Netflix-ek “Squid Game” errealitate bihurtuko du "reality show" baten bidez
Horretaz gain, telesailaren bigarren denboraldia ere baieztatu du. Telesail arrakastatsuaren bigarren denboraldia 2023. urte amaieran edo 2024. urte haieran iritsiko da gure pantailetara. Horrenbeste itxaron ezin duten zaleentzat, ordea, Netflix Squid game-n oinarritutako reality show bat prestatzen dabil. Telesaik korearrean bezala 456 partaide milioi askoko saria eskuratzen saiatuko dira… horrek bizia galtzea suposatuko badu ere? Hori ikusteko dago. Dakiguna da Squid Game: The Challenge izenez igorriko dela.
Saria 4,56 milioi dolarrekoa izango da, reality show batek sekula eman duen saririk potoloena. Argi dago irabazten duenari bizitza goitik behera aldatuko zaiola. Partaideek telesailean oinarritutako hainbat proba burutu beharko dituzte, estrategiak sortuz, aliantzat eginez... eta proba gainditzen ez dutenak “ezabatuak” izango dira. “Asko dago jokoan, baina esku hutsik etxera joatea da gerta dakizukeen txarrena”, azaldu du Netflix-ek komunikatu batean.
Telesail originalean lehiakide galtzaile eta zordunek hainbat probetan parte hartzen dute. Bakoitzean, proba gainditzen ez dutenak, literalki, ezabatuak izaten dira bakarra geratzen den arte. Hawng Dong-hyuk-ek idatzi eta zuzendutako telesailak plataformaren errekor guztiak hautsi zituen 1,650 milioi erreprodukzio eskuratuz.
Reality show-ak 10 atal izango ditu eta Erresuma Batuan grabatuko da laster. Proiektuan parte hartzea interesatzen bazaizu izena emateko epea irekita dago hemen. Hori bai, baldintza gutxi batzuk bete behar dira: 21 urte baino gehiago edukitzea eta Netflix-ekin edota All3 Media Group (ekoiztetxearekin) inongo harremanik ez edukitzea.

