Naked eta Txino, apurtutako dantza

Naked eta Txino, apurtutako dantza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/naked-eta-txino-apurtutako-dantza/@@download/image/81p61break4.jpg
2008/01/04
elkarrizketa
Testua: Aritz Sound System. Argazkiak: Unai Beroiz
Break dantza. Gero eta ezagunagoa da. Baina zer dakigu break dantzaz? Raparekin eta lurrean bueltaka dabiltzan beltzekin lotzen dugu, baina Euskal Herrian ere dantzatzen da? Bai, noski. ondo, gainera. Txino eta Naked break dantzariak dira, eta Zizurren bizi dira.

Gazteak zarete biak, eta hala ere, urteak dira break dantza egiten hasi zinetenetik. Nolatan hasi zineten?
Txino: Bederatzi urterekin hasi nintzen interesatzen. Iñaki (Naked) ezagutu nuen; garai hartan berak grafittiak margotzen zituen, eta elkarrekin dantza egin behar genuela esan nion, ona zela gorputzarentzat. Kirol modura hartu genuen hasieran.

Break dantzari gazteenek ez dute gorputza osorik garatuta, eta hori muga izaten da haientzat. Zuei ere, hasieran, antzekoa gertatuko zitzaizuen, ezta? Break dantza egiteko, nolako garrantzia du norberaren gorpuzkerak?

Naked: Guri ere gauza bera gertatzen zitzaigun. Gaztetxoa zarenean eta gorputza osorik garatuta ez duzunean, indar gutxiago duzu. Horregatik, zure mugez jabetu behar duzu. Orain ere, gorputza garatuta izan arren, nork bere mugen jabe izan behar du; lehen baino gauza gehiago egin ditzakegu, noski, baina muga jakin batzuk ere baditugu. Gorputza guztiak desberdinak dira, eta batzuk indartsuagoak dira eta besteak, arinagoak. Nork, bere gorpuzkeraren arabera, mugimendu batzuk besteak baino hobeto egin ahal izango ditu.

Jende askoren ustez, break dantza indar kontu hutsa da. Hala ere, indarra baino zerbait gehiago behar da pauso eta mugimendu onak egiteko, ezta? Zuek nola ikasi duzue? Irakaslerik izan duzue? Ala zuen kabuz ikasi duzue?

Tx: Break dantzan indarra baino gehiago behar da. Argi dago gorputza landu behar dela eta indarra garrantzitsua dela, baina beste arlo batzuk ere garatu behar dira: oreka, adibidez. Nola ikasi genuen? Guk ez dugu irakaslerik izan, autodidaktak gara. Hori bai, beste dantzari batzuen bideoak ikusten ditugu eta horrek pauso berriak asmatzera bultzatzen gaitu.
N: Besteengandik ere ikas dezakezu, noski, baina politena zuk zeuk pauso berriak asmatzea da. Nork bere estiloa garatu behar du. Gainera, ez dago ondo ikusita besteen pausoak kopiatzea.

Break dantzaz ari gara, baina, agian, jende askok ez du oraindik oso garbi break dantza zer arraio ote den...

N: Jendearen ustez, break dantza lurrera botatzea eta han txiribueltak ematea da. Hori baino konplexuagoa da, ordea. Break dantza kirol antzekoa da, gorputzari mugimendu jakin batzuk eginarazten zaizkio, eta mugimendu horiek antz handia dute gimnasian egindakoekin: zaldiarekin, adibidez. Dantza pausoak gimnasia mugimenduekin elkartzen dira. Gorputzaren adierazpidea da, oinarrian.

Break dantzak, dantza guztiek bezala, harreman zuzena du musikarekin. Zein da break dantzaren eta musikaren arteko harremana?

T: Oso harreman estua dago. Erritmoari jarraituz dantzatzen da eta.

Break dantza hip-hop mugimenduaren parte dela esaten da. Dena dela, berez, funk musikarekin hasi zen.

N: Bai, break dantza funkean eta beste estilo batzuetan ere erabiltzen da.
T: Rock kantekin ere dantzatzen dute gure lagun batzuek. Eta zenbaitetan, koreografietarako, musika klasikoaren zatiak ere erabili izan dira.

Aspalditik zabiltzate break munduan. Aldaketarik atzeman duzue zuek hasi zineten garaiaren eta oraingo mugimenduaren artean?

N: Break dantzan aritzea ez da batere erraza: jende asko hasten da dantzan, eta berehala uzten du oso zaila dela esanez. Tematia izan behar duzu. Zure gorputzak eman dezakeena jakin behar duzu. Poliki-poliki hobekuntzak nabari dituzu. Hori bai, egin ahal duzuna besterik ez duzu egin behar. Hala ere, duela gutxi iritsi da dantza hau Euskal Herrira, eta oraindik ez da oso ezaguna.

Break dantza egiten duzuenean, batzuetan bakarka eta besteetan taldeka aritzen zarete.

N: Bai, guk biok elkarrekin askotan egiten ditugu saioak, baina gure taldea ere badugu, Team Rockers, eta bertan koreografiak lantzen ditugu. Zorionez, pixkanaka-pixkanaka, gero eta talde gehiago sortzen ari dira, eta gero eta dantzari hobeak daude gure artean.

Break dantzaz ari garenean bi maila bereizi beharko genituzke. Alde batetik, erakustaldiak daude; informalagoak dira eta bat-batekotasunerako tarte handiagoa uzten dute. Bestetik, lehiaketak daude. Lehiaketetan, taldeak aldez aurretik prestatutako koreografia bat landu ohi du, epaimahai bat ere izaten da, eta abar. Zuek zer nahiago duzue?

N: Nik erakustaldia nahiago dut. Jendeak gehiago gozatzen du, eta harreman estuagoa izaten da ikusleekin; beroagoa da. Lehiaketa serioagoa da, eta dena aldez aurretik prest izan behar da.

Nolako garrantzia ematen diozue ikuslearekiko harremanari?

N: Handia. Ikusleak izugarrizko eragina du dantzariengan. Ikusleek txalo egiten badute eta dantzariak animatzen badituzte, askoz ere giro hobea sortuko da, eta ziurrenik, dantzariek ere askoz hobeto dantzatuko dute.
T: Guri jendearekiko harremana asko gustatzen zaigu. Jendeak ondo pasa dezan nahi dugu, eta ikuslea zirikatzen saiatzen gara. Kosta egiten da batzuetan, jendea begira geratzen delako eta, agian, gustura daudelako baina ez dutelako poz hori azalerazten.

Zer esango zeniekete break dantzan hasi nahi dutenei?

N: Kultura ederra dela esango nieke. Ez dagoela adin mugarik, eta ederrena jendea ezagutzea dela. Leku asko eta mota guztietako jendea ezagutzeko aukera ematen du.
T: Helburua ez da onena izatea. Hori ezinezkoa da, beti egongo delako zu baino hobea den norbait. Ondo pasatu eta jendea ezagutu nahi dugu. Horrek motibatzen gaitu.

Break dantza


Break dantza gorputzaren adierazpidea da. Horretarako, hainbat pauso daude, eta dantza klasikoarekin eta garaikidearekin zerikusia dute batzuetan eta gimnasia mugimenduekin, besteetan.

AEBetan sortu zuen rap eta funk festetara joaten zen jendeak. Dantzariek abestien zati instrumentalak eta erritmikoak erabiltzen zituzten dantzarako trebetasuna erakusteko. Auzoetan, etsaiak ziren gazte taldeen artean, arazoak modu baketsuan konpontzeko bidea ere izan omen zen. 

Break dantza Euskal Herrian


Euskal Herrian nahiko berria da break dantza, baina hala ere, gero eta gazte gehiagok ematen du dantza honetarako urratsa. Donostiako Intxaurbreak taldea da, gure artean, zaharrena, eta Iruñeko Team Rockers, oihartzun handiena lortu duena. Zarautzen, Hernanin, Beasainen edo Irunen ere, besteak beste, oso dantzari onak daude. Abiadura handiz zabaltzen ari da break dantzaren sukarra Euskal Herrian.