Negu Kolektiboaren “Negu hurbilak” filma otsailaren 23an estreinatuko da
Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur —2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna— izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osaturiko Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da honakoa, eta Maluta films eta Cornelius Films izan ditu ekoizle.
Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente sailean —mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa— izan zuen filmak mundu mailako estreinaldia, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratuta. Ordutik, beste hainbat zinemalditatik igarota osatu du bidea: SEMINCI - Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean esaterako, non film luzeei eskainitako Punto de Encuentro sailean aritu zen, gaikako edo estiloko balioagatik garrantzi berezia duten fikziozko beste hainbat lehen edo bigarren filmekin batera.
Halaber, Epaimahai Gaztearen saria eskuratu zuen Madrilgo Márgenes Zinemaldian, eta Bartzelonako L'Alternativa jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaren parte izan zen. Aurrera begira, Atenasko KINO - Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian izango du hurrengo hitzordua.
Hori baino lehenago, Begin Again banatzailearen eskutik estreinatuko da filma otsailaren 23an, Hego Euskal Herriko zein Espainiar estatuko zinema-areto komertzialetan. Bitartean sakatu hemen trailerra ikusteko.

SINOPSIA
Euskal Herriak bizi izan duen gatazka luzea amaitzear dago 2011n. Neska gazte bat ihesi doa. Helburu garbi bat dauka: muga pasatzea, bai baitaki, hala, bere jaioterritik, bere jaiotetxetik urrun eramango duela, bertan ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubietara iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkak bat egiten dutela ematen du. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasunaz jabetzen hasiko da.
Denbora lauso eta mugagabea igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatuagoa bihurtuko da, eta behe-laino trinkoak erabat inguratuko du.
