Nafarroako Museoak liburu batean bildu ditu bertako hamar emakume ilustratzaileren lanak

Nafarroako Museoak liburu batean bildu ditu bertako hamar emakume ilustratzaileren lanak Egunerokotasuna dute ardatz ilustrazioek eta orainaren inguruko gogoeta propioa egitera gonbidatzen dute. Erakusketa eta bestelako jarduerak ere egingo dituzte udazkenean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nafarroako-museoak-liburu-batean-bildu-ditu-bertako-hamar-emakume-ilustratzaileren-lanak/@@download/image/albistea.jpg
2022/04/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Egunerokotasuna dute ardatz ilustrazioek eta orainaren inguruko gogoeta propioa egitera gonbidatzen dute. Erakusketa eta bestelako jarduerak ere egingo dituzte udazkenean.
Nafarroako Museoak liburu batean bildu ditu bertako hamar emakume ilustratzaileren lanak

Nafarroako Museoak liburu batean islatu ditu Aukeratzea bada oraina, piezaka eraikitzen dugu proiektuan landutako ilustrazioak. Ekimen horren baitan hamar ilustratzaile nafarri ehun obra eskatu eta erosi egin zituzten. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute liburua, eta Susana Romanosek bideratutako proiektua urrian borobilduko dute, lan horiek tarteko museoan egingo dute behin behineko erakusketarekin. Horrekin batera, argitalpenarekin lotutako jarduera osagarriak ere egingo dituzte ilustratzaileekin eta testuen egileekin.

Honako artista hauek parte hartu dute proiektuan: Myriam Cameros (Iruñea, 1978); Irati Fernandez Gabarain (Iruñea, 1981); Andrea Ganuza (Iruñea, 1988); Liebana Goñi (Iruñea, 1986); Cristina Jimenez (Iruñea, 1981); Aizpea Lasa (Iruñea, 1985); Iratxe Lopez de Muniain (Iruñea, 1985); Itziar Reparaz (Iruñea, 1990); Leire Urbeltz (Iruñea, 1985); eta Natalia Zaratiegui (Iruñea, 1981).

"Hamar artistak egunerokotasunetik abiatu ziren orainaren eraikuntzari buruzko gogoeta egiteko, gaur eta hemen. Parte hartzaileak eta publikoa egunerokotasunaren beren esperientzia estetikoa eraikitzera gonbidatzen ditu, eta, aldi berean, Nafarroako Museoaren memoria kulturalaren ideiari jarraikortasuna ematen dio", azaldu du museoak. 

Argi utzi nahi izan dute liburua ez dela katalogo bat, proiektu beregaina baizik, ez erakusketaren osagarria. Ilustrazioa liburua ez dela ere nabarmendu dute, "ilustrazioak ezinbestekoak direlako kasu honetan", eta ezta album ilustratua ere, "testua eta ilustrazioa aldi berean sortu ohi direlako, gutxi gorabehera, batzuetan pertsona berak, eta ez da hala izan proiektu honetan". 

Susana Romanos komisario eta editorearen hitzetan, "gaur egun ilustrazioak eboluzioa izan du eta arte aplikatua baino gehiago da, orain artetzat hartzen dugu".