NCC, 1.530 segundotan

NCC, 1.530 segundotan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ncc-1530-segundotan/@@download/image/64p10-1_1365598949.jpg
2006/06/02
elkarrizketa
NCC, 1.530 segundotan
Txapela kentzekoa da Nuevo Catecismo Catolico taldearen ibilbidea. Laguntza gutxirekin, bide koherentea egiten ari dira duela hamasei urtetik hona. Oraintsu kaleratu da beren zortzigarren diskoa, "1530 segundos de… Nuevo Catecismo Catolico". Gonzalo Ibañez taldekideak erantzun dizkigu galderak.

Hamasei urtetan 8 disko kaleratu dituzue. Nola egiten da halako produkzioa izan, eta aldi berean, hainbeste kontzertu emateko?
Arrazoi nagusia da, oraindik ere ondo pasatzen dugula taldearekin. Kontzertu asko ematen ditugu, deitu egiten gaituztelako; gu ez gara musikatik bizi, eta horrexegatik, oso pozgarria da jendea oraindik gutaz oroitzen dela ikustea. Bestalde, taldekideon arteko harremana oso ona da, eta horrek asko errazten du dena.

Karlos Osinagak ekoitzi du diskoa. Zer moduz?

Karlosek eta guk hasieratik oso ondo ulertu dugu elkar. Seguru asko, disko hau hurbildu da gehien Catecismo-ren benetako soinura, aurreko diskoetan ez baikenuen sekula halakorik lortu. Bestalde, gauzak garbi izan gabe sartu ginen estudiora, eta alde horretatik, Karlosen esperientzia oso lagungarria izan da.

Lehen aldiz, bideoklipa ere grabatu duzue. Nolakoa da?

Punk estiloko bideoa da, horrek esan nahi duenarekin: alegia, bideo ergel bat dela, diru gutxirekin egina. Pare bat ordutan grabatu genuen, eta gela txiki batean bost lagun ageri gara, gitarrekin txorakeriak egiten.

2001ean, "Scarred for life" izan zen Eneko Etxeandia abeslari berriarekin grabatu zenuten lehen diskoa. Zer eman dio Enekok taldeari?

Duela sei urte sartu zen taldean Eneko, eta ordutik hona, lehen egin ezin genituen gauzak egiten hasi gara. Eneko gurekin dagoenetik taldea asko hobetu da, lehen diskoetatik hona gure estiloa gutxi aldatu den arren. Odol injekzioa izan da taldearentzat.

Beti bezala, bertsioak ere sartu dituzue diskoan…

Slade taldearen bertsio bat egin dugu, Arturo eta bion talde kutunetakoa baita. Bestalde, D.L. Byron-en bertsio bat ere egin dugu; Byron New York-eko musikari bat da, eta bere diskoengatik baino, beste talde batzuentzako egindako konposizioak direla-eta da ezaguna. Gustatu zaio gure bertsioa, eta horrek bereziki poztu gaitu.

DISKOGRAFIA


-“Nuevo Catecismo Catolico” Goo Records, 1993
-“En llamas” Goo Records, 1995
-“Aun no habeis visto nada” No Tomorrow, 1996
-“Generacion perdida” No Tomorrow, 1998
-“To hell a back” Punch Records, 1999
-“Scarred for life” Punch Records (cd) 2001/El Beasto Records 2001
-“100 % punk superfight!” (Safety Pins taldearekin) H Records 2003
-“1530 segundos de… Nuevo Catecismo Catolico” No Tomorrow, 2006