Nekearen aztarnak agerian

Koronabirusaren osasun krisiak martxoan egin zuen eztanda, baina aurretik sumatzen hasiak ziren gaixotasunaren itzala ospitaletan. Urtearen ekuatorea igarota, eta alarma estatuak agindutako itxialditik hilabete pasa den honetan, osasun langileak leher eginda daudela salatu dute; koronabirusaren krisia erabat gainditu gabe, itxialdian atzeratutako gainontzeko osasun arazoei konponbidea ematen hasi dira berriro, eta pilatutako lanari aurre egiteko indarrik gabe daude.
Pandemiari aurre egiteko gogor egin dute mediku, erizain, zirujau eta ospitaletako osasun langileek, baina koronabirusa ez da osasun arazo bakarra, eta gainontzeko gaixoak ere artatu dituzte bitartean; pandemia baina ez da desagertu, eta osasun langileek arnas apur bat hartuko zutela uste zutenean, bigarren olatua indarrez sartu da uda bete-betean.
Gauzak horrela, osasun langileek beren kezka adierazi dute, fisikoki zein psikologikoki "leher eginda" daudelako, eta horrek arriskuan jarri dezakeelako beren lan egiteko gaitasuna; beste hitzetan, lan istripuak gertatzeko aukera gehiago dituzte.