Neke pandemikoa arintzeko gomendioak

Gabonak ez direla ohikoak izango aspaldi ulertu bagenuen ere, sekulako karga mental eta fisikoa daramagu urtea amaitzear dagoen egunotan. Martxoan hasi zen amesgaiztoa, eta txertoaren esperantza gertu dugun arren, argi dago oraindik bidea luzea eta neketsua izango dela. Neguak, eguraldi txarrak eta horrenbeste denboraz maite dugun horiengandik urrun egoteak leher eginda utzi gaitu; animalia sozialak garen heinean, ingurukoen berotasuna inoiz baino gehiago sumatzen dugu faltan. Eta baita ospatzeko, ondo pasatzeko eta irribarre egiteko grina. Egoera honek neke pandemikoa ekarri digu; hauek dira neke hori arindu eta apur bat gehiago eusteko gure gomendioak:
ZER DA NEKE PANDEMIKOA ETA NOLA AURRE EGIN
Osasunaren Mundu Erakundeak berak argitaratu du termino hori, hain zuzen, COVID-19ak mundu osoko biztanleongan eragin duen nekea, motibazioaren galera, tristura eta nazka definitzeko. Europako biztanleen %60 baino gehiago sentitzen da egun horrela, eta kasu askotan depresio eta antsietate egoerak eman dira. Horrela sentitu bazara, beharbada pauso hauek apur bat arinduko dute zure egoera:
- OSASUNA ZAINDU: Aurten, inoiz baino garrantzitsuagoa bilakatu da osasuntsu mantentzea, ezinbestekoa delako osasun mentala zaintzeko. Ondo jan, kirola egin, loa errespetatu... erotu gabe, baina egunero geure gorputza apur bat zaintzeak izugarri lagunduko dio gure buruari. Onena? Epe laburrean hobekuntzak nabarituko dituzula!
- LOAREN GARRANTZIA: Ezinbestekoa da loa osasun mentala zaintzeko. Loaren ordutegiak errespetatzea eta 6-8 ordu egunero lo egitea ezinbestekoak dira. Lo egiteko arazoak badituzu, gogoratu; afari leunak egin, goiz afaldu, itzali telebista eta hartu liburu bat, musika lasaia ipini, logela txukun eta aireztatua mantendu, probatu infusio lasaigarri bat...
- SARE SOZIALEI MUGAK IPINI: Ez obsesionatu informazio uholdeekin. Garrantzitsua da informatuta mantentzea baina osasun mentala zaintzeko mugak ipini behar dizkiogu Interneteko nabigazioari. Saiatu ordutegi batzuen arabera kontsultatzen, eta gauean edota asteburuetan deskonektatzen.
- KIROLA, ETA HOBE KALEAN: Endorfinak, serotonina eta dopamina askatzeak bakea ekarriko dio gure buruari. Aukeran, joan mendira, basoetara, zelaietara... ibili, paseatu, bizikleta hartu, korrika egin, joan itsasora... Guzti horrek buruari reset egiten lagunduko dio, gure animoak altxatuz.
- DISTANTZIAK EZ GAITZALA URRUNDU: Mantendu harremanak lagunekin eta senideekin. Bideodeiez et WhatsAppaz nazkatu bazara, probatu eskutitzak idaztea; dagoeneko ia galdu egin den praktika da, baina ilusio berezia sortzen du guztiongan eskutitz bat jasotzeak!