Netflixek bere TikTok propioa sortu du

TikToken iraultza handiena etenik gabe bata bestearen atzetik azaltzen diren bideo bertikal motzak emititzea da. Hala, sare sozial honek guztiz konkistatu du publiko gaztea, eta dagoeneko, gainontzeko sareak eta plataformak TikTok imitatzen hasi dira. Lehenak Instagram eta Youtube izan dira, formatu bertikaleko bideoen arrakasta imitatuz, eta orain, Netflix ikus-entzunen plataformak ere, bideo motz bertikalen aukera jarri du martxan.
'Fast Laughs' izenarekin bataiatu dute aukera berria, eta azaldu dutenez, bertan telesail zein monologo azkarrak eskainiko dituzte, bertikalean eta labur. Noski, aukera hau mugikorrean kontsumitzeko pentsatua dago; bideo bakoitzaren alboan hainbat aukera agertuko dira, bideoa gorde, ikusi ala elkarbanatzeko.
Netflix iaztik dabil aukera berri honekin esperimentuak egiten, eta orain modu ofizialean jarri du martxan iOS mugikorretan. Dena den, ez da Netflixen eskainiko duen berritasun bakarra; TikTok imitatzearekin batera, Instagrameko stories-en antzeko zerbait abiatzeko asmoa dauka, kasu honetan trailerrak ezagutzera emateko helburuarekin. ClubHouse-ren arrakasta imitatuz, bestalde, soilik ahotsa landuko duten audio liburuekin probak egiteko asmoa ere badute.