Nexgraff pasaitarra Espainiako Estatuko grafitigileen ligako txapeldun izendatu dute

Nexgraff pasaitarra Espainiako Estatuko grafitigileen ligako txapeldun izendatu dute https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2021/05/10

Maitane Legarreta Etxezarreta

Nestor Otaño pasaitarra, Nexgraff izenez ezagutua,  Espainiar Estatuan egiten den Graffitis Battle Spain lehiaketako garaile izan da Diego Anido galiziarrarekin batera. Lehiaketa hau Liga Nacional de Graffitik antolatzen du eta antolatzaileek bi grafitigileak irabazle izendatzea erabaki dute, bien lanaren kalitatea oso parekoa izan delako. 

Nexgraffek garaipena eman zion Dimitriux Platon izeneko grafitia egun bakar batean margotu zuen Pasai Donibanen; hain zuzen ere, Platonen haitzuloaren alegoria abiapuntutzat hartuta egindako adineko baten erretratua da. 17 urte besterik ez ditu pasaitar gazteak baina badaramatza urte batzuk langintza horretan. Familiako kideen artean baditu margolariak, tartean bere aita Aitor Otaño. Nestor bera ere txikitatik aritu da margotzen paperean, harik eta grafiti ikastaroa egiteko parada izan zuen arte. Ikastaroa egiteko lau lagun behar, bat falta, eta aitak eman omen zuen izena semeari laguntzearren. Geroztik, biek egin dituzte horma-irudiak herriko paretetan, besteak beste, Artze, Whiz Kalifa, Maialen Lujanbio eta Berri Txarrak taldearenak. Euren lanak ikusgai daude Instagram zein Youtube kontuetan. Arte Ederrak ikasteko asmoa du Otaño gazteak eta ziur gaude etorkizun oparoko artista izango dela.