New Yorken txakurrak motxilan dituela ibili eta haien adopzioak bultzatzen dituen influencerra
Bryan Reisberg izeneko influencerra txakurtegiko txakur bat motxila berezi batean duela ibili ohi da New Yorkeko kaleetan. Publizista eta zinegilea da bera, eta txakurrekin egindako irteera bakoitza dokumentatu eta bere sare sozialetan zabaltzea erabaki zuen, Best Friends Society erakundeak kudeatzen dituen txakurren adopzioen inguruko informazio- lotura jarrita.
Biral bilakatu zen eta eragin handia izan zuen. Izan ere, adopziorako zain zeuden 34 txakur baino gehiagorentzako etxebizitza lortu zuten. Forbes-en arabera, sare sozialetako bideotan txakurra txakurtegitik kanpo erakusteak 48 ordu baino gutxiagoan adoptatzeko aukerak nabarmen handitzen ditu.
Reisberg eta haren emaztea den Alex Garynek Maxine izeneko txakur bat adoptatu zuten 2015ean. Reisbergi isuna jarri zioten metroan txakurra inolako eramailerik gabe garraiatzeagatik. Horren ondorioz, beste alternatiba bat topatu zuen: txakurra aldean izatea ahalbidetzen zion motxila berezi bat.
Txakurra motxilan eroso agertzen zen irudi eta bideoak sareetan zabaldu eta oihartzun handia izan zuen. Jarraitzaile ugari ditu @madmax_fluffyroad kontuak hainbat plataformatan. Mugikortasun mugatua duten txakurrentzako konponbide beharra ikusita, Reisbergek Little Chonk izeneko enpresa sortu zuen, eta 45 kilo arteko txakurrak garraiatzeko motxilak egiten dituzte.

Maxinen eta motxilen arrakasta ikusita, Chris Equale eduki-sortzaile estatubatuarrak eman zion ideia: hirian zehar egiten zituen ibilaldiak adoptatzeko zain zeuden txakurrei ikusgarritasuna emateko baliatzea. Ideia ona iruditu zitzaion eta horri ekin zion.
Hamar hilabeteko Axl izeneko txakurra izan zen lehena, iazko uztailean. Metroan, parkean, maskoten dendan eta kafetegian ibili ziren, eta guztia bideoan jaso zuen Reisbergek. Izugarrizko erantzuna izan zuen bideoak sareetan, eta ordu batzuen buruan Axlek familia lortu zuen.
Ordutik asteroko jarduna izaten da. Txakurra txakurtegitik atera, eta New Yorkeko kaleetan eta egunerokotasunean murgiltzen dira, bideoen ikus-entzuleek txakurraren izaera, portaera, ezezagunekin duten jarrera eta abar ikus dezaten. Bestelako testuinguru batean murgiltzen ditu haien barrukoa atera dezaten. Eta hala, bideoa ikusten duten askok konektatzen dute animaliekin. Adopziorako bideratutako ibilaldi hauek sariak ere jaso dituzte, Webby Award 2026 eta People's Voice Award hain zuzen ere.

Best Friends Animal Society erakundeko zuzendaria den Julie Castlek ekimen honen eragina nabarmendu du, ibilaldian ateratzen diren txakurrak adoptatzeko mezu ugari jasotzen baitituzte. New Yorkeko hiritar batek adopzio bakoitzeko motxila bat emateko konpromisoa hartu zuen, eta familientzako ehun unitate babestu zituen.
Horretaz gain, erakundeak "Abentura bidelagunak" izeneko programa jarri du martxan New Yorken eta Los Angelesen, eta horri esker txakurtegiko txakurrekin egun bat pasatzeko aukera dago, txakurrek giza-harremana eta sozializazioa izan dezaten.
