Nekane Balluerkak Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du

Nekane Balluerkak Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du Epaimahaiak bere lan zientifikoa, lidergo gaitasuna, eta ikerketa ibilbidea goraipatu ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nekane-balluerkak-euskadi-ikerkuntza-saria-jaso-du/@@download/image/premio_balluerka_galeria2.jpg
2022/07/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Epaimahaiak bere lan zientifikoa, lidergo gaitasuna, eta ikerketa ibilbidea goraipatu ditu.
Nekane Balluerkak Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du

Nekane Balluerka psikologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko katedradunak 2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso du. Nekane Balluerka Lasa irakasleak (Ordizia, 1966) Diseinuen eta Datuen Analisiaren arloan aritzen da, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak burutzeko, bai eta neurketa-tresnak (hala nola testak, galde-sortak eta eskalak) kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan ere.

Bere lan zientifiko "bikainaz" gain, honako hauek nabarmendu ditu epaimahaiak: "Bere ikerketa-karrera nabarmena; lidergo zientifikorako duen gaitasun bikaina, gorabidean den ezagutza-eskola bati bultzada emanez; eta jokabide-zientzien metodologiari buruzko bere ikerketak Euskadin izan duen eragin handia. Balluerka doktoreak ekarpen sendoa egin dio bere ezagutza-eremuan zentratutako elkarteak sortzeari ere, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Espainian eta baita Europan ere".

Balluerka Psikologian lizentziatua da (1989) eta Psikologian doktorea UPV/EHUn (1993). Ikertzaile bisitari gisa egonaldiak egin ditu Arizona State University-n (1995), University of California-n (2005) eta Manchesterreko Unibertsitateko Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research zentroan (2010). Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da EHUn 2009tik.

Kudeaketa-karguak ere bete ditu, Psikologia Fakultateko dekanorde eta EHUko errektoreorde izan da irakaskuntzaren eta kalitatearen berrikuntzaren arloan. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ere izan zen 2017an.

Euskadi Ikerkuntza Sariak  Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du bi urtez behin, urte bakoitietan.  Gainerakoetan, berriz, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia. Sariketa honek jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko eta handik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere.