Netflixen boikota Georgiari

AEBetako Georgia estatua Hollywoodeko ehunka film eta telesailen eszenatoki gogokoena izan da orain arten, besteak beste, inpostu gutxi ordaindu behar dituztelako ekoizleek. Hala, 2008 urtetik gaur egun arte, denon ahotan egon diren ekoizpenak errodatu dira bertan: Black Panther, Avengers, The Walking Dead , Stranger Things... etab.
Baina mauka amaitzeko zorian dago, Netflix eta Hollywood erdiak estatuari boikota egiteko mehatxua zabaldu dutelako. Arrazoia? Hil honetan Brian Kemp Georgiako gobernadoreak abortoa debekatzen duen legea onartu duela. Zehazki, fetuaren bihotz taupadak entzun daitezkeen unetik debekatu dute abortua. Ondorioz, zinemagintzaren industriak estatuan errodatzeari utziko diola adierazi du, protesta moduan. Hain zuzen, Netflix kateak The Variety aldizkarian argitaratu du estatuan inbertitzeari uzteko asmoa duela.
Boikot honek sekulako eragina izan dezake estatuaren ekonomian, zinemagintzak urtean 2,7 mil milioi dolar uzten dizkiela kontuan hartuta. Hain zuzen, 2016an antzeko zerbait gertatu zen; urte horretan, estatuak alderdi erlijiosoei beren sinismenak ezbaian jartzen zituzten talde sozialak betatzeko eskumena eman zien. Ondorioz, estatuan homosexualen aurkako hainbat neurri hartu zituzten, hala nola, adopzioak ekiditea. Egoera horren aurrean, Disney eta Marvel ekoizetxeek boikoterako mehatxua luzatu zioten Georgiari, eta legea ez zen aurrera atera.
Zoritxarrez, abortuaren inguruan denak ez daude ados zinemagintzaren industrian, eta beraz, protestak ez dira horren eraginkorrak izan. Hala, bi traola ezberdin jarri dituzte martxan, eztabaida erdibituz: #FairFightGA eta #Boycottgeorgia. Horregatik, biziki garrantzitsua da Netflixek hartu duen jarrera irekia estatuaren aurkako boikotari deituz: "Georgian guretzat lan egiten duten emakume asko daude, eta lege honek beren eskubideak murriztuko ditu. Lanean jarraituko dugu, baina legea onartzen badute, alde egiteko erabakia hausnartuko dugu" adierazi dute plataformako arduradunek The Varietyn. Bestalde, The Handmaid's Tale telesaileko zuzendari Reed Moranok argi utzi du bere hurrengo proiektua (The Power, Amazon) ez duela Georgian errodatuko.