Napoleonen garaian girotutako azoka egingo dute asteburuan Gasteizen
Napoleonen garaiko azokaren X. edizioa egingo dute Gasteizko Arriagako parkean, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren. Elikagaiak eta artisau produktuak eskainiko dituzten 120 saltoki jarriko dira parkean zehar bihartik igandera, eta ohikoa den bezala, frantses okupazioaren garaia irudikatuko duten emanaldiak eta kalejirak egingo dira, Batalla de Vitoria 1813 elkartearen laguntzarekin. Haurrentzako guneak eta familientzako lantegiak ere izango dira Ipar Arriaga auzo-elkarteak bultzatutako ekimen honetan.
Bihar, 18:00etan, irekiko dute kanpamentu napoleonikoa, 20:30ak arte, eta hasiera emateko salba-tiroak egingo dira lau librako kanoi batez. Arratsaldean zehar musika tradizionaleko eta animazioko hainbat ikuskizun izango dira: soldaduen desfilea, erakustaldiak eta umeentzako ipuin-kontalaria.
Larunbat eta igandean goizez eta arratsaldez egingo dira jarduerak. Larunbatean, artilleria-salbak, bisita antzeztuak, soldaduen desfilea, eta fusilaren maneiuaren erakustaldia izango da. Musika-girotzeak eta ipuin-kontalariek osatuko dute goizeko programa, eta, arratsaldean, Napoleonen garaiko gudua antzeztuko da.
Igandean, hilak 3, familientzako lantegiak egingo dira, eta 18:00etan, soldaduen beste erronda bat egingo da. 20:00etan, berriz, frantsesen gaineko garaipena irudikatuko da.

Los Gascones taldearen musikak girotuko du Napoleonen garaiko azoka, egunero hainbat emanaldi eskainiko baititu. Epa Juglares konpainia arduratuko da antzezlanez, Más Chula Que Un 8 taldea ipuin-kontaketaz, eta Amalurra taldea euskarazko txotxongiloez.
Egitarau osoa hemen dago kontsultagai.


