Neil Young Miarritzen izango da ekainean

Neil Young Miarritzen izango da ekainean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/neil-young-miarritzen-izango-da-ekainean/@@download/image/neil_young_nagu_1357809075.jpg
2013/01/10
berria
Bakarlari kanadarra Biarritzeko Big Festival jaialdiko eszenatokira igoko da datorren ekainaren 18an, eta ‘Psychedelic Pill’ Crazy Horse taldearekin hamar urteren ostean kaleratutako laneko eta ‘Americana’ bertsioz osaturiko albumeko kantak aurkeztuko ditu.

Konposaketa, ekoizpen eta baita gidoigile lanetan ere aritua da Neil Young bakarlari kanadarra, baina bereziki musikari eta gitarra jole moduan da ezaguna nazioartean. Bere belaunaldiko artistarik garrantzitsuenetakotzat hartua, mundu osoko bira egingo du 2013an, eta nola ez, Euskal Herrian ere egingo du geraldia: Big Festivalaren aurtengo edizioan ariko da ekainaren 18an.

Australia, Zelanda Berria, Ingalaterra, Suitza, Frantzia eta Alemania, besteren artean, zeharkatuko ditu, eta milaka entzuleren aurrean ariko da Crazy Horse taldeko kideekin batera.

Hain zuzen, hamar urteren ostean Psychedelic Pill lana kaleratu zuten iragan urriaren 30ean, eta zenbait hilabete lehenago, Americana bertsioz osaturiko albuma osatu zuen. Biak ala biak oso presente izango dira Biarritzen eskainiko duen kontzertuan.

Euskal Herrian, berriz ere
Ez da lehen aldia Youg Euskal Herrira etortzen dena. 2009an Folk In The Road biraren baitan geraldia egin zuen gure artean, eta horren aurretik ere, 1987an, Bilbon eskaini zuen kontzertua.