Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia emakumeei eskainia

Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia emakumeei eskainia Bihar hasiko da jaialdia eta igandera bitarte 40 film inguru proiektatuko dituzte. Esther Garcia ekoizleak Ohorezko Meliton saria jasoko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroako-nazioarteko-zinema-jaialdia-emakumeei-eskainia/@@download/image/544-banner_Nigandik.jpg
2021/08/03

Testua: Maitane Legarreta  Etxezarreta
@mailegetx

Bihar hasiko da jaialdia eta igandera bitarte 40 film inguru proiektatuko dituzte. Esther Garcia ekoizleak Ohorezko Meliton saria jasoko du.
Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia emakumeei eskainia

NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdia egonkortzen eta indartzen ari da urtez urte, eta aurtengoan 30 bat herrialdetako 40 film inguru eskainiko dituzte. Ikus-entzunezko emanaldiak, masterclassak, tailerrak, liburuen aurkezpenak eta Lucía Herreroren La bata argazki erakusketa eskainiko ditu aurtengo programazioak. Horretaz gain, emakumezko zinemagileen lanari aitortza egiteko bi jardunaldi izango dira: alde batetik, CIMA Emakumezko Zinemagileen Elkartearekin prestatutako saioa, Zineman Parekotasuna eta Berdintasuna lortzeko Gutuna sinatzeko; eta bestetik, Esther Garcia ekoizleak jasoko duen Ohorezko Meliton saria eta doako masterclassa. Azken hau abuztuaren 7an, larunbata, egingo dute 11:00etatik 12:30era, Iruñeko Civivox Condestable aretoan, eta leku mugatuak izango direnez, aurrez eman behar da izena.

Gainera, bi sail berri izango ditu aurtengo jaialdiak: zinema ikasleen zortzi lan bilduko dituen Students Films atala, eta Espainiako Estatuan ekoitzitako laburrena. Bigarren sail honetan hamasei proiektu izango dira ikusgai, tartean, Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik, Erik Rodriguezen Larrua Jo, Iker Esteibarlandaren Before I Die eta Sergio Azkarateren ErroakSail Ofizialean, berriz, Iratxe Aranguren eta Luis Azanzaren Atrévete/Ausartu zaitez; Borja Lezaunen Islandia: El refugio Perfecto; Tafallako La Kolasa Gaztetxeak ekoitzitako Halakoa naiz; eta Toni Garcíaren D’Artacan y los tres mosqueperros, jaialdia zabalduko duen animaziozko proiektua, izango dira, beste hamazazpi lan luzerekin batera. Quarantine Films atalean itxialdian sortutako sei proposamen erakutsiko dituzte.

Epaimahaia ere ongi horniturik dago, 30 lagunek osatuko baitute epaia emateko taldea; tartean dira buru izango den Javier Tolentino kazetaria, Lola Mayo gidoilaria, Julia Juaniz muntatzailea, Esther Garcia ekoizlea, Pilar Castro eta Itziar Ituño aktoreak, eta Andrea Juarrieta eta Paul Urkijo zinemagileak. Urrezko Meliton saria 4.000 eurokoa izango da, eta film laburren gidoien topaketan 500 euro emango dizkiote testu onenari. Sari banaketa ekitaldia abuztuaren 7an egingo dute Iruñeko Katedraleko jantokian, eta sarrera doakoa izango da lekuak agortu arte.

Saioak Iruñeko bost egoitzatan gauzatuko dituzten arren, programazio osoa doan eta online izango da ikusgai FestHomeTV plataformaren eta jaialdiaren webgunearen bidez