Nazioarteko gatazketan izaten den emakumeen aurkako indarkeriari buruzko erakusketa jarri dute Donostian

Nazioarteko gatazketan izaten den emakumeen aurkako indarkeriari buruzko erakusketa jarri dute Donostian Berrogei emakumeren istorioak bildu dituzte argazkietan, "ikusezinak diren errealitateak lehen planora ekartzeko". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nazioarteko-gatazketan-izaten-den-emakumeen-aurkako-indarkeriari-buruzko-erakusketa-jarri-dute-donostian/@@download/image/11 VIOLENCIAS Y MUJERES DGA.jpg
2022/02/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Berrogei emakumeren istorioak bildu dituzte argazkietan, "ikusezinak diren errealitateak lehen planora ekartzeko".
Nazioarteko gatazketan izaten den emakumeen aurkako indarkeriari buruzko erakusketa jarri dute Donostian

"Emakumeek eta neskatoek jasaten duten desberdinkeria larria, gatazka armatuetan larriagotu egiten dela" erakusten duten argazki eta istorioak bildu ditu Gervasio Sanchez argazkilariak Okendo Kultur Etxean. Hala azaldu dute antolatzaileek: "Gerrek pobreziari aurre egiteko eta baliabide ekonomikoak lortzeko oso egoera ahulean uzten dituzte emakumeak. Ama-haurren osasun eta arretarako oinarrizko zerbitzuak hondatu egiten dira, bortxaketa arma moduan eta elkarri erasotzeko erabiltzen dute borrokalariek, eta genero-indarkeria, gizakien salerosketa eta haurren ezkontzak areagotu egiten dira gatazketan. Aldi berean, indarkeriak munduan lekualdatutako pertsonen ia erdiak emakumeak dira, eta, askotan, arazo gehiago dituzte generoagatik egoera horietan".

Gervasio Sanchezen argazkiek gerretako biktima zibilen istorioak aldarrikatzen dituzte, eta, gatazkak amaitu ondoren ere, istorio horiek iraun egiten dutela erakusten dute. Erakusketa honen ardatza amaitu gabeko istorio horietako 40 dira: "Emakumeek gatazka armatuetan jasaten dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzte; argi uzten dute, nazioarteko gatazketarako irtenbideak bilatzean, genero-ikuspegia erabiltzea eta emakumeen eta gizonen artean berdintasuna izatea ezinbestekoa dela bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko". 

Erakusketa honekin, zuzenean eragiten ez digutenez, ikusezinak diren errealitateak lehen planora ekarri nahi dituzte antolatzaileek: "Emakumeenganako indarkeriaren gaitzaren eta, bereziki, gatazka armatuetan emakumeen eta neskatoen aurka modu sistematiko, basati eta orokorrean egiten den indarkeriaren aurkako salaketa eta kontzientziaren aurkako kolpe zuzena dira argazki horiek".

Apirilaren 30era arte egongo da ikusgai erakusketa astelehenetik larunbatera, goizez eta arratsaldez. 

Ibilbide oparoko argazkilaria
Gervasio Sanchez argazkilari kordobarrak Heraldo de Aragon egunkarian argitaratzen ditu lanak, eta Cadena Ser irratian eta BBCn parte hartzen du. Horretaz gain, Albarracingo Argazkigintza eta Kazetaritza Mintegia zuzentzen du 2001. urtetik. Hamabi argazki-liburu baino gehiago egin ditu, hala nola Sarajevoko setioa (1995); Bizitza minatuak (1997, 2002 eta 2007); Kosovo, deportazioaren kronika (1999); Gerrako umeak (2000); Denboraren taupadak (2004), Ricardo Calero eskultore eta artista plastikoarekin batera; Sierra Leona, gerra eta bakea (2005); Sarajevo, 1992-2008 (2009), Desagertuak (2011), Afganistango emakumeak (2014), Monica Bernabe kazetariarekin batera; eta Bizia (2016). 

Hainbat sari ere jaso izan ditu, besteak beste, Gernika Bakearen eta Berradiskidetzearen Alde; Aragoiko, Almeriako eta Kordobako prentsa-elkarteenak; Ortega y Gasset; eta Argazki Sari Nazionala 2009an. Aragoiko Gobernuak Lanbide Merezimenduaren Domina eman zion, eta 2011. urtean, berriz, Espainiako Gobernuak Elkartasun Sozialaren Ordena Zibilaren Gurutze Handia. Bakearen aldeko UNESCOren mandatari berezia ere bada 1998tik.