon Hornak lagundu du gitarrarekin eta Gartxot Unsainek koruetan. 

Diskoak Hemen ez dago zorionik du izenburua eta bost abestiz osatua dago. Isiltasunaz, perfekzio ezaz eta ahotsaren laztasunaz baliaturik, abestiek barruko mina kanporatzen laguntzen dute, eta entzulea emozio horietan sartzen da. Abestiak gitarra eta ahotsarekin hasi, eta gutxinaka-gutxinaka piano, biolin, txelo, eta delay-ekin jantzi ditu Ni-k. Abesteko moduak eta nota luzeen erabilerak Sigur Ros edo Jason Molinaren Ghost topic gogorarazi die batzuei. 

Aurretik beste single batzuk ere kaleratu ditu : Busti, Bakarrik eta Normalidadearen prozesua. Guztiak Ni-ren bandcamp kontuan  entzun daitezke. Diskoa osoa erosteko aukera ere bada bertan. 

Diskoa Agirrek berak grabatu, nahastu eta ekoiztu du Mungiako Abadetxe estudioan. Ahotsak eta gitarrak, ordea, Zumaiako San Jose komentuan grabatu ditu. Azken ukitua Vacuum Mastering estudioan eman diote. Ilustrazio eta diskoaren diseinuaz Eneko Sanz, Txabi Elkorobarrutia eta Xabi Agirre bera arduratu dira. Beste laguntzaile batzuk ere izan ditu alboan, hala nola Harkaitz Bastarrika, Oriol Flores eta Gartxot Unsain.