Narco, latza baino latzagoa

Narco, latza baino latzagoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/narco-latza-baino-latzagoa/@@download/image/7p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Narco, latza baino latzagoa
Narco taldea duela lau urte sortu zen. Lehen Dr. Bad izena zuten eta askotan etorri ziren gure herrira jotzera. Orain "Chaparrón de plomo" diskoa kaleratu berri dute, musika aldetik landuagoa, baina betiko hitz bortitzez hornituta datorkiguna. Hori gutxi balitz, Tinieblas Gonzalez zine zuzendari ospetsuarekin bideo aparta grabatu dute.

Disko berria. Zenbat dituzue jada?
Hau hirugarrena da.
Urruti gelditu dira Dr Bad-en garaiak, ezta?
Bai. Ia-ia ez gara gogoratu ere egiten. Narcorekin jada lau urte daramatzagu kantxa edonon ematen.
Medellingo edo Bogotako auzorik ilunenetatik atera zaretela dirudi. Hain berdintsuak dira arazoak han eta Sevillan?
Gure auzoan trapitxeoarekin eta lapurretekin lotutako esperientzia asko bizi dugu. Eguneroko ogia dira. Narcoren hitzetan hori islatzen dugu, jendeak zer dagoen jakin dezan.
"Chaparron de plomo" lasaiagoa da musikari da-gokionez, baina hitzak latzagoak dira...
Denbora gehiago izan dugu eta landuagoa atera da. Gure makinak erabiltzen ikasi dugu eta abesti batzuetan gure betiko estiloa alde batera utzi dugu. "Vizco" kantuan, adibidez, technorock nahasketa interesgarria atera zaigu. Hitzei dagokienez, gordinak eta errealak izaten jarraitzen dute. Boteretsua egurtu eta gure auzoko errealitateari buruz hausnartzen dugu.
Espainiako Estatu osoan jotzen duzue eta berdin zaizue taberna, gaztetxe edo areto handietan izatea...
Musika da gure ogibide bakarra eta lau txanponengatik edonora joateko prest gaude.
Oreretako gaztetxean kristoren parranda egon zen kontzertu osoan, baita emanaldia bukatuta ere...
Bai, oso harreman ona izan genuen jende guztiarekin. Laster bueltatzea espero dugu.
Kolaborazio berezirik egon al da disko berri honetan?
Bai, Ramiroquai eta Andreas O´funkillo taldekoak egon ziren. Oso giro onean lan egiteko aukera izan dugu eta emaitzarekin oso pozik gaude.
Grabatutako bideoa oso ondo dago, filma dirudi....
Egia da, bai. Gasteizen grabatu genuen, Tinieblas Gonzalezen aginduetara. Berak oso puntu iluna eman dio bideoari, abestiak eskatzen zuen bezala. Guretzat gauza berria izan da hau egitea eta primeran pasa dugu.
Produktu hauek ba al dute irtenbide komertzialik?
Ez. Produktu hauek ondo saltzen jakin behar da eta hemen ez dute ideia zipitzik ere. Gure nahia mundu guztiari iristea da eta gustukoa ez duena... izorra dadila!