Netflix, HBO eta Amazonek apirilean dakarten eskaintza

Netflix, HBO eta Amazonek apirilean dakarten eskaintza Honek luzerako joko duela dirudienez, ez ernegatzeko onena plataforma ezberdinek apirilerako programatua dutenaren artean aukeraketa bat egitea da. Hona hemen eskaintza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/netflix-hbo-eta-amazonek-apirilean-dakartena/@@download/image/tv.png
2020/03/31

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Honek luzerako joko duela dirudienez, ez ernegatzeko onena plataforma ezberdinek apirilerako programatua dutenaren artean aukeraketa bat egitea da. Hona hemen eskaintza.
Netflix, HBO eta Amazonek apirilean dakarten eskaintza

Koarentenak zerbait onak ekarri badu, atzeratuak zenituen telesail eta pelikulak ikusteko denbora izan da. Jada egunean bazaude zure ikusi beharrekoekin lasai, Netflix, HBO eta Amazonek telesail eta pelikula berri ugari estreinatuko dituzte eta apirilean.

La Casa de Papel (4. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 3
Plataforma: Netflix
Ez da harritzekoa ingelesez ez den historiako telesailik ikusiena bihurtu izana. La Casa de Papel telesailak adikzioa sortzen du eta oso ongi erabiltzen ditu plot twist-ak. Ostiral honetan itzultzen da kapitulu berriekin.

Killing Eve (3. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 28
Plataforma: HBO
Aurkakoak diruditen bi emakume dira protagonista. Bata hiltzaile odoltsu eta profesionala da. Bestea MI5eko agente burutsu bat. Biak badute elkarrengana erakartzen dituen zerbait. Pantailara itsatsita mantenduko zaituzte bi pertsonaia karismatiko hauek. 

La Casa de las Flores (3. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 23
Plataforma: Netflix
Telenobela mexikar klasikoaren berrasmakuntza millenniala da. Lehen denboraldi bikainaren ostean, bigarrenean kalitatea apur bat jaitsi zen. Apirilean dator hirugarren eta azken denboraldiarekin. Ea lehen denboraldiko kalitatea ere itzultzen den!

Run (1. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 13
Plataforma: HBO
Ruby-k bere unibertsitate garaiko mutil lagun ohiaren mezua jasotzen du. Testuak hauxe bakarrik dio: Egin korri. Orain dela 17 urte egin zioten promesa datorkio gogora: bietako norbaitek esaldi horrekin mezua bidaltzen bazuen dena utziko luke besteak berarekin Gran Central estazioan elkartzeko eta elkarrekin bidaiatuko lukete Estatu Batuetan zehar. Run Phoebe Waller-Bridge-k (Fleabag, Killing Eve) ekoiztutako thriller komikoa da. 

Mrs. America (1. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 15
Plataforma: HBO
Phyllis Schlafly-ren larruan jarriko da Cate Blanchett. Schlafly berdintasunaren aurka azaldu zen legegile estatubatuar eta emakumezkoa zen. Politikari kontserbadore eta antifeministaren profil polemikoaren bitartez AEBen kontserbadurismoaren erradiografia burutzen du telesailak.

The Hustle (pelikula)
Estreinaldia: Apirilak 1
Plataforma: Amazon Prime Video
Anne Hathaway Modern Love telesailean ikusi ondoren, oraingoan pelikula batekin dator. Maila altuko iruzurgileak dira biak: bata estatus altukoa, bestea aldirietakoa. Biek elkartzea erabakitzen dute gizonezkoei iruzur egiteko. 1988ko Dirty Rotten Scoundrels komediaren remake-a da.

The 15:17 to Paris (pelikula)
Estreinaldia: Apirilak 1
Plataforma: Amazon Prime Video
Clint Easttwood-en pelikula berria benetako istorio batean oinarritua da: 2015eko abuztuaren 21ean Paris helmuga zuen tren batean burutu gabe geratu zen eraso terrorista. Pelikulak erakusten du nola hiru gaztek lortu zuten erasoa ez gauzatzea eta 500 bidaiariren bizitza salbatzea. 

The Midnight Gospel (1. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 15 
Plataforma: Netflix
Adventure times telesail animatuaren zalea bazara pozik egon zaitezke. Telesail jada klasiko haren sortzailea animazio berri batekin dator eta. The Midnight Gospel-en bidaia intergalaktikoak eta mundu arraroak egongo dira. Bertan protagonistak hiltzear dauden munduak bisitatuko ditu.

Ready Player One (pelikula)
Estreinaldia: Apirilak 1
Plataforma: HBO, Amazon Prime Video, Netflix
2018ko Spielberg-en pelikula hau izen bereko liburu batean oinarrituta dago eta hiru plataformetan eskuragarri egongo da aldi berean. Bere garaian ikusterik izan ez bazenuen, une egokia da zientzia fikziozko mundu utopiko hau ezagutzeko. 

Countdown (pelikula)
Estreinaldia: Apirilak 1
Plataforma: Amazon Prime Video
Black Mirror telesailarena dirudien beldur teknologia helarazten du istorioak: noiz hilko zaren zehazki esaten dizun app-a. Hori bai, nola ez du esaten. Erabiltzaileak erotu egiten dira euren heriotza ekiditeko ahaleginetan, ez al ditu horrek bere heriotzara bete betean bideratzen? 

What We Do in the Shadows (2. denboraldia)
Estreinaldia: Apirilak 15
Plataforma: HBO
Frikien telesail kuttunetakoa bilakatu da banpiroetan oinarritutako komedia bikain hau. Izenburu berdina duen pelikulan oinarrituta, telesail bilakatu da pertsonaia berriak gehituz. Umore apur baten beharrean bazaude ez galdu.