Nerea Urbizuk sortu du 22. Korrikaren 'HitzEkin' abestiaren musika

22. Korrikak badu abestia! HitzEkin izenburua du, eta Nerea Urbizu da abestiaren zuzendari artistikoa. Ane Garcia, Anari eta Nerea Urbizuk jarri diote ahotsa, eta hitzak Sustrai Colinak idatzi ditu. Bideoa, berriz, Eymard Uberetagoena (Tripulante Produce) ekoizleak egin du.
Nerea Urbizu sortzailearen hitzetan, "abestia emozionala da, soziala. Pop kutsua dauka gehienbat, eta hiru adin desberdineko emakumek abestua da, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko". Mezuari dagokionez, "irekia" izan arren, "balore garrantzitsuak" bultzatzen dituela adierazi du: "ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea".
Eymard Uberetagoenak ekoiztutako bideokliparen harira, "hainbat istorio biltzen dituen film laburra" dela aipatu du Urbizuk. "Jendeak korrika egiteko motibazio ezberdinak dituen moduan, gure KORRIKArekin ere halako zerbait gertatzen da: sentsibilitate desberdineko jendea biltzen diruen arren, denoi eragiten digu indar bat, poz bat, babes bat".
22.Korrikaren leloa eta abestiaren izenburua ere baden HitzEkin kontzeptuaren esanahia gogorarazi du Asier Amondo Korrika arduradunak: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea". Era berean, "unea orain dela" adierazi du, "euskara hitzetik ekintzara pasatzeko unea. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak emateko jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko".