Negu Gorriak, zuena da garaipena

Negu Gorriak, zuena da garaipena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/negu-gorriak-zuena-da-garaipena/@@download/image/5p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Irazu
"Galindo auzia"n lortutako garaipena ospatzeko, Negu Gorriak taldeak bi kontzertu emango ditu hil honetan. Otsailaren 23an Baionan ariko dira, eta dirua Piztu taldearentzat izango da. 24an Donostiako belodromoan jardungo dute, eta oraingoan dirua Senideak elkarteari emango zaio. Bi kontzertuetan Banda Bassotti eta Selektah kolektiboa izango dituzte oholtzakide. Zortzi urte iraun dituen aferaz mintzatzeko, Kaki Arkarazo Negu Gorriak-eko gitarrajolea izan dugu solaskide.

1993ko maiatzean Enriquez Rodriguez Galindo Espainiako Goardia Zibileko jeneralak taldearen eta Esan Ozenki disketxearen aurkako kereila jarri zuen, "Ustelkeria" kantua zela eta. Ia zortzi urte joan dira ordutik hona. Garaipena Galindorena izan zitekeela sentitu izan al duzu inoiz?
Nik, pertsonalki, ez dut inoiz uste izan garaipena Galindorena izango zenik. Azken urte hauek oso gogorrak izan dira, baina nire ustez, iritzi publikoak gero eta garbiago izan du Galindoren auzi guzti hori. Noski, beldurra genuen Madrilgo epaitegiak zer esango zuen, horrelakoetan denok baitakigu nola jokatzen duten. Dena den, argi genuen horrelako auzi batekin Europara joanez gero arrazoia emango zigutela, garbi ikusiko baitzuten ez zuela ez hankarik ez bururik. Guk oso garbi izan dugu beti azkeneraino jo behar genuela. Beste gauza bat da beti babaezpadako hori izan dugula buruan, eta horretarako sortu zen "erresistentzia kutxa", Esan Ozenki Galindori kalte ordaina ematera behartuz gero, disketxea pikutara joan ez zedin.
Espainiako Auzitegi Gorenak prozedura akatsengatik baliogabetu du Galindoren kereila. Ez da, ordea, zuen nahiko zenuketen bezala, adierazpen askatasunaren aldeko epairik eman. Auzia horrela irabazi izanak arantzatxoa utzi al dizue?
Auzitegiak hori esan izan balu, argi dago erabat garaile aterako ginela. Baina mundu hori den bezalakoa da, ez da arrazoizkoa, burokraziak jota dago eta joko zikin asko dago. Hala ere, oso pozik gaude, Miguel Castells gure abokatua txakur zaharra da, eta mundu horretan, beren legeen aurrean, beren armekin jokatuta irabazten jakin izan du. Adierazpen askatasunaren kontu horretan ez genuen arrazoia ematerik espero, bagenekin ez zirela belaunikatuko. Ez dugu arantzarik barruan.
"Erresistentzia kutxan" gordetako 15 milioi pezeta horiek (600.000 libera inguru) Euskaldunon Egunkariari, Garari eta Xiberoko Bozari ematea erabaki duzue. Zergatik komunikabide hauek?
Ez zen erraza erresistentzia kutxako diruarekin zer egin erabakitzea, azken finean hor jendearen konfiantza baitago tartean. Zuhurtasunez jokatu nahi izan dugu. Argi genuen garai batean Egin zenari eta gaur egun Gara denari eman behar geniola, eta baita Euskaldunon Egunkariari ere. Bi komunikabideok beti babestu eta lagundu izan gaituzte. Bestalde, egoera larrian dagoen proiektu garrantzitsu bati laguntzea ere polita iruditu zaigu, nongoa eta Zuberoakoa gainera: Xiberoko Boza. Orain, gainera, proiektu berria dute eskuartean, antena berria jartzea, eta oso ekimen txalogarria da. Erabaki salomonikoa izan da, nolabait. Denbora luze eman dugu erabakitzen, eta ez zaigu erraza gertatu. Izan ere, gizarte arazo eta mugimendu asko daude laguntza premian.
Ia zortzi urte luze iraun ditu aferak. Atzera begira, zein balorazio egiten duzu gertatutakoaz eta jendeak emandako erantzunaz?
Orain pixka bat hotzean ikusten da gertatutakoa. Azken bizpahiru urteotan abokatuen esku egon da dena, eta guk itxaron besterik ez dugu egin. Nik uste dut guzti hau jendearen elkartasunari esker atera dela aurrera, jendeak bikain erantzun baitu beti, bai "Ustelkeria" diskoarekin, bai Oiartzungo jaialdian eta baita "Hitz egin" bideoarekin ere. Nire ustez, bi gauza elkartu ziren hor halako mugimendu indartsua sortzeko. Batetik, Negu Gorriak oso talde eraginkorra zela garai hartan Euskal Herrian, entzuleengan eragina zuena. Bestetik, beharbada akusatzailea Galindo bera izateak are gehiago bultzatu zuen jendearen erantzuna, halako "akusatzaile enblematikoa" izateak, alegia. Oso eraso serioa izan zen, izugarri boteretsuak diren aparatuen aldetik, eta dena kolpetik hankaz gora jartzeko arriskua zegoen. Agian, gaur egun talde edo disketxe txiki bati horrelako zerbait gertatuko balitzaio, ez luke bururik jasoko. Oso zorte ona izan dugu.
Neguk ia bost urte daramatza kontzerturik eman gabe. Zein kantu joko dituzue kontzertuetan? Izango al da ezustekorik?
1996ko apirilean eman genituen azken kontzertuak, Zaldibin eta Esparrago Rock-en. Gero Mexikon ere aritu ginen. Kontzertu haiek haize-sesioarekin eman genituen, eta orain ere horrela arituko gara. Bestalde, dantzan eta ahotsean laguntzen Izaskun Forkada ariko da, eta Joseba Tapia ere hor izango da… baina errepertorioa azken birakoa izango da gutxigorabehera. Ordu t´erdi edo bi orduko kontzertua izango da, bestela jendea aspertu egingo dugu eta!
Zer moduz entsaioetan?
Ondo samar. Gauza txukuna egingo dugula uste dut. Orain giharrak pixka bat prestatzen ari gara… Badakizu, bat moteldu egiten da eta!
"Ustelkeria" kantua, kontzertu hasierarako ala bukaerarako?
Seguru asko ez dugu jo ere egingo. Egia esan, abesti hori ez da sekula gure zuzeneko zerrendan egon. Diskoko grabazioa ere berezi samarra zen, eta ez zegoen zuzenerako pentsatua. Beharbada, "jada ez nau ezerk harritzen" lelo hori aurretik grabatuta jarriko dugu kontzertuan, baina besterik ez.