Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia Bilbon larunbatetik aurrera

Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia Bilbon larunbatetik aurrera Kokaleku nagusia hirigunean izango duten arren, inguruko auzo eta herrietara ere zabalduko dute ekimena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nazioarteko-txotxongilo-jaialdia-bilbon-larunbatetik-aurrera/@@download/image/gorakada.jpg
2021/11/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kokaleku nagusia hirigunean izango duten arren, inguruko auzo eta herrietara ere zabalduko dute ekimena.
Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia Bilbon larunbatetik aurrera

Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdiaren 40.edizioa izango da larunbatean hasiko dena eta 28ra arteko iraupena izango duena. Kokapen berria izango du, gainera, jaialdiak, Bilboko BBK aretoa izango baita gune nagusia eta bertan gauzatuko dituzte ekintza gehienak. Horretaz gain, La Fundicion aretoan ere egingo dituzte emanaldi gutxi batzuk. Bestelako lekuetara ere hurbildu nahi dute, ordea, antolatzaileek eta, hori dela eta, hiriko beste auzo batzuetara zein inguruko herrietara ere joko dute: Otxarkoaga, Errekalde, Basurtu-Zorrotza eta San Frantzisko auzoak; eta Lezama, Larrabetzu, Areatza eta Arrigorriaga. Eskolei garrantzi berezia emango dietela ere nabarmendu dute, "haurtzaroa izango baita gure etorkizuneko publiko heldua, eta zaindu egin behar dugu". 

Dantza, antzerkia, objektu arkitektonikoak eta musika uztartuko dituzte edizio honetan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez,"ikuskizun horietan, txotxongiloek, aktoreek, taldean lan egingo dute, mundua ikusteko eta ulertzeko moduari buruz gogoeta eginaraziko diguten istorioak kontatzeko". 

Euskal Herriko eta kanpoko bederatzi konpainiak hartuko dute parte, hala nola Euskal Herrikoak, Espainiako Estatukoak, Greziakoak eta Israelgoak. Bi saio egingo dituzte euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz, ingelesez, zein bestelako hizkuntzetan izango dira, baita hitzik gabekoak ere.

Bestetik, arte eszenikoen profesionalei zuzendutako ikastaroak, erakusketa tailerra eta master class bat ere antolatu dituzte edizio honetarako. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean zintzilikatu dute.