Neskak, mutilak eta bideojokoak

Neskak, mutilak eta bideojokoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/neskak-mutilak-eta-bideojokoak/@@download/image/82p44sexu.jpg
2008/02/01
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta sexologoa
Neska ala mutila izan, bideojokoekin gozatzera bultzatu nahi zaituztegu; begirada kritiko batez hurbiltzera eta haien inguruko zuen iritzi propioa sortzera. Bideojokoen artean ondo aukeratzea ona izan daiteke! 

Gertatu zaizu horrelakorik?
•"Neska batek partida batean irabazten badit, beste mutilek iseka egiten didate, neska hori jokoan ni baino ordu gehiagotan ibilia edo zaharragoa izan daitekeen arren. Zergatik?".

•"Mutil bati partida batean irabazten badiot, ez dute onartzen bera baino iaioagoa naizenik; zortea besterik ez dela izan esaten didate. Horrek amorru handia ematen dit".
•
"Neska naiz eta 'mutilen' bideojokoetan jolastea atsegin dudalako, gainerako neskek gaizki begiratzen didate, 'marimutila' banintz bezala".
•
"Joko berrietan mutilek jokatzen dute, eta ni zaharretan jokatzearekin konformatzen naiz; horrela eroso sentitzen naiz".
•
"'Neskentzako' bideojokoak (arrosa koloreko kaxan datozen horiek) makillaje, moda eta antzeko gaiei buruzkoak izaten dira. Neska naiz, eta ez ditut atsegin".
•
"Nire nebak ez dit gure bideojokoa uzten bera nekatu arte. Badirudi 'mutilena' dela. Gurasoek ez didate jaramonik egiten, kexatzen naizenean. Eskolako patioarekin gauza bera gertatzen zen; mutilek hartzen zuten ia beti toki osoa".

Jabetu zara?

Bideojokoek neskez eta mutilez ematen duten irudia eta haiei ematen dizkieten zereginak oso desorekatuak izan ohi dira; estereotipatuak, sexistak hitz batean. Horrek, bizitza errealean, eragin txarra izan dezake sexuen arteko harremanetan. Horretaz zenbat eta kontzienteago izan, orduan eta gutxiago eragingo digu.

Nahiz eta azken aldian enpresa multinazionalek emakumeentzat propio pentsaturiko produktuak prestatu dituzten —diru sarrerak handitzeko—, erabiltzaile gehienak gizonezkoak izan dira eta dira oraindik. Jokoen diseinatzaileak ere gizonezkoak izaten dira normalean.

Zure bideojokoetako emakume
birtualak nolakoak dira?
Gehienetan edo askotan:
•
Produktuaren erakargarri gisa erabiltzen dira; ez protagonista aktibo gisa?

•Gizonezkoekiko dependenteak dira?
•
Bigarren mailako zeregina dute? Menperatutakoarena, agian?
•
Pasiboki jokatzen dute?
•
Biktimak dira? Bahitutakoak dira, adibidez, eta gizon batek askatu behar ditu?
•
Euren desirak erreprimitzen dituzte, eta besteenak gailentzen dira?
•
Apaingarri hutsak dira?
•
Gorputz erakargarriak dituzte —bular handiak, ipurdi borobilak, gerri estu-estuak…—?

Eredu estetiko ez-osasuntsu edo/eta irrealak dituzte?
•
Gizonak izango balira bezala jokatzen dute?
•
Haien janzkera bat dator egiten ari direnarekin?
•
Gorputzaren erotikotasuna baloratzeko janzkera daramate?
•
Gazteak, irribarretsuak, zuriak, altuak, ederrak eta 'probokatzaileak' dira?

Zein zeregin dute emakume birtual hauek? Posible da, bideojokoetan, gizonek ere rol horiek izatea? Ongi baloratuko genituzke, orduan? Zer irudituko litzaizuke? Zer eskatzen diegu neskei? Zer, mutilei? Gure espektatibak errealistak dira?

Bi sexuen aniztasuna onartzeko prest gaude?

SEXESALDIA


Woody Allen-en esaldia: “Sexua barrerik egin gabe egin daitekeen gauzarik dibertigarriena da.”   

SEXIDEIA



Bat baino gehiago garenerako: Elkar ukitu gabe pasatzeko egun bat hitzartu: eguna eta ordua. Bitartean elkar zirikatu. Epea amaitzen denean, gogo handiagoa izango duzue.

Bakarka ala konpainian: Ispiluen aurrean izan harremanak. Ispiluekin jolastu.

SEXESKUBIDEA


Autonomia sexual, osotasun sexual eta gorputz sexualaren segurtasun eskubidea. Norberaren bizitza sexualaren alorrean erabaki autonomoak hartzeko ahalmena jasotzen du eskubide honek; beti ere pertsonaren eta gizartearen etikan kokatuta. Geure gorputzaren kontrola eta gozamena ere jasotzen ditu, tortura, ebaketak eta bortizkeria baztertuta.

SEXEGUNA


Otsailak 14: Sexu Osasunaren Europako Eguna
Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Eguna