Napsteren iraultza musika interneten (II)

Napsteren iraultza musika interneten (II) https://www.gaztezulo.eus/albisteak/napsteren-iraultza-musika-interneten-ii/@@download/image/5p35-4.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Xabier Mtz de Arbulo eta Cristian Rodriguez
Napsteren iraultza musika interneten (II)
Hemen ari gara berriro ere joan den hilabeteko gaiaren inguruan bueltaka. Izan ere, musika sarean lortzeko aukera ezpal ugari dituen gaia da. Napsteri buruz hitz egin genuen aurreko atalean eta oraingo honetan zerbitzu bera eskaintzen duten beste programa batzuei buruz arituko gara.

Urtarrileko atala irakurri ondoren, badakizue nolako garrantzia duen MP3-k interneten, musikari dagokionez. Napster konpainiak, hainbeste ika-mika sortu duen musika trukatzeko internet zerbitzu ezagunak, Edel Music AG-rekin elkartu dela iragarri berri du. Edel Music AG musika independente enpresa garrantzitsuenetakoa da. Beraz, konpainia ospetsuak amore eman du eta hemendik aurrera erabiltzaileei ordainaraziko die, haren zerbitzua jasotzearen truke.
Hori dela eta, zerbitzu bera eskaintzen duten bestelako programen berri emango dizuegu. Jakina, ez gara hemen betiko orrialde komertzialeez arituko, ezta sarearen aukerak murriztu eta publizitatea barra-barra sartzen diguten ohiko atari-bilatzaileez ere.
mp3.com
Napster bezala, musikaren paradisua. Web honek musikaren hautatze sistema zorrotzagoa du, hau da, musika mota jakin bat gustatzen bazaigu, baina estilo horretako zenbait talde berri ezagutu nahi baditugu, eskainitako estiloetako bat aukeratu besterik ez dugu. Hau egin ondoren, estilo horretako talde sorta zabala eskainiko zaigu, guk saretik jaitsi ditzagun.
gnutellaes.com
Napster-en lehiakiderik handiena da eta antzeko zerbitzua du. Baina horrez gain, MP3 ere jaitsi dezakegu. Beraz, edozein kantuk, baita berrienen artean berrienak ere, sarean dabiltzan software librearen azken berrikuntzak jaisteko aukera ematen digu. Napsterekin alderatuta, funtzionamendua oso bestelakoa da. Ez da beharrezkoa programarik jaistea eta Napster-en zerbitzailearekin lotzea. Aitzitik, gnutellaren web-ean bertan esploratzaile moduko barra txiki bat dago eta guk kantuaren izena idatzi behar dugu.
mp3Hispania.com
MP3 atari handienetakoa dugu honako hau. Bertan beste inon aurkitzerik izango ez ditugun kantuak topatuko ditugu. Bestalde, MP3 eta haren inguruko mundua hobeto ezagutzeko parada ematen du. Musika formatoari propio eskainitako eztabaida foroa ere badago orrialde honetan; gainerako erabiltzaileekin zalantzak argitu ahal ditugu hemen. Horrez gain, sarean musika trukatzea ere badago.
Audioenlaces.com
Prest al zaude orrialde zirraragarri honetan sartzeko? Ziur? Kantaririk onenen 350 bilduma osoak aurkituko dituzu hemen, mota guztietako 107tik gora MP3. Baina ororen gainetik, etengabe berritzen ari den orrialdea dugu hauxe, aho bete hortz utziko zaituena. Oso eskaintza zabala du, pop, rock edo dance-tik hasi eta segi filmetako soinu bandekin.
mp3.box.sk
Bilatzailerik onena, musika formatoaren erresuma. Halakoxea da, MP3 besterik bilatzen ez duen bilatzailea. Eta ziur egon zaitez nahi duzun guztia topatuko duzula hemen. Izan ere, orrialde guztietan MP3ak bilatzeaz gain, FTPetan ere bilatu ohi du musika.
Helbide interesgarri hauek ikusi ondoren, badakizue ditxosozko Napster-ik gabe ere bizi daitekeela. Alternatibak badira eta egia esan, ez daude batere gaizki eta are gehiago, batzuetan diruaren aurrean amore eman duen sistema bera baino hobeak dira. Napster-ek bazterrean utzi ditu musikazaletasuna konpartitu nahi dituzten erabiltzaileak, baina dena den, hori ez da traba izango MP3ren bila dabiltzan ehundaka erabiltzaileentzat. Zalantzarik gabe, sarean kantarik gustukoenak eskuratzeko borrokak zeresana ematen jarraituko du aurrerantzean ere.