Neurozientziaren arabera, orgasmo femeninoak hiru motatakoak izan litezke
Orgasm Equiality: Scientific Findings and Societal Implications deitutako 2020ko ikerketa batean 800 pertsonek parte hartu zuten. Eskuratutako ondorioen arabera, izaten dituzten ekintza sexualen %91tan eskuratzen dute orgasmoa gizonezkoek; emakumeek, aldiz, %39tan soilik.
Orgasmo femeninoaren zifra baxuak azaldu ditzaketen kausa ezberdinak badaude ere, Pragako Unibertsitateak egindako aurkikuntzaren arabera, orgasmo femeninoan hiru motatako adierazpen muskularrak existitzen omen dira.
Ikerketaren arabera, orgasmoan, emakumeen edo bulba duten pertsonen zoru pelbikoko muskuluak patroi ezberdinetan mugitzen dira: olatu moduan, sumendi moduan edo elur-jausi moduan.
Ikerketak 54 emakume bildu zituen eta Lioness deitutako bibragailua eman zien, zeina Bluetooth bidez konektatzen den. Bibragailuak zoru pelbikoaren uzkurduraren indarra neurtu zuen emakumeek orgasmoa eskuratzen zutenean.
“Olatu” moduko orgasmoen kasuan, muskuluen askapena dela eta askapen olatu errenkada gertatzen da. “Elur-jausi” motan tentsioa estimulazio fasean kontzentratzen da eta murriztu egiten da orgasmora iristean. Azkenik, “sumendi” moduan, eztanda amaieran gertatzen da, zoru pelbikoan tentsioa azkar askatzen denean.
54 emakumeetatik 26k “olatu” moduko orgasmoa esperimentatu zuten, 17k “elur-jausi” orgasmoa eta 11k “sumendi” orgasmoa. Alabaina, litekeena da parte-hartzaileren batek mota bat baino gehiagoko orgasmoak esperimentatu izana.

