Natxo Beltrán de Heredia: "Kontzientzia hartzeko modu bakarra informazioa da"

Natxo Beltrán de Heredia: "Kontzientzia hartzeko modu bakarra informazioa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/natxo-beltran-de-heredia-kontzientzia-hartzeko-modu-bakarra-informazioa-da/@@download/image/obrador_(3_de_3_1434624155.jpg
2015/06/18
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono
2012an jaio zen Mendialdeko ogia proiektu kooperatiboa eta Gasteizen larunbatean ospatuko den Ekonomia Solidarioaren Azokaren III.aren edizioaren parte da. Natxo Beltrán de Herediarekin solastu gara, produktu baten ekoizpenean oinarrituta garapen iraunkorraz gehiago jakiteko asmoz.


Zertan datza Mendialdeko ogiaren jarduna?
Mendialdeko ogia proiektu kooperatiboa da. Horren ardatza Azazetan (arabar mendialdea) kokatuta dagoen ogi lantegia da, eta espazio hori probestuz agrodenda txiki bat daukagu. Bertako produktu ekologikoak saltzen ditugu dendan.

Zergatik sortu zenuten Mendialdeko ogia?

Mendialde ogia osatzen dugun kideak landa giroan bizitzeko gogo handia geneukan. Bizi eta lan egitekoa. Nire kasu pertsonalean, familiarekin Bartzelonan bizi nintzen eta multinazional batentzat lan egiten nuen. Gure helburua ez zen landagunera bizitzera etortzea bakarrik, baizik eta gure alabak hezteko inguru naturala probestea eta hortik bizi ahal izatea. Hau da, lehenengo sektorean betean murgildu nahi genuen, guk deitzea gogoko dugun bezala ekonomia errealaren parte izan nahi genuen.

Nola hasi zineten ekonomia erreal horren parte izaten?

Oihanak (gure kideetako batek) etxean egindako ogiaren munduan barneratu gintuen. Hortik aurrera, labe txiki batekin eta gogo biziak lagunduta etxola txiki batera joan ginen bizitzera. Horrela hasi zen proiektua eta bidean lagun eta bizilagunen laguntza izan dugu.

Zer produktu ekoizten dituzue?
Batez ere ogia egiten dugu Haziekin egindakoa zein garizkoa edo zekalea daukana. Hala ere, ogia egiteaz gain, magdalenak, briocheak eta tankerakoak ere egiten ditugu; osagaiak onak badira beti dute zapore gozoa!

Iraunkorra izan dadin lortu al duzue?

Ez dakit iraunkorra den. Astean zehar, zenbaitetan furgoneta hartu eta hirira joaten gara ogia saltzeko. Hori bai, gure helburua da, burutzen ditugun ekintzak ahalik eta inpaktu txikiena izan dezaten inguruan. Hau da, landaguneak esentzia manten dezan bermatzeko lan egiten dugu. 

Zer da ogi ekologikoa?
Zereal osasuntsuekin, denbora hartuta eta gehigarririk gabe egindako ogia da.
Gure helburua ogi ona egitea da, prozesu luzeak jarraituta eta beharrezkoa den denbora erabilita. 

Uste al duzue gaur egun kontsumoa geroz eta arreta handiagoarekin egiten dela?
Gure sentsatzioa da, lehen inkonzienteki kontsumo modua iraunkorragoa zela. Gaur egun aktibista izan behar da janari osasuntsua kontsumitzeko. Adibiderik argiena zera da, ekoizle batek ziurtatu behar du egindakoa pozoirik ez daukala, pozoiak erabiltzen dituenak, pozoiak erabiltzen dituela argi utzi beharrean.  

Zeintzuk dira modu iraunkorrean kontsumitzearen abantailak? Desabantailarik al dago?

Tokiko kontsumoa komunitate guztiarentzat onura dakar. Jatorri ezaguna duten produktuekin elikatzea da, freskoak eta kalitatezkoak. Zure inguruko bizitzaren zikloaren parte hartzea da.
Ez dugu desabantailarik ikusten. Hainbatek produktuak garestiak direla diote, baina prezioak eragin zuzenda dauka kalitatean eta soldatetan.

Oro har, kontsumitzaileek arreta jartzen al dute kontsumitzen duten horren iraunkortasunean?

Gure ustez geroz eta gehiago egiten dute. Gure aldetik etiketen bitartez baino, zuzenean gure lantegira etorrita ezagutu gaitzatzen saiatzen gara.

Kontzientzia hartzeko formularik al dago?
Kontzientzia hartzeko modu bakarra informazioa da.