Naturaren sabel iluna

Naturaren sabel iluna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/naturaren-sabel-iluna/@@download/image/61p46-1_1365708615.jpg
2006/03/03
erreportajea
Orkatz Goenaga
Naturaren sabel iluna
Euskal Herrian kobazulo ugari dago, baina GAZTETXULOko hileroko tarte hau ez da horiek denak sartzeko bezain zabala. Horrexegatik, nahiz eta kobazulo eder ugari kanpoan utzi ditugun, herrialde bakoitzeko kobazulo bana ezagutaraztea izan da gure asmoa.

Mendiko paisaia ikusten ohituta gaude: basoak, errekak, harkaitzak, eta abar. Baina, ba al dakigu mendiaren barruan zer dagoen? Izenez, bederen, ezaguna egiten zaigu mendiaren sabelean egiten den kirola: espeleologia.

Hala ere, nahiz eta beti horretarako gogoa izan dugun, ziur ez garela oso erraz abiatuko kobazulo baten barrena izerdia botatzera. Izan ere, arriskutsua izan daiteke kobazulo batera edozein modutan eta prestakuntza egokirik gabe sartzea.

Hala, jakin ezazue badirela espeleologia elkarteak, eta horietan irakatsiko digutela zein teknika dauden kobazuloetara sartzeko. Era berean, elkarte hauetan lagunduko digute lehen aldiz kobazulora sartzen, eta ilunpeko lehen eskarmentuak izaten. Hain zuzen, horretarako jo dugu Felix Ugarte, Espeleologia Elkarteko kidearengana, Euskal Herriko kobazulo garrantzitsuenen berri eman diezagun.

Gesaltza Arrikrutz

Gesaltza Arrikrutz Gipuzkoako kobazulorik ospetsuenetako bat da, Gipuzkoako sakonena eta luzeena ez izan arren. 14 kilometroko luzera du gutxi gorabehera, eta kobazulorik "aberatsena" delako aipatuko dugu. Gesaltza Arrikrutzen, haitzulo batean aurki daitezkeen ia gauza guztiak topatuko ditugu. Egiturari dagokionez, putzuak, gela handiak, tximiniak eta abar aurkituko ditugu.

Bestalde, arkeologia aztarnak azaldu dira Gesaltza Arrikrutzen; kobazuloetako hartzaren aztarnak, adibidez. Gainera, kobazuloetako fauna oso ugaria da, eta horrek ere oso erakargarri egiten du Gesaltza Arrikrutz.

Atxuriaga

Bizkaian dago, Galdames herrian. Hain zuzen, Galdames herriari ospea eman zion burdin meatzen zuloetatik igarotzen da. 28 kilometroko luzera du, eta 486 metroko sakonera. Egiturari dagokionez, kobazulo aberatsa da, baina, batez ere, bere luzerak eta espeleologia aldetik duen zailtasunak egiten dute erakargarri. Kobazuloan bertan, neolitiko garaiko arkeologia-aztarnak aurkitu dira. Era berean, Trianoko mendietan garai modernoetan irekitako meatzen aztarnak ere gertu izango ditugu.

Ponatako Aiala

45 kilometro inguruko luzera, eta 415 metroko sakonera duen leize  hau Arabako aipagarriena da. Hain zuzen, kobazuloaren luzera eta zailtasuna kontua hartuta aukeratu dugu. Aialako bailaran dago Ponatako Aiala, Urduñatik ere gertu. Tologorri mendi tontorraren alboan dago.

Ilaminako Atea

Nafarroa ekialdean, Larrako natur erreserban, Ukerdi eta Budogia mendizerren artean dago mundu mailan ospetsua den leize hau. Izan ere, leize hau munduko sakonenetako bat da; 1.408 metro sakon da, eta Lizarrako Espeleologia Elkarteak aurkitu zuen 1979an. Ilaminako Atea izenez bataiatu zuten haitzuloa, "sorginen atea", alegia.

Bernako Gela

Zuberoako Santa-Grazi herrian, Zuberoa eta Nafarroa artean dago San Martingo haitzako leizea. Bertan, zulo batetik igaro ondoren, mundu osoko lurpeko gelarik handienetako bat dago: 62.475 metro karratuko gela ikaragarri honek Bernako Gela izena du. Sarbide erraza duen igarobide artifizial batetik sar gaitezke gela horretara, baina gomendioak jarraitzea komeni da, beti ere.

Isturitzgo Leizea

Nafarroa Beherean, Isturitzen, leize honetan azaldu ziren  Madeleine garaiko (14.000-9.000 urte Kristo Aurretik) artearen tresna ederrenak Euskal Herrian. Tresna eta aztarna horiez gain, marrazkiak eta hainbat irudi agertu ziren, eta gaur egun, ikusgai  daude horiek guztiak.

Sara-Ainhoako Karsta

Lapurdin ez dago kobazulo luze eta sakonik. Hala ere, badira bai egitura ederrari dagokionez, bai xarma berezia dutelako, aipamena merezi duten kobazuloak. Adibidez, Sara-Ainhoa karst-ean, badira hainbat zulo eta igarobide ikusgarri.

Hoberena, espeleologia elkartera joatea



Espeleologia inoiz egin ez dutenei, baina jakin-minak eraginda horretan hasi nahi luketenei, gomendio nagusi bat eman nahi die Felix Ugartek, Euskal Herriko Espeleologia Elkarteko kideak: espeleologia elkarte batera joan daitezela, eta eskarmentua dutenen eskutik has daitezela kirol honetan. Espeleologia elkarte batean, lehenik eta behin leize erraz eta sinple batera eramango zaituztete, eta bertan ikusiko duzue, gutxi gorabehera, espeleologia zer den. Hortik aurrera, zuen gogo eta ikasteko prestutasunaren arabera, espeleologian sakonago murgiltzeko aukera izango duzue.

Material berezia
Espeleologia egitea, ez da kobazuloetara sartzea soilik. Espeleologiarako teknika bereziak daude, eskalada edo alpinismoan gertatzen den bezala. Era berean, material berezia eta espezifikoa dago kirol honetan aritzeko.

Espeleologia egiterakoan, oso argi eduki behar dira egin beharreko pausoak. Espeleologia elkarteek lagunduko zaituztete horretan. Hala ere, badaezpada, badira inoiz ahaztu behar ez diren zenbait gomendio.

Ez sekula ahaztu



-Ez zaitezte inoiz leize batera bakarrik sartu.

-Ez harrokeriatan ibili: kobazulo batean sartzea gauza erraza da, baina, askotan, irtetea zaila izaten da. Batek baino gehiagok gorriak ikusi ditu haitzuloan errespeturik gabe sartu eta gero!

-Beti argia izatea komeni da. Beraz, kobazulo batera sartu aurretik, presta itzazue beti 3 edo 4 ordezko: bai pilak, bai linternak. Eta garbi izan ezazue ondorengoa: 30 metroko sakoneran, argirik gabe, jai dago!

-Bada ezpada, espeleologiaz dakien eta leizea ezagutzen duen norbaitekin ibiltzea komeni da.