NBEko adituen kalkuluen arabera ozono-geruza 2066. urterako itxiko da

NBEko adituen kalkuluen arabera ozono-geruza 2066. urterako itxiko da Nazio Batuen Erakundeko aditu taldeak albiste on bat partekatu du 2023ko hasiera honetan: Ozono-geruzako zuloa erabat itxiko da datozen hamarkadetan zehar. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nbeko-adituen-kalkuluen-arabera-ozono-geruza-2066-urterako-itxiko-da/@@download/image/Captura de pantalla 2023-01-16 a las 8.54.14.png
2023/01/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Nazio Batuen Erakundeko aditu taldeak albiste on bat partekatu du 2023ko hasiera honetan: Ozono-geruzako zuloa erabat itxiko da datozen hamarkadetan zehar.
NBEko adituen kalkuluen arabera ozono-geruza 2066. urterako itxiko da

Lau urtetik behin ebaluazio bat burutzen da eta behatu dute ozono-geruza errekuperazio prozesuan dagoela. Orain dela 35 urte munduko estatu guztiek ozono geruza ezabatzen zuten substantzia kimikoak atmosferara ez jaurtitzea adostu zuten Montrealeko akordioan, eta dirudienez itun hark bere fruituak eman ditu. 

"Estratosferan eta ozonoko zuloan gauzak hobeto daudela behatu dugu" ziurtatu du Paul Newman-ek, ikerketaren presidenteordeak. "Ozono-geruza ahitzen duten debekatutako substantzien ezabatze progresiboak emaitza onak eman ditu. Hain da horrela, modu esanguratsuan ari dela zuloa ixten. Honekin batera, eguzkiak jaurtitzen duen erradiazio ultramorearen eragina murriztu egingo da eta horrek guztion osasuna hobetuko du". 

Adituen arabera, egungo politikak mantentzen badira, ozono-geruza 1980ko egoerara, hau da, zulorik gabeko egoerara, itzuliko litzateke Antartidan 2066rako, Artikoan 2045. urtean gertatuko da hau eta munduko gainerako lekuetan 2040. urte ingururako. 

Ozono-geruza gasezko ezkutu fin bat da, atmosferan kokatua planeta babesteko. Eguzkiaren izpi ultramoreak xurgatzen ditu eta Lur planetako bizitza babesten laguntzen du. Gizakiok sortutako berotegi efektuko gasak direla eta geruza hau suntsitu egin dugu. 

Honi irtenbidea jartzeko, orain dela 35 urte Montrealeko Protokoloa jarri zen martxan eta adituen esanetan baliagarria izan da ozono-geruzaren errekuperaziorako. Ozono-geruza ixten bada, planetako tenperaturaren igoera ere mugatu egingo da eta hori sekulako berri ona da krisi klimatikoaren aurkako borrokan, oraindik gauza asko badaude ere egiteke.