Netflixeko edukia iragarkirik gabe ikusi nahi baduzu, gehiago ordaindu beharko duzu irailetik aurrera

Netflixeko edukia iragarkirik gabe ikusi nahi baduzu, gehiago ordaindu beharko duzu irailetik aurrera Oporren buelta uste baino gogorragoa izango da, bai, plataforma batzuek prezioa igotzeko aprobetxatuko baitute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/netflixeko-edukia-iragarkirik-gabe-ikusi-nahi-baduzu-gehiago-ordaindu-beharko-duzu-irailetik-aurrera/@@download/image/pexels-cottonbro-4009409.jpg
2025/08/14

Testua: Maitane Legarreta

Oporren buelta uste baino gogorragoa izango da, bai, plataforma batzuek prezioa igotzeko aprobetxatuko baitute.
Netflixeko edukia iragarkirik gabe ikusi nahi baduzu, gehiago ordaindu beharko duzu irailetik aurrera

Netflixen filmak edo telesailak ikusten aritzen bazara, iraileko aldapa zertxobait handiagoa izango da streaming plataforma ezagunak hartu duen erabakia dela eta. 

Duela urte batzuk kontu partekatuen politikak aldatu zituen Netflixek, eta familiako kide eta lagunekin gastuak partekatzeko aukera bertan behera geratu zen. Orain, berriz, oinarrizko kontua kendu du, hilean 9,99 euroko prezioa duena. Harpidedun berriek ez dute izan modalitate horretan harpidetzeko aukerarik, baina aurrez harpidedun direnek ere galdu egingo dute aukera hori irailaren 1etik aurrera. 

Irailetik aurrera bi aukera izango dira erabiltzaile horientzat: 6,99 euro balio dituen eta iragarkiak dituen plan estandarra, edo 13,99 balio dituen iragarkirik gabekoa. Lehen aukera ez da hain ona, gainera, iragarkien etenaz gain, eduki batzuk mugatu egingo baititu. 

Beraz, lehengo ezaugarri berak mantentzekotan, lau euro gehiago ordaindu beharko dira hilean. Hau da, urtean 48 euro gehiago kostatuko da. Diruari askorik erreparatu behar ez dionak, berriz, Premium kontua ere badu, 19,99 euroan.

Oinarrizko Plana zutenek hiru horien artean aukeratu beharko dute, eta ezer egin ezean, iragarkidun plan estandarra egokituko zaie. Aipatu bezala, honek 6,99 euroko kostua du. Hiru euro gutxiago ordaindu beharko dira kasu horretan,  baina edukiak ikusterakoan etenak izango dira iragarkiak direla eta.

Spotify-k ere Premium kontuaren prezioa igoko duela jakinarazi du. Euro batekoa izango da igoera, eta irailetik aurrera 11,99 euro ordaindu beharko da hilean. Euro bakarrak gauza gutxi dirudi, baina urtean hamabi euro dira. Estu dabilen gaztearentzat igoera hauek kontuan hartzekoak izan daitezke.