Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldirako deialdia egin dute

Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldirako deialdia egin dute Euskal sortzaile guztiei irekia da, eta Elkano eta bere lehen mundubiraren ingurukoa izan beharko da lana. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nekatoeneako-literatura-sorkuntza-egonaldirako-deialdia-egin-dute/@@download/image/nekatoeneahandia.jpg
2021/05/18

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Euskal sortzaile guztiei irekia da, eta Elkano eta bere lehen mundubiraren ingurukoa izan beharko da lana.
Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldirako deialdia egin dute

Hendaiako Nekatoenea artisten lekua Abbadiako eremuan dago, eta urtero euskal sortzaile bat hartzen du bere sorkuntza gauzatzeko. Hamaika urtez egin da jarraian eta Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) antolatzen dute. Egitasmo honen helburua euskal literatura sorkuntza bultzatzea da.

Iaz bezala, Getariako Elkano Fundazioak ere proiektuan parte hartuko du. Hori dela eta, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta berak egindako munduko lehen itzuliaren 500. urteurrena hartu dute testuingurutzat. Egonaldian parte hartuko duenak Elkanoren inguruko gai bat edo batzuk jorratu beharko ditu: esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia, itsasontzien eraikuntza... Baldintza hori beteta, literatur generoa askatasun osoz hautatu ahal izango da.

Egonaldia hilabetekoa izango da, urria eta abendua bitarte, eta 1.500 euro jasoko ditu sortzaileak. Hautagaitzak ekainaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira. Hemen kontsulta daitezke deialdiari buruzko baldintza eta xehetasunak. 

2020an Nahia Zubeldia sortzaile eta musikaria izan zen Nekatoenea baserrian egoteko parada izan zuena, eta olerkiak idazteko baliatu zuen aukera. Poema horietako batzuk musikatu egin ditu Lumi taldearekin.