Nevada - Rio de la Plata

Nevada - Rio de la Plata https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nevada--rio-de-la-plata/@@download/image/20101182393amer_1361878630.jpg
2010/11/05
erreportajea
Dokumental banak Nevadara eta Argentinara bizimodua ateratzera joandako euskal herritarrei eman die hitza. Gorka Bilbaok eta Nacho Reigek Amerikanuak egin dute, eta Nuria Vilaltak Guk.

Dokumentala, dokumentala izan gabe. "Lehen pertsonan hitz egiten dute, off-eko ahotsik gabe, euren eguneroko zereginetan grabatu genituen… ". Hori da Amerikanuak, zuzendarietako baten hitzetan, Gorka Bilbaoren hitzetan alegia. Nevadako Elko-ra jo zuten Bilbaok eta Nacho Reig kataluniarrak –beste zuzendariak– bertara duela mende erdi artzain joandako euskal herritarrei hitza ematera. Nevada eta Boise. Bi toki horiek hartu zituzten euskal herritar gehien. "Guk Elko nahiago izan genuen, herri kutsua nabariagoa delako, eta gainera nahiko isolatuta dagoelako; Salt Lake City dago gertuen, hiru ordura", azaldu du Bilbaok.

Ia-ia elurra usaindu daiteke pantaila aurrean jarrita, negu gorrian errodatu baitzuten, 0 gradu azpiko hotzberoarekin. Filmeko protagonistek AEBetara iritsita zer bide jarraitu zuten kontatzen dute. Batzuk, gehientsuenak ez esatearren, artzain jardun ziren, baina izan zen beste ogibiderik hautatu zuenik ere. Adinduak dira Bilbao eta Reigen kameren aurrean solastu diren euskal herritarrak, eta dokumentalean ederki islatzen da haien guztien arteko lotura estua. Familia handi baten gisara, Star hotel dute koartel generala. "Larunbatetan euskal herritarrek bertan bazkal dezaten itxi egiten dute, eta ondoren, musean jokatzen dute". Sentipenak, jakina, bor-bor ateratzen dira: "Ez dugu haien bizimodua kronologikoki azaldu nahi izan, sentipenak azaleratu baizik", zehaztu du zuzendariak. "Bizirik dagoen paketea bezala iritsi ginen hona", gogora ekartzen du Nevadako euskal herritarretako batek. "Lau hankakoen atzetik, ardi zikinen atzetik", beste batek.

Eta euskara? "Dokumentaleko protagonistek euskaraz hitz egiten dute haien artean; batzuek ez dakite gaztelaniaz. Haien ondorengoei dagokienez, ama euskalduna dutenek gertuagokoa dute euskara", kontatu du Gorka Bilbaok.
Gernikako Audience musika taldeak konposatu du dokumetalerako musika. "Oso pozik gaude gertuko jendearekin aritu garelako. Baina laguntasuna alde batera utzita, aukera asko eman digu lan honek. Esaterako, irudien gainean sortu dugu musika", azaldu du Audienceko Gaizka Insunzak. Lan berezia izan denik ez du ukatu musikari bizkaitarrak, baina aparteko zailtasunik ez dute izan. "Duela bizpahiru urte bagenekin dokumentala egin nahi zutela eta zer bilatzen zuten. Musikak aire asko du, hau da, akustikoa egin dugu batik bat: kontrabaxua, banjoa, dobroa… Musika tresna horiek guztiak erabili ditugu. Gitarra elektrikoa, aldiz, oso gutxi".  Laburbilduz, urteen joanarekin bete duten zakutik zerbait atera izanaren irudipena du Gernikako musika taldeak, hots ez dutela ezer berezirik sortu behar izan. "Gure musikak badu kutsu zinematografikoa; hasiera, garapena eta amaiera du, eta baita kutsu estatubatuarra ere; hori behar zuen dokumentalak".

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Amerikanuak eta, gauzak ondo, otsailean edo martxoan zinema aretoetara iritsiko da. Aurretik, hainbat ate jotzen ari dira, euren lana han eta hemengo zinema jaialditan erakust dezaten. Goteborg, Nyon edota Sundanceko (Kanada) jaialdietan txokoa egitea espero dute.

Road movie-a

Nuria Vilalta 28 urteko bilbotarrak Guk izenburudun dokumentala egin du, Argentinako Rio de la Platako bi aldeetan bizi diren euskal herritarren eta haien ondorengoen gorabeherak –zergatik utzi zuten sorterria, esate baterako– eta kultura ezagutzera emateko. Bertakoen testigantzekin batera, zenbait irakaslerenak, kazetarirenak eta historialarirenak ere jaso ditu.

Argentinara ikastera joan zen duela urtebete pasatxo Nuria Vilalta, eta denbora tarte honetan errodatu du dokumentala. Road movie modukoa da; herriz herri eginiko bidaia ikusten da lanean. Oraingoz, bere patrikatik atera ditu sos guztiak bilbotar gazteak, baina espero du laguntza publiko zein pribatuak eskuratzea.
Egileak argitu du filmak ez duela bakarrik ikuspegi historikoa. "Gertatutakoa ezagutzera emateaz gain, dokumentalak hunkitu nahi du, eta xehetasunetan sakondu". Badu, beraz, zer ikusirik Bilbao eta Reigen lanarekin. 

AUDIENCE LAMIA ESTUDIOAN IV from Berde Produkzioak on Vimeo.