Neskentzako gorputz eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabeko etorkizuna eskatzen du Emakunderen kanpainak

Neskentzako gorputz eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabeko etorkizuna eskatzen du Emakunderen kanpainak Sare sozialen, bideo-jokoen, komunikabideen eta modaren aldetik izaten den "irudi perfektu eta hipersexualizatuen bonbardaketa" nabarmendu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/neskentzako-gorputz-eta-itxura-fisikoaren-gaineko-presiorik-gabeko-etorkizuna-eskatzen-du-emakunderen-kanpainak/@@download/image/1200x548-EUS.jpg
2022/03/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sare sozialen, bideo-jokoen, komunikabideen eta modaren aldetik izaten den "irudi perfektu eta hipersexualizatuen bonbardaketa" nabarmendu dute.
Neskentzako gorputz eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabeko etorkizuna eskatzen du Emakunderen kanpainak

Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da eta Emakunderen kanpainak emakumeek itxura fisikoaren inguruan izaten duten presioan jarri du begirada egun honi lotutako kanpainan: "Gizartearen aldetik neskek, eta emakumeek oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasan behar duten presioa gehiegizkoa da, gorputzen nahitaezko <<perfekzioaz>>, ezarritako edertasun-kanon zorrotzaz, hipersexualizazioaz eta gorputzen kontzeptualizazio gero eta merkantilistagoaz".

Lau neskato dira kanpainaren protagonistak, eta honen helburua da gizarteari erakustea "garaiz gaudela emakumeen hurrengo belaunaldiei beste etorkizun bat eskaintzeko, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gaineko presiorik gabe, presio horrek asko mugatzen duelako haien bizitza". Kanpainak itxaropen mezua zabaldu nahi du: "Garaiz gaude datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko".

Kanpainak "Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?" galdera du ardatz, neskatoek eurek egiten dutena gorputz "perfektu" eta hipersexualizatuen irudien bonbardaketaren aurrean. Izan ere, "egunero jasotzen dituzten irudiak dira sare sozialen, bideo-joko askoren, komunikabide batzuen eta modaren sektore batzuen aldetik".