Nerabeei zuzendutako Wizz aplikazioaren arriskuak

Nerabeei zuzendutako Wizz aplikazioaren arriskuak Nerabeentzako gunea izan arren, zenbait helduk segurtasun neurriak gainditzen dituzte gaztetxoekin, engainu bidez, harremanetan jartzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nerabeei-zuzendutako-wizz-aplikazioaren-arriskuak/@@download/image/pexels-pixabay-159395.jpg
2026/01/08

Testua: Maitane Legarreta

Nerabeentzako gunea izan arren, zenbait helduk segurtasun neurriak gainditzen dituzte gaztetxoekin, engainu bidez, harremanetan jartzeko.
Nerabeei zuzendutako Wizz aplikazioaren arriskuak

Hamahiru urtetik aurrerako nerabeen arteko adiskidetasun harremanak sortzeko aplikazioa da Wizz. Haien webgunean azaltzen dutenez, "gazteek haien artean konektatu, partekatu eta elkarrekin hazteko" gunea da, eta "adiskidetasun berriak eraikitzeko eta norbere autoestimua bultzatzeko" aukera ematen du. "Jarraitzaileen eta atsegiteen inguruko presiorik gabe" sozializatzeko espazioa dela nabarmentzen dute.

Helduentzako zita aplikazioen antzeko funtzionamendua du: profilak erakusten dituzte, alde batera eman behar da konektatzeko, eta elkarrekiko interesa baldin bada, txat pribatua irekitzen da. Hain zuzen ere, "umeentzako Tinderra" deitzen diote batzuek.

Horrek kezka eragin du zenbait guraso edota helduengan. Gaztetxotatik harreman sexu-afektiboetan pentsatzen aritu beharra sustatzen duelakoan daude, eta, horretaz gain, birtualki aritzeak dakartzan arriskuak izutzen dituzte, heldu batzuk sartzen baitira halako guneetan. Edozein ezezagunekin mezu pribatuak bidali eta argazkiak partekatzeko aukerak izutzen ditu, nahiz eta egia den edozein aplikaziotan gerta daitekeela.

Wizzen dauden erabiltzaileek jaiotza-urtea jakinarazi behar du eta aurpegiaren eskanerra egiten du baieztatzeko. Hala, erabiltzaileak esaten duten adinekoak direla ziurtatu nahi dute, profileko informazioak haien itxurarekin bat egiten duela alegia. Horretaz gain, enpresa frantziarrak ziurtatu duenez, kontuen iragazketa egiten dute, nerabeek hain adin-tarte bereko jendearekin izan dezaten harremana. 

Hala ere, ba omen dira segurtasun neurriei izkin egin eta aplikazioa erabili duten helduak. New York Post egunkariaren arabera, Estatu Batuetako Florida estatuan 20 urteko gizon bat atxilotu zuten aplikazioan 14 urteko batekin harremanetan jartzeagatik, 16 urte zituela esanda. Horretaz gain, Washingtongo 23 urteko gizon baten aurkako bortxaketa salaketa egin zuten. Hamabi urteko biktimak adierazi zuen 15 urte zituela esan ziola erasotzaileak. Aplikazio honen bidez ezagututako gizonen aurkako salaketa gehiago ere izan dira, Hawaiin eta Chicagon esaterako. Adinez nagusiak izan eta nerabeekin harremanetan hasten dira, haiek ere adin-tarte berekoak direla sinetsarazita.

Egoera hau ikusita, Estatu Batuetan lege berri bat prestatzen ari dira, enpresak halakoen arduradun egin daitezen. Heldu batek adina egiaztatzeko neurria gainditu eta aplikazioan sartuz gero, enpresek diru-zigor handiak izango omen lituzkete. Horren ondorioz, bi aukera izango lituzkete: sistema hobetu edo merkatutik atera.