Nagore Amenabarro artistaren erakusketa ipini dute Zarauzko Photomuseumen
Photomuseum argazki eta zinema museoko aldi baterako erakusketa aretoan Nagore Amenabarroren Beste bizitzak erakusketa paratu dute apirilaren 10era bitarte. 75 margolan biltzen ditu erakusketak, paperean inprimatutako argitalpenetako irudien gainean eginak.
Liburuek, aldizkariek, katalogoek eta abarrek osatzen dute bere azken lanaren abiapuntua. Hone azaldu dute erakusketaren nondik norakoa: "Gure eguneroko bizitzan erraz eskura daitezkeen elementu horiek funtzionamendu onartua eta kontsumo azkarra izaten dute. Baina neutroa izatetik urrun, material ia gordin hori esanahiz beteta dago, eta esanahi horiek dira, hain zuzen ere, artistaren lan-prozesuan ekintzak bideratzen dituztenak. Proposamena berrinprimatze eta berridazpen-lan gisa garatzen da, keinu edo manipulazio baten bidez irudiaren izaeran eta interpretazioan desbideratze bat sor dadin, irudia aldatu eta jardun-kode bat sortzen den heinean. Gure esperientzia geruza askotan egituratuta dago. Batzuk nabariagoak dira, eta beste batzuk, berriz, askoz ere sotilagoak, gure ulermenari ihes egiten diotenak. Konplexutasun horrek eta zirkunstantzien araberako aldagarritasunak obra irekia indartzen dute. Metafora gisa, irudien gainean sortzen diren esku-hartzeek aniztasun hori nabarmendu nahi dute. Jatorrizko irudiak sortzen duen estimuluari erantzuna ematen dioten ekintzak dira, eta bibrazioa sortzen da oinarriaren eta artistak gertakari gisa egiten duen eragiketaren arteko bizikidetzaren ondorioz".

Nagore Amenabarrok (Amezketa, 1986) Arte Ederretako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Pariseko École Nationale Supérieure des Beaux-Arts-en Erasmus beka jaso zuen. Geroztik hainbat egonaldi artistikotan egon da, Austria, Turkia edo Hego Korean, besteak beste. Bertako zein nazioarteko erakusketetan parte hartu du; bakarkakoak, esaterako, honako hauek izan dira: Platina, San Telmo Museoa (Donostia, 2020); Gemelas, Juan Mauel Lumbreras galeria (Bilbo, 2018); eta Clástica, Arizko Dorretxea (Basauri, 2017). Taldeko hainbat erakusketatan ere erakutsi ditu bere lanak, hala nola Mexikon, Donostian, Bilbon, Baionan, eta Madrilen.


