Nerea Sancho: “Ezartzen dizkiguten ereduak terrorismo hutsa dira"

Nerea Sancho: “Ezartzen dizkiguten ereduak terrorismo hutsa dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerea-sancho-ezartzen-dizkiguten-ereduak-terrorismo-hutsa-diraquot/@@download/image/87p26nereasex_1363301406.jpg
2008/07/04
elkarrizketa
Testua: Alberto Irazu. Argazkiak: Galder Izagirre
Hilero-hilero, sexuaz idazten du GAZTEZULO aldizkariko orrialdeetan. Zuetako askok, paperetik internetera salto eginda, berarengana jo duzue GAZTEZULO.COM webguneko sexu-kontsulten bitartez, eta berari egin diozue aspaldi bueltaka zenuten galdera hori: koitoa, orgasmoa, zakila, bagina, klitoria… betiko kontuek zenbat buruhauste eragiten dizkiguten oraindik! Nerea Sancho da, GAZTEZULOko sexologo eta psikologoa. Bazen aurrez aurre ezagutzeko garaia, ezta?

Donostiako Arteleku gunean geratu gara elkarrizketarako. Artelekura iritsitakoan, buelta batzuk eman ditugu pasilloetan Nerea ezin topaturik. Azkenean, ikasgela-jangela moduko leku hibrido batera heldu, eta lehioaz bestaldera begiratuta, patio moduko batean ikusi dugu. Aulki baten gainean zutik dago; argazkilariarentzako posatzen. Alkandora txuria darama, eta elkar agurtu ostean, horretan joan zaizkigu lehen hitzak; ez dela gauza erraza alkandora ondo plantxatzea, abilidadea behar duela, eta abar.

Nereak hogeita hamar urte ditu, baina curriculum luzea du dagoeneko. 2005. urtean, Goxoki.com zerbitzua sortu zuen Atseginez elkarteko beste “lau katurekin batera”. Sexuari eta harremanei buruzko zalantzak argitzea da Goxoki-ren helburua, eta oso pozik daude orain arte egindako lanarekin. Gaur egun, Nerea sexologo lanetan ari da Gasteizko Udaleko Aholkularitza Zerbitzuetan, eta irakasle lanetan ere badabil EHUn, Hezkuntzaren Ikerketa irakasten.

Halako martxa azkarrarekin, Nerea “nomada gisa” omen dabil beti, han eta hemen hortzetako-zepilloak prest dituela, “bost, guztira”. Donostia, Gasteiz eta Altzo ditu bizitoki, baina Bilbon eta Madrilen ere sarri izaten da. Leku horietan guztietan dauka non lo egin, lagun asko dituela seinale.

Joan den urteko maiatzetik hona, hilero-hilero, Nerea sexuari buruzko erreportajeak kaleratzen ari da GAZTEZULOn. Horrez gain, erabiltzaileek egindako kontsultak erantzuten ditu GAZTEZULO.COM weborrialdean. Gero eta gazte gehiagok jotzen dute berarengana zalantzak eta kezkak argitzeko.

Zerk bultzatu zintuen psikologia eta sexologia ikastera?

Nik dekoratzailea izan nuen, eta hori baino lehenago, arotza. Baina hamasei urte nituenean, ikusi nuen harremanak zailak zirela, eta hor bizitzaren esentzia moduko bat zegoela. Alor batzuk oso garrantzitsuak dira bizitzan: arkitektura oso garrantzitsua da etxebizitzak behar ditugulako, edo medikuntza, gaixotzen garenerako. Baina, aldiz, jendearen ongizateak kezkatzen bazaitu, astronauta izatea ez zait oinarrizkoa iruditzen. Bere garaian, iruditu zitzaidan psikologian zegoela gauza askoren funtsa, baina psikologia ikasten hasi nintzenean, konturatu nintzen benetako muina sexualitatea zela, gizaki guztiak sexudunak garelako, eta horren arabera eraikitzen dugulako gure bizitza.

Psikologiak sexologiara eraman zintuen, beraz…

Bai, baina gainera, gauza bitxi bat gertatu zitzaidan. Garai hartan, oso zaila zen nire lagun onenarekin goizean goiz geratzea, asko gustatzen zitzaiolako lo egitea. Esaterako, ez zen inoiz goiz jaikitzen nirekin mendira joateko, baina maitemindu zenean, boteprontoan, sekulako motibazioa sortu zitzaion goizean jaikitzeko. Nire lagunminarengan halako aldaketa ikustea, horrek ikusarazi zidan zein garrantzitsua den maitasuna eta sexua pertsona batentzat. Eta nire buruari esan nion: hau ezagutu behar dut!  

Umetan inork gutxik esaten du handitan sexologo izan nahi duela; besteak beste, ez dakielako sexologoak direnik ere. Baina gauza harrigarria da gaur egun gizarteak nola umeak eta zaharrak asexuatu gisa tratatzen dituen, eta nola, argi eta garbi, sexua gaztetasunarekin lotzen duen.

Bai, hori akats handia da. Ez da onartzen haurren sexualitatea, sexualitate propio bat bezala, helduenarekin konparatu behar ez dena. Umeen alor horretan lan pittin bat egiten ari naiz, Kilimak liburuak argitaratzen eta bilduma hori osatzen. Pertsona zaharrekin antzeko zerbait gertatzen da, baina gehiago aurreratu da haurrekin baino. Biagra dela-eta merkatu handia ikusi dute hor, eta produktu gehiago saltzeko irrika horrek aldaketa txiki bat eragin du. Hala ere, aurreiritzi piloa dago oraindik.

Nola txertatu beharko litzateke sexu heziketa eskoletan?

Gaur egun, sexu heziketa derrigorrezko edukia da eskoletan, baina zehar-lerroa da; alegia, ez da ikasgaia, baizik eta ikasgai guztietan landu beharko litzatekeen zerbait. Eta azken batean, horrek esan nahi du ez dela benetan inoiz lantzen, ez bada sexologo bat eskolan azaldu delako, parakaidista baten gisa, ordu batzuk ematera. Nire ustez, txiki-txikitatik, sexu-hezkuntzak derrigorrezkoa izan behar du eskolan, eta ez zehar-lerro bezala. Kontua da  umeen gurasoek beldurra izaten dutela, sexu heziketaren ondorioz sexu harremanak ugaritu egingo direla uste dutelako. Funtsean, bi ideia daude gurasoen beldur horren atzean: sexu harremanak izatea txarra dela, eta hori bultzatu egiten dela. Baina sexu heziketak gauza bakarra egiten du: tresnak ematen dizkigu pertsona bakoitzak askatasunez erabaki dezan noiz eta zer egin, norekin egin, eta nola eta zein baldintzatan egin.

[Joan den urteko irailetik hona, Nereak ehun bat kontsulta erantzun ditu GAZTEZULO.COMen. Nagusiki, neskek jotzen dute berarengana, baina mutilak ere ez dira gutxi. Koitoa, orgasmoa, genitalak, masturbazioa, plazerrik eza… gai batzuk behin eta berriz errepikatzen dira kontsultetan. Kezka horiek behin eta berriz irakurrita, argi dago uste baino askoz gutxiago aurreratu dugula sexu kontuetan. Betiko buruhausteek hor jarraitzen dute, betiko galderaikur astunekin].
    
Duela hamarkada batzuk ezjakintasun handia zegoen sexuaren inguruan. Gaur egun,  informatuago gaude benetan?  
Informatuago gaude, baina informazio gehiena ez da kalitatezkoa. Kalitate txarreko informazio piloa dago sexualitatearen inguruan, eta bestalde, informazio hori erabiltzen jakiteko heziketa behar da. Heziketa formalik gabe, gurasoak hezi gabe… no future, ez dago etorkizunik.

Zer dute komunean GAZTEZULO.COMen erantzuten dituzun kontsultek? Zer ikusten duzu haien atzean? 
 
Kontsultak egiten dituzten asko nerabeak dira, eta arazoa dute, sexuan dituzten espektatibak ez direlako betetzen. Gazteak ez dira lel0ak, eta arazoa ez dago beraiengan: haiek ondo egon nahi dute euren buruarekin eta ingurukoekin, baina buruan sartu dizkieten espektatibak hain irrealak dira, helburuak hain gezurrezkoak dira… Hor paradoxa bat dago, eta ona da erakustea. Gehienek ariketa bakarrarekin lotzen dute sexua: sarketarekin, mutil baten zakil eta neska baten baginaren arteko sarketarekin. Eredu hori buruan dugun bitartean, arazo eta kezka piloa sortuko dira, horrek errealitate guztia baldintzatzen duelako, eta ez duelako kontuan hartzen ez sentimenduen aniztasuna, ez erakarpenena, ez jokabideena, ez adinena… Eredu horrek ez du ia ezer kontuan hartzen.

Zakila, zakila, zakila. Horra, mutilen buruhauste nagusia.

Mutil nerabeak erabat matxakatuta daude Nacho Vidal aktore pornoarekin. Niri pena ematen didate, erreferente bat sartu dietelako buruan, eta haiek ez direlako inoiz Nacho Vidal bezalakoak izango, ezta beharrik ere! Gazte horiek pentsakera aldatzen ez duten bitartean, beti konplexuz beteta biziko dira.

Beraz, film horiek dekodifikatzeko gauza ez badira, film pornoak kaltegarriak izan daitezke mutilentzat…

Film horiekin berotzen badira eta ondo pasatzen badute, primeran; baina hori bada haiek lortu behar dutena, haiek izan behar dutena, akabo! Film batek erakusten duena eta errealitatea bereizteko gauza izan behar dute.

Eta nesken kasuan?

Emakume gorputz modelo bat inposatzen ari da, lortzen ezinezkoa dena. Kontuan har ezazu, publizitatean bertan, argazki asko muntajeak izaten direla: baten ipurdia hartu, beste baten bularrak erantsi… eta horrela. Neskek eredu horrekin konparatzen dute euren burua, eta beti galtzaile ateratzen dira; emakume guztiak ateratzen dira galtzen. Garbi izan behar dugu gorputz guztiak errepikaezinak direla, pertsonak errepikaezinak direla, eta gero bakoitzak grazia emango diola bere gorputzari. Eredu hau terrorismoa da, terrorismo hutsa. Gainera diru pilo bat ordaindu behar da ez dakit noren ilea lortzeko, zelulitisa kentzeko, ez dakit zein arropa klase erosteko… Mila gauza egitea eskatzen du eredu horrek. Adibidez, jende askok zergatik egiten du kirola? Askok ez dute gozatzen kirola egiten. Gure lagun batek dioen bezala, zure larruazala da zure jantzirik onena, eta zaintzea ondo dago, baina…

Nork bere burua beti besteekin konparatu behar horrek kalte handia egiten du bizitzan, eta are handiagoa gaztetan, gauza askotan lehen pausoak eman behar diren garaian…
Neska batek bere burua modelo batekin konparatzea perspektiba arazo larria da. Modelo hori ez da inoiz zu izango, eta zu ez zara inoiz bera izango. Zuk Arte Ederrak ikasi badituzu, eta modelo horrek pasarelan ibiltzen ikasi badu… bada, zer demontre, modelo horrek ez ditu inoiz Arte Ederrak ikasiko, ez da inoiz zure familiakoa izango, ez du inoiz sentituko zuk zure larruazalean sentitzen duzuna! Zu zu zara, eta kitto. Hori landu egin behar da, asko landu behar da.   

Eta nola lantzen da?

Muina hau da: nik desio dudana, zergatik desio dut? Hori baldin badakigu, aurrera: borroka egin dezagun gure desioa lortzeko, izan gaitezen egoskorrak, egin dezagun lana. Kontua da desio pilo bat berez ez direla gureak, saldu egin dizkigutela, esan egin digutela hau edo beste desiratu behar dugula. Gazte askok sarketa desiratzen dute, hori desiratu behar dutela esan dietelako. Edo orgasmoa bikotekidearekin une berean sentitzea desiratzen dute, horrek horrela izan behar omen duelako. Desio horiek motxila batetik hartu dituzte, eta motxila horrek asko pisatzen du.

Motxilak eta ereduak, nolako panorama…

Adibidez, nesken kasuan, kezka handia dago harremanetan bete behar duten paperaz. Gaur egun ez dago modelo bakar bat, modelo asko daude, eta modelo horietako bat da desiratzen duen emakume izatea: plazerra eman eta jasotzen duena, zentzu horretan betea dena, orgasmoak dituena, gauza asko frogatu nahi dituena. Kasu askotan, modelo hori desio propioa da, modu naturalean ateratzen da neska batzuen barrutik. Beste batzuetan, aldiz, bete beharreko papera da, eta paper hori betetzearren, neska asko arnasestuka dabiltza, eta gehientsuenetan, sarketarekin gozatzen ez dutenez, kezkatu egiten dira. Neska horiei ez die oraindik inork esan emakume askoren baginaren ezaugarria dela baginaren hasiera baino sentikorra ez izatea, eta beraz, kasu horietan, bagina barrua ez dela sentikorra.
(…)
Beste joera bat ere badago: mutila asetu behar du neskak. Asetzea da bere eginkizuna, eta beraz, beti galdezka ibiltzen da: non egon behar dut? Etzanda egon behar dut? Zerbait egin behar dut? Bigarren kasu honetan, pertsona geldiagoak dira, pasiboagoak. Mutilak bera atsegin izatea da beraien helburu bakarra, eta zentzu horretan, berdin die bere buruak (mina sentitzen badute ere), mutilak gozatzen badu.

Sexua eta maitasuna, zein lotura dago bien artean?

Platonen garaitik daramagu kontu horrekin. Bi mila urte baino gehiago joan dira, eta oraindik ez dugu ondorio argirik atera. Gaur egun gizartean hain ugariak diren dikotomietako bat da: zerua edo infernua, burua edo gorputza, hondartza edo mendia, sexua eta maitasuna… Dikotomiak tranpa dira, errealitatearen aniztasuna ezkutatzen dutelako. Sexuaz eta maitasunaz gain, erakarpen erotikoari buruz hitz egitea proposatuko nuke; erakarpen erotiko bat egon daitekeelako bestearekiko konpromiso eta inplikazio txikia izanda, edo erakarpen erotikoa, inplikazio eta konpromiso maila handiagoarekin. Gau baterako harremana, edo bikote harreman luzea… Egoera batean egon gaitezke pertsona jakin batzuekin, eta beste egoera batean, beste batzuekin. Hori jakiteak beste ikuspegi bat eman diezaguke. Bi poloak elkarren aurka jartzeko joera dago.

Homosexualitatearen normalizazioan, zein unetan gaude?

Gaur egun, ematen du homosexualitatea onartuta dagoela, eta, gainera, homosexuala izatea guay dagoela. Baina homosexualitatea ez dago onartuta. Zoaz kalera edo eskoletara, ea zenbat aldiz entzuten duzun maricon iraina. Niri horrek informazio mordoa ematen dit, irain horiek desagertzen direnean, seinale izango delako ikuspuntu hori desagertu egin dela. Heterosexualak iraintzen ditugu? Txisteak egiten ditugu heterosexualen kontura? Kaltegarria da homosexualitatea onartutako zerbait kontsideratzea, hori gezurra biribila denean. Askoz hobea da argi eta garbi aitortzea homosexualitatea oraindik ere onartu gabe dagoela. Bigarren kasuan, badakigu borrokan jarraitzea dela aukera bakarra.

Legean aurrerapausoak eman dira, baina…

Lege aldaketek homosexualak eta beraien familiak babesteko balio dute. Gizarte guztietan errepresio dosi bat egoten da, eta horren ondorioz, gehiegikeria dosiak izaten dira. Eta gehiegikeria horiek beti gutxiengoek jasaten dituzte: homosexualek, jende txiroa… Beti haientzat izaten dira zartakoak. Alde horretatik, legeek babes moduko bat eskaintzen dute.

[Stop txiki bat egin dugu solasaldian. Nereak esan digunez, elkarrizketa hau esperientzia berria izaten ari da berarentzat. Ezagun du hizketan egitea maite duela, komunikatzeari garrantzia ematen diola, atsegin duela bere iritziak eman eta besteenak entzutea. Jakimina transmititzen du Nereak. Horixe da hitza: jakinmina].

Irakasle lanetan zabiltza EHUn. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Hezkuntza munduan, jende helduarekin lan egitea gustatzen zait. Nik besteen etorkizunean esperantza handia daukat, eta horrek asko betetzen nau. Hezkuntzaren Ikerketa ematen dut hainbat espezialitatetan, eta alor batzuetan, badu zerikusia sexu hezkuntzarekin.

Zer moduz ikasleekin?

Hara: hamar urte inguruko aldea dago ni eta nire ikasleetako zenbaiten artean. Hala eta guztiz ere, salto handia antzeman dut; belaunaldi salto bat, nolabait. Erantzukizun mailan ikusten dut hori: ikasle askok dena eginda ematea espero dute. Nire adineko ikasleak baditut, eta erantzukizun maila handiagoa dute, badakite zerbait lortu nahi badute lan egin beharra dagoela, nork bere kabuz egin behar dituela gauzak. Dena dela, oso gustura egoten naiz ikasleekin.

Eta nola ikusten dituzu Euskal Herriko gazteak? Askotan entzun ohi dugu oso gazteria konprometitua dela. Hala ere, ez dakit hori egia den…

Ni bi elkartetan aritu naiz lanean, eta oso jende langilea ikusi dut inguruan, bere asialdian elkartearentzat musutruk lanean zebilena. Baina jende hori gutxiengoa da: nire belaunaldiko gazte gehienek ez dute kolperik jotzen beraien beharrak asetuta ikusten dituzten unetik, ez dute borrokatzen ez etxebizitzarengatik, ez ezergatik. Mila gauza daude borroka egiteko, eta jendea oso eroso ikusten dut. Gizarte honetan jende piloak laguntza behar du: adineko jendeak, elbarrituek… Hala eta guztiz ere, zortzi orduko lanarekin eta hipotekarekin amaitzen dira jendearen kezkak. Aurreko batean irakurri nuen plastilinazko belaunaldia garela, eta oso egokia iruditu zitzaidan kontzeptu hori: adibidez, etxebizitza edukitzeko eskubide kolektiboaren alde borrokatu beharrean, hemen bakoitzak bere bide pertsonala hartu du. Etxebizitza izateko eskubidea ezin da zozketatu, eta hori onartzen ari gara, adibidez. Think global, act local, modu globalean pentsatzea eta ingurunean lan egitea, horixe da gakoa. Beharbada, ezin izango duzu mundua aldatzen hasi, baina zure ingurune gertuena aldatzetik has daitezke gauzak.

Nerea Sanchoren kuttunak



MUSIKARIA: Calogero.
FILMA: Barkatuko didazu, baina ezin dut bakarra aukeratu. Bost esango dizkizut: 8 miles, Amelie, Billy Elliot, Bend it like Beckham etaWhen Harry met Sally.LIBURUA: El arte de la paciencia, Ramiro A. Calle-rena.
EGUNEKO ORDUA: 20:00etatik 21:00etara.
KIROLA: Urte luzez areto futbolean aritu nintzen, eta orain, afariak egiten ditut noiz behinka garai bateko taldekideekin. Bizikletan ibiltzea atsegin dut, baina ez kirol bezala ulertuta, eguneroko bizimoduaren kontu bezala baizik.
BIDAIA: Nahikoa bidaiatu dut. Datorren urtean Txinara joan nahi nuke lagun bat bisitatzera.
JATEKOA: Tortilla, Pamplonica txorizoa eta tomate frijitu saltsa dituen ogitartekoa, afaltzeko.
EDATEKOA: Laranja zukua, dudarik gabe. Laranja zukuen sommelierra naiz.