Naiz irratia jaio da

Iaz abenduaren 15ean emisioa eten zuen Info7 irratiak, proiektu berri bati ekiteko helburuz. Orain, Naiz irratia jaio da; FMz zabalduko da Euskal Herriko zati garrantzitsu batean.
Froga emisioak hasiak dira Bilbo Handian (92.2), Durangaldean (97,4), Urolan (91.8), Goierrin (102.2) eta Donostialdean (93.8). Baiona inguruan ere entzun daiteke. Musika erabiliz emisio probak dira, eta laster hasiko dira Gasteizen, Gernikan eta Legazpin. Horiek denak EAEn Euskal Irrati Zerbitzuen (EIZ) eskutik lortutako lizentziak dira. Horrez gain, Nafarroako hainbat lekutan ere irratia FMz entzun ahalko da.
Orain arte Info7ko ahots ezaguna izan den eta etorkizunean NAIZ Irratiko ekipoan izango den Maite Bidartek eman ditu argibide hauek. «Oso ongi entzuten da», jakinarazi du, eta emisioetan entzulearen laguntza eskatzeko iragarki batzuk jarriko dituztela gaineratu zuen, hedapena noraino iristen den zehazki jakiteko.