Nazioarteko Scratch eguna, larunbatean Tabakaleran

Nazioarteko Scratch eguna, larunbatean Tabakaleran https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/12
berria
Nazioarteko Scratch eguna, larunbatean Tabakaleran
Programatzeko lengoaia da Scratch-a, pertsona orori istorioak, jokuak eta animazioak sortzeko aukera ematen diona. Halaber, sorkuntza horiek guztiak online komunitate batekin partekatzeko aukera ematen du oso modu errazean.

Nazioarteko Scratch eguna izango da larunbatean, maiatzak 14. Horrela, adin guztietako parte-hartzaileak bilduko dira munduko herrialde ezberdinetan, sistema
honen bitartez garatutako proiektuak partekatzeko, elkarlanean ikasiz.

Euskal Herrian Tabakalera izango da erreferentzia lekuetako bat; Kutxa Fundazioak,
Donostia/San Sebastián 2016-k eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak
(Hirikilabs – Kultura digitala eta teknologia laborategia eta Ubik – Tabakalerako
sorkuntza liburutegiaren bitartez) ere ospatu nahi baitute eguna elkarlanean.

Hala, publiko orori zuzendutako laborategiak, ikastaroak eta erakusketak programatu dituzte larunbaterako –maiatzak 14–.

Scratch lengoaia


Laboratorio de Medios del MIT-eko (Massachusetts Institute of Technology) Grupo Lifelong Kindergarten taldeak garatutako proiektua da Scratch-a.
Bereziki gazteei zuzendutako programatzeko lengoaia da, egun formakuntza eremuan oso harrera ona duena.
Izan ere, pentsamendu sortzailea, arrazoiketa sistematikoa eta elkarlana suspertzen ditu; hori dela eta lortu du formakuntzan, museoetan, liburutegietan, komunitate-zentroetan eta familien artean horren harrera ona. Batik bat 8-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta badago ere, adin ezberdinetako pertsonek erabiltzen dute Scratch-a.