Nahi dugun bezala bizitzearen aldeko aldarria egingo du Zinegoak jaialdiko programazioak

Nahi dugun bezala bizitzearen aldeko aldarria egingo du Zinegoak jaialdiko programazioak Filmetan genero edo orientazio aniztasunagatik jazarpena sufritu duten pertsonen istorioak izango dira nagusia eta baita GIB birusa ere. Emanaldi bereziak eta arte eszenikoarekin lotutakoak ere izango dira jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nahi-dugun-bezala-bizitzearen-aldeko-aldarria-egingo-du-zinegoak-jaialdiko-programazioak/@@download/image/thumbnail_zinegoak3.jpg
2022/02/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Filmetan genero edo orientazio aniztasunagatik jazarpena sufritu duten pertsonen istorioak izango dira nagusia eta baita GIB birusa ere. Emanaldi bereziak eta arte eszenikoarekin lotutakoak ere izango dira jaialdian.
Nahi dugun bezala bizitzearen aldeko aldarria egingo du Zinegoak jaialdiko programazioak

Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdiak sexu eta genero aniztasuna aldarrikatu ohi du zinemaren eta kulturaren bidez eta hala izango da otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo den aurtengo edizioan ere. Film luzeen sail ofiziala hiru kategoriatan banatuko dute beste behin: DOK (dokumentalak), FIK (fikzioak) eta KRAK (narratiba berriak). Guztira 16 film luze ikusi ahal izango dira sail ofizialean, Golem Alhondiga zinema-aretoetan proiektatuko direnak. Aurrez aurreko proiekzioak amaitu ondoren, Filmin plataforman ere ikusi ahal izango dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, nazioarteko zinegile eta epaimahaien bisitak ere izango dira: Isabelle Solas (Nos corps sont vos champs de bataille), Reka Valerik (Silent Voice), Adrian Silvestre (Sedimentos), Tim Leyendekker (Feast), Noel Alejandro (KRAK epaimahaia), Cecilia Montagut (DOK epaimahaia), Susi Sanchez aktorea (FIK epaimahaia) edo Ohorezko Saria jasoko duen Albertina Carri argentinar zinemagilea. Carrik jaialdiko hasiera ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria, otsailaren 28an, Arriaga Antzokian.

Jaialdiak hainbat gai jorratuko ditu filmeetan, esate baterako, "beren genero eta adierazpen orientazio edo aniztasunagatik jazarpena edo errepresioa pairatu duten pertsonen istorioak".  Programazioaren beste gai nagusietako bat GIB birusa izango dela jakinarazi dute, "gizartean dagoen estigma soziala oso handia baita".

Zinegoak jaialdiak lesbianismoa eta sexu-aniztasuna ditu ardatz aurtengo ediziorako irudian

Film laburrei dagokienez, Emakume zuzendariak eta Haurtzaroa/nerabezaroa zikloez gain, bi berrikuntza izango dira: Maitasunezko poliedroak, harreman afektibo-sexualen formulei buruzkoa; eta Trantsizioak, arreta trans errealitateetan jarrita. Guztira, 22 film labur lehiatuko dira sail ofizialean eta doan proiektatuko dira Bilborocken. Bestetik, Erroak film laburren zikloak Euskal Herrian sortutako film laburrak bilduko ditu, eta lau lan eskainiko dituzte. Lan horiek Lekeition ere proiektatuko dira.

Sail ofizialeko film guztiak lehiatuko dira Zinegoak Sari Nagusia, 4.000 eurokoa, eskuratzeko. Palmaresa martxoaren 7an Bilborocken egingo den amaiera ekitaldian ezaguturaziko dute, eta gainerako sariak ere bertan jakinaraziko dira: Publikoaren Saria; Giza Eskubideak eta Aniztasuna; Lesbianismoa eta Generoa; Gazte Epaimahaiaren eta Seniorren sariak, eta abar.

Bestelako jarduerak
Sail ofizialaz gain, Albertina Carri jaialdiaren ohorezko sariaren obrari eskainitako ziklo berezia ere antolatu dute BilbaoArten. Bere pelikularik ezagunena, Las hijas del fuego, hilaren 27an proiektatuko da Bilborocken. Carri zuzendariak Irantzu Varela kazetariarekin solastuko du.

Emanaldi bereziei dagokienez, martxoaren 1ean, Adrian Silvestre zuzendari valentziarrak bere azken filma aurkeztuko du, Sedimentos, FAS zineklubean. Martxoaren 4an, berriz, “saio lizuna” egingo da Noel Alejandro helduentzako zine zuzendariaren eskutik. Azkenik, Antony Hickling zuzendariaren azken filma emango dute, Down in Paris. Arte eszenikoetako hainbat pieza ere izango dira egitarauan. Pabellón 6ko konpainia gaztearen Rey desnudo y chico muerto eta VACAburra konpainia galiziarraren Metodoloxias carroñeras para corpos invertidos. 

Hausnarketarako eta eztabaidarako tartea ere izango da Bilgune saioaren bidez: Hector Acuña/Frau Diamanda ikus-entzunezko artistaren Eszena katalanak: errantzia antropologiko-sexualak liburuaren aurkezpena; identitate lesbikoei buruzko solasaldia Aldarte elkartearen eskutik; Trauma podcast-aren hirugarren denboraldia; eta Gure Hots dokumentalaren proiekzioa.

Zinegoak! aurre-jaialdian ere ez da ekintzarik faltako egunotan: Mapplethorpe, look at the pictures dokumentalaren proiekzioa Guggenheim Museoan; Nola esan/izan bollera euskaraz proiektuaren aurkezpena; eta Ez amour ezta toujours kontzertu-kabareta Maite Arroitajauregi Mursego, Aranzazu Calleja, Cris Lizarraga, Esther Lopez eta Actea Jiménez musikariekin, Irantzu Varelaren gidaritzapean.

Proiekzioak, hitzaldiak eta kontzertu berezia izango dira Zinegoak-en aurreko jaialdian

Gainera, ZG PRO topaketa profesionalak egingo dira eta sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko proiektuak aurkeztuko dira. Bestalde, hainbat zinemagilek masterclasseak eskainiko dizkiete ikus-entzunezko ikastetxeetako ikasleei, eta Europa Hegoaldeko LGTBI+ jaialdietako ordezkarien arteko topaketa egingo da.

Amaitzeko, Portugaleteko Udalarekin batera, ZineGogoak ekimena jarri dute abian, zinearen eta ikus-entzunezkoen bidez, herriko ikastetxeetan sexu-aniztasuna lantzeko asmoz. Saioak goizean egingo dira, Ballonti zinemetan, eta dinamizazioa eta solasaldia izango dituzte ondoren. Martxoaren 9tik 11ra izango da. 

Herriz herriko ibilaldia
Bilboko jaialdia amaitu ondoren, Filminen leiho digitala irekitzeaz gain, Zinegoak Euskal Herriko hainbat herritan zehar ibiliko da, ZG Hedapena programari esker. Programa horren bidez, sexu-aniztasunarekin lotutako ikus-entzunezko edukiak bultzatu nahi dira herri txikietan ere. Aurtengo edizioan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 47 herrik hartuko dute parte.