Negar egiten lagunduko dizuten pelikulak

Negar egiten lagunduko dizuten pelikulak Barrukoa askatzeko premian bazaude, pelikula hauek zure buruarekin eta barneko sentimenduekin konektatzen lagunduko dizute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/negar-egiten-lagunduko-dizuten-pelikulak/@@download/image/collage.png
2026/08/17

Testua: Maitane Legarreta

Barrukoa askatzeko premian bazaude, pelikula hauek zure buruarekin eta barneko sentimenduekin konektatzen lagunduko dizute.
Negar egiten lagunduko dizuten pelikulak

Badira ikus-entzunezkoekin zein bizitzan gertatutakoekin erraz negar egiten dutenak, eta badira ia ikus-entzunezkoekin bakarrik negar egiten dutenak. Bando batekoa ala bestekoa izan, hautatu ditugun film hauek zure buruarekin eta sentimenduekin bat egiten lagunduko dizute, eta behar duzuna askatzen eta ateratzen. Beste batzuk izan zitezkeen, baina hauek ekarri ditugu.

1. Aftersun 

Charlotte Wells zinemagile eskoziarrak zuzendutako film honetan 11 urteko Sophie eta bere aita ezagutuko ditugu, Turkian oporretan. 1990eko hamarkada amaierako gertaerak dira,eta kameraz grabatutako irudiak eta unean uneko momentuak ikusiko ditu ikus-entzuleak. Aitaren atzean tristezia eta arazoak sumatzen dira, neskatoak guztiz ulertzen ez dituenak. Oporretako argitasun eta zoriontasun momentuak ez ezik, misterioz eta malenkoniaz betetako giroa ere sumatzen da. Ikus-entzuleak puzzlearen piezak batu beharko ditu, esaten ez dena ulertzeko. Movistar +-en edo Prime Videon ikus dezakezu.

2. My life without me 

Isabel Coixet kataluniarrak idatzi eta zuzendutako filma da, eta Sarah Polley eta Mark Ruffalo dira aktore nagusiak. 23 urteko Ann gazteak unibertsitatea garbitzen lan egiten du, bi alaba txiki ditu eta senarra langabezian dago. Karabana batean bizi da eta amarekin gorabeherak ditu. Halako batean, gaitz terminal bat diagnostikatuko diote eta hil aurretik egin nahi dituen gauzen zerrenda egingo du, bere familiaren etorkizuna antolatzeko eta geratzen zaion denbora aprobetxatzeko. Filmin plataforman ikus daiteke. 

3. È stata la mano di Dio 

Paolo Sorrentinok idatzi eta zuzendutako pelikula erdi-biografikoa da. Napolesen kokatzen da, 1980ko hamarkadan. 17 urteko Fabietto Schisa da protagonista, bere familia bitxi eta kanporakoiarekin bizi da eta munduan bere lekua topatu nahian dabil. Hiri osoa ilusioz eta pozez beteta dago, bertako taldeak Diego Maradona jokalaria fitxatuko duela eta. Gertakarri honek Fabiettoren gaztaroa eta bizimodua markatuko du, hainbat arrazoirengatik. Netflix plataforman ikus dezakezu.

4. Ordinary People

Robert Redforrek zuzendutako filma da, eta familia dirudun baten bizitza kontatzen du ustekabeko tragedia bat izan ondotik. Seme nagusia itsas istripu batean hilko da, eta familiak doluari aurre egin beharko dio. Seme gazteenari, Conradi, nekeza egingo zaio prozesua eta terapia beharko du. Conradek gurasoekin duen harreman zaila ere bistaratuko da. Prime Videon aloka daiteke.

5. Nuovo Cinema Paradiso

Giuseppe Tomatorek zuzendutako film hau zinemari egindako maitasun aitortza bat da eta ikusi duenak gogoan iltzatuta duena, bereziki hunkigarria baita. 1980ko hamarkadan, Erroman, Toto zinema zuzendari arrakastatsuak bere haurtzaroko adiskide eta mentorea izandakoa hil egin dela jakingo du. Hala, bere oroitzapenen bidez, Bigarren Mundu Gerra osteko Sizilian kokatuko da ikus-entzulea eta umetako Totó ezagutuko du, elizako koruan abesten duen eta Cinema Paradiso aretoan denbora ematen duen haur bihurri eta argia. Netflixen edo Prime Videon ikus daiteke.

6. Close 

Lukas Dhont zinemagile belgiarraren film honek nerabeen arteko adiskidetasuna, gizarte-presioa eta dolua ditu ardatz. 13 urteko Léo eta Rémi elkarrekin hazi dira eta oso harreman estua dute. Udako oporrak igaro ondoren institutuan hasiko dira, eta ikasgelako kide berriek haien adiskidetasun estua auzitan jarriko dute. RTVE Play plataforman ikus dezakezu dohainik. Prime Videon ere aloka daiteke.

7. Petite maman

Nellyk 8 urte ditu eta amona hil berri zaio. Gurasoei haurtzaroko etxeko gauzak jasotzen lagunduko die eta inguruko basoa arakatzen ere hasiko da. Basoan jolasean ari dela, adin bereko beste neska bat ezagutuko du, bere amaren izen bera duena. Bien artean adiskidetasun berezi eta magikoa sortuko da. Céline Sciamma frantziar zinemagileak idatzitako eta zuzendutako pelikula da, eta Filmin plataforman ikus daiteke.

8. Hotaru no Haka

1988ko animaziozko film hau Isao Takahatak zuzendu zuen eta Japonian kokatutako istorioa da, 1945ean, Bigarren Mundu Gerrako azken hilabeteetan hain zuzen ere. AEBen bonbardaketa gogorren ostean, hamalau urteko Seita eta lau urteko Setsuko anai-arrebak umezurtz eta etxerik gabe geratuko dira. Izeba baten etxean babesa bilatu arren, hango egoera ikusirik, bi umeek bakarrik bizirautea erabakiko dute, erasoen aurkako babesleku abandonatu batean. Goseari, gaixotasunari eta gizartearen axolagabetasunari aurre egin beharko diote, bien arteko maitasuna eta ipurtargiek egiten duten argia itxaropen eta helduleku gisa dutela.

9. Manchester by the sea

Kenneth Lonerganek zuzendutako eta idatzitako drama estatubatuarra da, eta Casey Affleck aktoreak Lee Chandler gorpuzten du bertan. Bostonen bizi da eta atezain eta mantentze-lanetan aritzen den gizon bakarti eta isila da. Bere anaia bat-batean hilko da, eta bere jaioterrira itzuli beharko du. Orduan jakingo du 16 urteko ilobaren tutore legal izendatu duela anaiak. Iraganeko ezbehar baten ondorioz alde egin zuen herritik, eta ilobaren zaintzak bertan geratzera behartuko du. Ondorioz, iraganako gertakarien oroitzapenei eta haiek eragindako minari aurre egin beharko dio halabeharrez. Prime Videon ikus dezakezu.

10. Elle s'appelait Sarah

Parisen bizi den Julia Jarmond kazetari estatubatuarrak senarraren familiarekin lotutako sekretu bat deskrubituko du erreportaje bat prestatzen ari dela. Istorioak Sarah izeneko 10 urteko neskatila judu batekin du zerikusia. Kazetariak ikerketa bat abiatuko du Sarahri zer gertatu zitzaion jakiteko, eta horrek bere bizitza eta ingurukoekin dituen harremanak aldatuko ditu. Kristin Scott Thomas aktoreak jokatzen du kazetariaren papera, Gilles Paquet-Brenner frantziarrak zuzendutako film honetan. Tatiana de Rosnay idazle frantziarrak idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta dago.

11. Manbiki Kazoku

Hirokazu Koreeda japoniar zuzendariaren filmak Tokioko auzo txiro batean bizi den eta ezkutuko sekretu bat duen "familia" berezi baten istorioa kontatzen du. Osamuk eta semeak, lapurreta batetik bueltan, kalean abandonatutako neskatila bat topatuko dute. Etxera eramango dute. Ezusteko gertaera batek poliziaren arreta erakarriko du, eta kideen arteko benetako harremanak eta sekretu ilunak agerian geratuko dira. Filmin plataforman ikus daiteke.

12.The Piano

Jane Campionek zuzendutako fimak, hitzartutako ezkontza dela-eta, Zeelanda Berrira joan beharko duen emakume eskoziar mutu baten istorioa kontatzen du. Flora alabaz gain, bere ondasunik preziatuena ere eramango du berarekin: pianoa. Senar berriak instrumentua garraitzeari uko egingo dio, ordea, eta horrek askapan pertsonalarekin lotutako bide bat zabalduko du. Filmin plataforman eta Movistar Plusen ikus daiteke.

13. The bridges of Madison County

Robert James Waller idazleak 1992an argitaratutako eleberrian oinarritutako filma da. Frances Johnson (Meryl Streep aktoreak gorpuztua) 1960ko hamarkadan Iowako landa eremuan bizi den jatorri italiarreko etxekoandre bakartia da. Senarra eta seme-alabak kanpoan direla, Robert Kincaid izeneko gizona ezagutuko du, zubi estalien argazkiak ateratzeko bertaratu den National Geographiceko argazkilaria. Bien artean amodiozko istorio bat sortuko da, eta haien bizitzak aldatuko ditu betiko. Netflixen eta Movistar Plusen ikus daiteke. 

14. La vita è bella

Guido Orefice gizon judu eta irudimentsua da protagonista. Eskolako irakaslearekin ezkonduko da eta seme bat izango dute. Zoriontsu biziko dira, harik eta naziek herrialdea okupatzen duten arte. Kontzentrazio-esparru batera eramango dituzte, eta Guidok joko bat asmatuko du semea hango izugarrikeria eta krudeltasunetik babesteko asmoz. Netflixen eta Movistar Plusen ikus daiteke. 

15. Handia

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filmak Altzoko Handiaren istorioa kontatzen du. Lehen Karlistaldian borrokatu eta gero, Martin (Joseba Usabiaga) etxera itzuliko da. Orduan jakingo du bere anaia txikia Joakin (Eneko Sagardoy) ohi baino askoz ere handiagoa dela gaixotasun baten ondorioz. Jendeak hain gizon altua ikusi nahiko duela eta, bi anaiak bidaian hasi eta Joakin diru-truk erakusten hasiko dira hainbat tokitan, baita Europan zehar ere. Dirua eta ospea lortuko dute, baina bi anaien arteko harremanean eragina izango duRTVE Play eta Filminen ikus dezakezu oraindik ikusi ez baduzu, edo berriz ikusi bestela, merezi du eta.