Nerea Onaindia: "Nire ametsa jokalari profesionala izatea da"

Nerea Onaindia: "Nire ametsa jokalari profesionala izatea da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerea-onaindia-quotnire-ametsa-jokalari-profesionala-izatea-daquot/@@download/image/29p16-1.jpg
2003/04/04
elkarrizketa
Vanesa Cerqueira
Nerea Onaindia Athletic-eko nesken futbol taldeko kapitaina Algortan jaio zen duela 32 urte. Lanbidez irakaslea, Espainako Futbol Selekzioan jokatzeari uko egin zion Euskal Herriko lehen emakumea da. Athletic lehen postuetan dago Espainiako Ligan.

Athletic-eko neskek Lezaman jokatzen duzue; mutilek, berriz, San Mamesen. Zer iruditzen zaizu?
Gu heldu berriak gara, aurtengoa gure lehen denboraldia da. Gizonezkoen futbola errotuago dago; emakumezkoena, aldiz, berri samarra da. Kontuak horrela daude, baina denborak esango du zelan joango diren gauzak. Nire ustez, egoerak onera egingo du. Adibidez, Euskal Herrian, Athletic-ek aurrerapauso handia eman du.

Beraz, aurrerapausoak ematen ari dira arlo horretan.

Bai. Hori garbi ikusten da komunikabideetan; gutxinaka-gutxinaka nesken futbola gehiago sartzen dute. Ondorioz, jendea zaletzen ari da, gurekin gertatzen ari den bezala. Prozesuak aurrera jarraituko duela uste dut. Emandako pausoak txikiak baina sendoak dira. Beraz, ez dago txarto.

Añorga, Gasteizko Aurrera… Euskal Herrian badira emakume talde gehiago, baina gizonen taldeen itzalean geratu ohi dira. Emakumeen futbola gehiago sustatu beharko litzateke?

Jakina! Taldeak egon badaude: garai batean Espainiako Ligan aritutako Añorga, Nafarroako Lagunak, Gasteizko aurrera, Oiartzun… Dena den, oro har, ez dira talde indartsuak eta hortaz, laguntza eman behar zaie.

Zuek, gizonak ez bezala, ez zarete profesionalak eta beharrean aritu behar izaten duzue bizimodua aurrera ateratzeko. Nola ikusten duzu hau guztia?

Egia da, gu ez gara profesionalak eta beraz, jokalari bakoitzak bere kontuak ditu: batzuk ikasten ari dira eta besteak, beharrean. Astean lau egunetan entrenatzen gara eta asteburuetan partida izaten dugu. Alde batetik, gogorra da. Aste osoa lanean pasatu eta gero, jendea familiarekin eta lagunekin dagoen bitartean, gu kanpoan gaude. Hala ere, bizimodu hau aukeratu dugu. Hemen ez dago inor behartuta. Gauza batzuk faltan botatzen ditugu, baina, batzuetan, udan esaterako, tartea izaten dugu gura duguna egiteko.

Profesional izan gura zenuke? Zer emango lizuke horrek eta zer kenduko?

Profesionala izatea nire ametsa da. Niri asko gustatzen zait futbola eta profesionala banintz, goizez eta arratsaldez horretan jarduteko aukera izango nuke. Kendu, ez lidake ezer ere kenduko, gaur egun ere lanpetu samar ibiltzen naiz eta.

Ezin uka futbolean oraindik matxismoa dagoela.  Serio hartzen zaituzte ikusleek? Inoiz esan izan da batzuk nesken hankak edo ipurdiak ikustera joaten direla partidetara...

Niri iritziz, jendea, oro har, jokoa eta giroa ikustera gerturatzen da partidetara. Gure kasuan, adibidez, Lezaman jokatutako lehen partidan bi mila lagun elkartu ziren. Eta, hamabostero, kopuru horri eusten diogu. Nire ustez, jendea ez da etortzen hankak eta ipurdiak ikustera, joko ona eta golak ikustera baizik.

Derbia jokatzekotan, zein talderen aurka jokatuko zenuke gustura?

Realaren aurka, hori baita betiko derbia.

Athleticzale batzuek ez omen dute gura Realak Espainiako Liga txapelketa irabaztea. Zer diozu zuk?

Gurago nuke Athletic-ek irabaztea, baina bestela, pozez hartuko nuke albistea. Athletic-ek irabazten ez badu, irabaz dezala bertoko beste edozein taldek: Realak, Osasunak edo Alavesek.

San Mamesera joaten zara animatzera?

Ahal dudan guztietan.